Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Tranpa

2017ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Zuhurtziaren eta epelaren —hots, beldurraren— komenentzia azpimarratzen duen eskolan hezia naizen arren, desafioajo, eta daukadan lepo bakarra jokatuko dut honetan: egingo bagenu zientziaz mozorrotuta zentzu komuna ekoizteko —alegia, ideologia nagusia eratzeko— inkesta sinpatiko horietako bat, eta galdetuko bagenu zer esan eta zer eragiten digun zubia hitzak, hasteko eta behin gehiengoak irribarrez hartuko genukeela. Eta ondoren, elkarbizitza, aniztasuna, irekitasuna, elkartasuna eta tankerako hitz eta kontzeptuak zerrendatuko genituzkeela, zein baino zein zibikoago, zein baino zein dotoreago, xamurrago, onberago... Zubiaren gainean marraztuko genituzkeen metaforek, aldez edo moldez, Johnn Lennonen Imagine 68ko maiatztiar haren oihartzun nostalgikoak ekarriko lizkigukeela: herri, aberastasun, jabetza zein sinesmen gatazkarik gabeko mundua, senidetasun erabatekoa. Pailazo ostadartsuen bidez alaba eta seme txikienei kontatzen diegun ipuinezko mundua. Azken buruan, apustu egiten dut zubiaren gainean zubi azpikorik gabeko metaforak nagusituko liratekeela. Donostia 2016ren gidari eskuin zein ezkerrekoek bazekiten zerbait.

Behin ausart izaten hasita, daukadan lepo bakar hau berriro jokatuko dut: harresi hitza emango balitzaiguke balizko inkestan aurrekoen hitz eta kontzeptu antagonikoak etorriko litzaizkigukeela burmuin, bihotz, mingainetara: bazterketa, bakartzea, itxikeria, ghettoa, gatazka, gerra… Oso bestelakoa litzatekeela metaforen noranzkoa, eta apenas agertuko litzatekeela inorentzako onurarik adieraziko lukeenik. Azken buruan, sen oneko jendeok humanitatearen Pandora kutxatzat jotzen ditugun irudikapenen multzo handia isuriko genukeela.

Horrenbestez, munduaren bihotza hondoraino inarrosi du Donald Trump AEBetako presidente estreinatu berriaren erabakiak —edo, sikiera, mendebaldarrok mundutzat jotzen dugun partearena—: hau da, hauteskunde kanpainan promesa egin bezala AEBen eta Mexikoren artean migratzaileen kontra harresia eraikitzen hasteko ordena emateak. Harrigarriki, goi eta behe, ezker zein eskuin sumatu dut asaldadura, besteak beste, ohikotan Ceutan edo Melillan hesia gogortzearen alde uhinak sutsu astintzen dituen Espainiako irratierreakzionarioan. Edo hurbilago, ingurumari oso bat sentitu dut Trumpek esan nahi duen horren denaren kontrako Washingtongo Women March protesta handiarekin loriatuta, hainbesteraino, eze gurean haren erreplikarik antolatu ez dugunez Euskal Herriko feministoi egotzi diguten munduaren alde ezer egin gabe, zer suma egotea.

Baina kontua ez al da harresiak askoz lehenagotik eta askoz ere hurbilago ditugula? Eta ez naiz ari soilik Greziako edota Serbiako pasabideak harresi bihurtuta hotzaren bidez akabatzen ari garen migranteez —Ane Irazabal kazetariak egunotan oroitarazi bezala ez baitu hotzak hiltzen, hotzetik babesteko baliabideak galarazteak baizik—. Edota ez naiz ari soilik Mediterranoa harresi bilakatzearen ondorioz uretan lurperatu ditugun milaka lagunez. Ari naiz baita ere, hementxe, nire etxe ondoan, Bidasoaren gaineko zubi inguruetan polizia kontrolen bidez eratutako harresiez, zeintzuetan egun batean bai, hurrengoan ere bai, jendea bazterketara, pobreziara, gatazkara, bakartzera, ghettora kondenatzen duten azal kolore edo pasaporte auzi huts batengatik, guk ez ikusiarena egiten dugun bitartean. Eta ari naiz baita ere egunero-egunero migratzaileez irentsi eta jaurtitzen ditugun susmo eta aurreiritziez, argamasa horrekin zubi guztiak harresi bihurtzeraino.

Trumpen lepotik ez ote garen ari geure burua zuritzen. Trumpekin ez ote garen ari tranpa handi bat egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.