Amaia Espinosa.
ARKUPEAN

Atzera eta aurrera

2017ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Von Richthorfen goiz altxatu zen apirilaren 26an. 06:00etan. Informe bat gainbegiratu eta Gasteizeko abiazio-zelaira abiatu zen. Han Hans Joachim Wandel pilotua zain zegoen. Aurreko gaueko parranda gogorra izan zen eta lorik egin ezinik «praktikako hegaldia» egin nahi izan zuen; emozionaturik zegoen legendan sartzeko. Gainera, bere ustez, ez zegoen biharamunaren kontrako erremedio hoberik pilotatzea baino. Hansek ia 1.700 heriotz eraginez bukatu zuen eguna; erasoa arrakastatsua omen. Iluntzean, Gasteizko Frontoi hoteleko saloian, eta bezperan antzean beste soldadu alemaniarrekin batera, abesti, prostituta eta alkoholari ekiten jarraitu zien. Trink aus! aste honetan, asteazkenean hain zuzen ere, 80 urte beteko dira Gasteizen zegoen Condor Legio odoltsuak Gernika bonbardatu zuenetik. Egileen herrikideek, alemaniarren gobernu demokratikoek, gertatutakoaz mila aldiz ernegatu arren, beste mila barkamen eskatzeko adorea izan dute. Sarraskiaren arduradun izan zen Espainiako diktaduraren ondorengo gobernu demokratikoek, aldiz, harekin zerikusirik ez dutenez,ez dutela horren beharrik esaten dute. Aldi berean, baina, kolpista diktadoreak, Sanjurjo jenerala eta Utrera Molina ministroa, alegia, heroi-ohorez lurperatu eta agurtzen dituzte; besoak altuan, erregularrak firme eta Cara al sol kantatzen duten bitartean. Lotsagarrizko festetan Ministerioak eta gobernu ingurukoak nahasturik ibili arren, horrek faxismo eta jasandako urte beltzekin zerikusirik ez du, antza. Ezta memoriarekin ere, argi baitago memoriarik gorde beharrik ez duela berea hain presente daukanak.

Eta gure memorian, 1977ko udaberrian Miarritzen Monzonen bitartez, ETAk abertzaleak ziren erakunde eta alderdi politiko guztiak konbokatu zituenekoa. ETA biak, ordurako p.m.a zatiturik bazegoen ere, eta hamar alderdi politiko bertaratu ziren Txibertan. Alkateen mugimenduaren ordezkariak ere (142 herrialdetakoak) han zeuden. Helburua «Hego Euskadiren» asmo politikoak bultzatzea zen. Eta horretarako egindako proposamenari, «Euskadiren liberazioa» deitu zioten. Hango akten arabera, ibilbideak hiru etapa zituen. Lehena, abertzaleen arteko ekintza eta estrategia bateratzea; bigarrena, lau herrialdeentzako autonomia, eta hirugarrena, autonomia fronte baten sorkuntza. Lan horretarako, alderdi demokratiko, sindikatu eta kultur erakundeen ordezkari guztiak zeuden deituta. Ondorioz, Euskadiko behin-behineko parlamentua sortuko zen, erakunde demokratikoak lortu arte. Parlamentuak gobernu bat aukeratu eta Madrilekin baldintza beretan eztabaidatuko zuen herriaren etorkizuna. Baina usteak usteldu egin zitzaizkien. Bakoitzak bereari eutsi zion; batzuek akordioan esandako zenbaiti inposaketa itxura hartu zioten eta beste batzuk ez zeuden prest momentuan aurreikusten zen bideari ekiteko. Txibertako ametsak! Harrezkero berrogei urteko heriotzak, sufrimenduak eta joan-etorri zorabiagarriak. Eta orduko zailtasunak gaur, zoritxarrez zailagoak.

Gerrak, asmoak, ilusioak eta beldurrak; batzuk urrun eta beste batzuk kilometro gutxira. Bukatu da Frantzian lehen itzulia eta emaitzen sentsazio gazi-gezak orokorra dirudi. Egia da hango sistemari esker posible dela muturrekoak gobernura ez heltzea, baina hamabost egun dauzkagu inork ez dakiena jakiteko. Gertatutakoarekin, ikara antzeko bat sartu eta klasean esaten zigutena etorri zait burura; historiaren zikloena eta zelan denboran, era batera edo bestera, gauzak errepikatu egiten diren. Gertatutakoa gertatuta ere, dugun gizarte aurreratu, prestatu, aske eta eskarmentudunaren esku omen dago erantzukizuna eta erabakia. Ni, halere, Goethe poetak esandakoarekin bat nator: Nahikoa izango nuke, gizonek egia topatu ondoren, berriz ere bihurrituko ez balute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.