Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Urriko iraultza

2017ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Gertaera non, arreta han. Jazoerak ohiz kanpokoak direnean hedabideetan duten isla ere horren neurrikoa izan ohi da, normala den bezala. Komunikabide bakoitzak, jakina, bere ukitu propioa emango dio gertaerari. Ohiz kanpoko egoerak oso egokiak dira hedabide bakoitzak jomuga dituen beldurrak eta mamuak aztertzeko; baita bakoitzaren joerak eta bihotzak non kokatzen diren ikusteko ere.

Kataluniako auziak marka guztiak birrindu ditu joan den urrian. Urriko iraultzak Euskal Herriko zein munduko komunikabide guztietan aztarna itzela utzi du. Hainbat aldiz entzun dugu asteotan ondorengo hau taberna, eskola nahiz kalean: «Kataluniaz harago, ez dago besterik».

Susmoak badu oinarririk. Izan ere, El País kazetan, esaterako, hileko egun guztietan Katalunia albiste nagusia izan da, egunero (%100, topera beraz). Hona kazeta horretan urriaren 1ean kaleratutako lerro-burua: «Espainiar demokrazia bere desafiorik handienaren aurrean». Hilaren azkenekoa: «Puigdemont asilo bila Belgikan Justizia saihesteko». Esku artean duzun berripapera ere ez da oso urruti ibili (arreta aldetik), Katalunia agendako jaun eta jabe izan baita. BERRIA urrian 26 aldiz kaleratu da. 25 egunetan Katalunia presente egon da berripapereko azalean (egunen %96). Albiste nagusia 22 egunetan izan da (%84,6). Urriaren 1ean erreferenduma genuen gai nagusi: «U-1: herri bat, erabaki bat». Hilaren azkeneko azala: «Puigdemont, Bruselan babes bila».

Memoriak, agian, iskin egingo dit baina ez dut oroitzen —behintzat azken urteotan— horrenbeste arreta, hain modu jarraituan eta hainbesteko zama emozionalarekin bereganatu duen beste gertaerarik. Ez zait bururatu. Euskal gatazka beste makro-gertaera bat da, baina intentsitatez nabarmen apaldu da azkenaldian. Zergatik hainbeste? Zerk liluratu gaitu? Ezaugarri objektibo asko daude. Katalunian urrian lehertu den iraultza ez da joan den hilean sortua edo mamitua, aspalditik datorren mugimendu baten ondorioa baizik; gizalegezko matxinada baketsu eta hunkigarria. Gainera, egunero ez da estatu berri bat sortzen munduan. Ados. Baina agenda informatiboan horrenbeste protagonismo izateak, nahitaez, informatiboki albo kalteak izan ditu. Fokua hain egon da puntu baten inguruan iltzatuta ezen fokutik at geratu den oro argiantz pean igaro da. Bilatu egin behar zen topatu ahal izateko.

Esaterako, oso oharkabean joan zitzaigun urriaren 14an Somaliako hiriburu Muqdishon izandako atentatu lazgarria (kroniken arabera inoiz izandako handiena). Bertan 315 hildako eta 400 zauritu izan ziren. Eraikinen artetik gorpuzkiak ateratzen ari zen erizain baten hitzetan, Somaliako hiriburuan «izua ikaragarria» zen. Bestetik, ustelkeriarekin lotutako beste zenbait kontu ere fokutik at joan dira; Hiriko edota Gurtel auziak, kasu. Seguru asko, beste egoera batean arreta askoz handiagoa emango zitzaiokeen Bertsolari txapelketari. Orobat, beste egoera batean, Bizkaiko zahar etxeetako langileek lortutako garaipen historikoa lehen orriko gai nagusia izango zatekeen; izan ere, Ibai Maruri kazetariak deskribatu zuen bezala, azken bi urteetan emakume hauek bizi izandako «oinazeak, sufrikarioak eta loak hartu ezinik igarotako gauak» amaitu ziren urriaren 27an, hain justu ere Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen egun bertsuan. Patu dohakabea. Beste horrenbeste esan liteke Frantziako sektore publikoko beharginek bizi izandako hirugarren greba egunaz edota euskal presoen babes taldeetako kideentzat Fiskalak eskatutako eskariei buruzko (8-21 urte artekoak) albistearen oihartzunaz.

Fenomeno orokorra izan da, bai; komunikabide guztietan; konforme. Kataluniakoa emozioen erauntsi etengabea da. Barealdiaren aztarnarik sumatzen ez denez, agian ez litzaiguke gaizki etorriko fokuaren zooma zertxobait gehixeago zabaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.