Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Hiztegi konpartitua

2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Gatazka gizarte ororen baitako prozesu naturala da, eta funtsezko osagaia giza garapenean. Hain da ezinbestekoa ezen geure buruarekin izaten baititugu gatazka handienak, aurkari bila inora joan beharrik gabe. Arazoa ez da gatazka, berori konpontzeko modua baizik: ondo ebatzitako gatazkek hobekuntza dakarte nahitaez, baina gaizki kudeatutakoek haustura sakona eragin dezakete, aurkaria geure burua edo beste norbait izanik ere. Euskal Herrian, zehazki, gatazkak jatorrizko izendapena izan lezake, sagardoak edo txakolinak bezalaxe. Hain da tokikoa! Pentsa, bi alde baino gehiagoren artekoa izanagatik, tokiko gatazka nagusiari «euskal» kasua deitzen zaio.

Agian apartekotasun horrengatik erabaki zuten XXI. mendearen bukaeran Nazio Batuen Erakundeko dozena bat ordezkari bidaltzea Euskal Herrira. Tira, horrengatik eta ETA mende hasieran deseginagatik, oraindik gatazkaren aldeek elkarri hitz egin gabe jarraitzen zutelako. Inork gutxik daki NBEko misio berezi haren berri, baina itzultzaile eta terminologo haien bisita eta lanarengatik izan ez balitz, ziur nago oraindik alde batekoek segituko zutela bestekoen gaitzespen are handiagoa eskatzen, eta bestekoek mahaiaren ertzean eserita jarraituko zuten solaskideen zain.

Bai, euskal gatazkak itzultzaileak eta terminologoak behar zituen. Bilera bat baino gehiago bertan behera geratua zen mintzaideek ez zutelako euskaraz «coexistencia» eta «convivencia» bereizten jakin («bizikidetza» edo «elkarbizitza» lortu aurreko lehen urratsa «elkarrekin existitzea» baitzen), edo «victimario» esateko «gaizkile» erantzun generikoa erabiltzen zutelako, mundua ongiaren eta gaizkiaren edo garaileen eta garaituen artean banatzeko joera hauspotuz. Terminologoek ere buruhauste ugari izan zuten euskaldunen artean, hitzen esanahiek zentzua galdua baitzuten aro berrian. «Neutraltasuna» ez zen neutrala: isilik geratzen zenak alde bateko edo besteko lubakietan sartuta bukatzen zuen. Eta «egia» ezin zitekeen singularra izan; bazen egia bat, bai, errealitatean jazotakoari zegokiona, baina ia hura bezain garrantzitsuak ziren jazoera bera bizi izandakoek kontatutako egia guztiak.

Gogoan dut Kanboko adierazpenaren osteko lehen negoziazio bilera hartan gertatua ere: elkarrizketarako joko-arauak ezartzeko asmoz, alde bakoitzak baldintzaz betetako zerrenda bana aurkeztu zuen. Bitartekariak txandaka irakurri zituen. Lehenbiziko aldeak «gatazka» hitza tabu bihurtzea eskatu zuen, Espainian eta Frantzian urte haietan guztietan gertatua ez omen zegoelako zilegitasun izpirik izan zezakeen «gatazka» deitzerik. Beste aldeak gauza bera egitea eskatu zuen «terrorismo» hitzarekin, terminoak urte luzetako borroka desitxuratzen zuelakoan. Aleka-aleka, mahai gaineko hitz guztiak ezabatzen joan zen bitartekaria, eta halaxe eratu zen hurrengo hamarkadetako isiltasuna. Ezin zitekeen gaiaz hitz egin, hitz soil jakin baten erabilerak hizlariaren iritzia salatuko baitzuen. Ezintasun terminologiko haren ondorioz, kazetari eta aditu azkarrenek metafora pertsonalizatuak erabiltzen zituzten gaia jorratzeko (gogoan dut Donostiako kazetari onenetako batek «el contencioso» [auzia] deitzen ziola gatazkari berari), baina hitzok ez ziren gizartera zabaltzen.

Bakea bilatzen hasteko lehen urratsa aldeek partekatuko duten hiztegia aurkitzea da. Ez baditugu hitzak eta esanahiak konpartitzen, nekez konpartituko dugu espazio bera. Saia gaitezen ñabardurak adosten, eta ez berbarik mahaitik kanpo uzten, ezinegona, lotsa, beldurra edo damua gizakiaren barneko zenbait gatazkaren izenak baino ez baitira, eta ondo ebatzitakoek hobekuntza dakarte nahitaez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.