Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Hiru euskara

2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ez da bat eta ezta bi ere,/ hiru, ta hiru da hiru:/ hiru neke ta hiru lan karga/ bider hiru zenbat diru» eta «Hiru reloju, hiruna kate,/ hiru mailakin bakoitza,/ buruan hiru korona eta/ petxuan hiru orratza». Mende desberdinetan, lujanbiotarrek ahalegin berezia egin zuten hiruaren garrantzia azpimarratzeko, eta hirukoiztasun santuak eta ipuinetako hiruko tradizionalak alde batera utzita, argi dago hiruak itsaso beteko esangura duela Euskal Herriaren historian: hiru administrazio, hiru mariak, hirugiharra...

XXI. mendea bukatzear, gizaldi honetako lujanbiotarraren bertsoaren zain, Eusko Jaurlaritzak Euskara Gaitasun Agiriaren eredu berria aurkeztu zuen: aurrerantzean, ez bat, ezta bi ere, hiru EGA mota banatuko zituen erakundeak. Ez ziren maila desberdinetakoak izango: hirurek egiaztatuko zuten euskararen ezagutza, ez ordea, euskara berarena. Izan ere, mendearen hasieran iragartzen ziren datuak bete egin ziren, eta hamar euskal herritarretatik bederatzi euskaldunak ziren jadanik. Ez ziren, baina, euskara bereko hiztun. Estatistikek iradoki bezala, hamarretik hiruk etxean ikasi zuten euskara, eta nagusiki euskalkian bizi ziren; euskara jatorra zerabilten, eta une egokian erabiltzen zituzten euskarazko esamolde eta esaera zaharrak. Beste seiak, bestalde, eskolan euskaldundutakoak ziren eta tokiko aldaera jator baten adierazgarririk gabe zerabilten hizkuntza; komunikatzeko gai ziren, baina ez zuten etxeko hizkuntzarekin sentitzen zuten aberastasun eta erraztasun bera.

Esan bezala, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak hiru euskaren gaitasun agirien eredua aurkeztu zuen Euskararen Nazioarteko Egunean, 3a hori ere. «Cambridgek ingelesarekin egin bezalaxe, geuk ere hizkuntzaren kalitatearen araberako ziurtagiriak egiteko premia ikusi dugu» esanaz justifikatu zuen erabakia. Egia da ingelesak izan zirela aitzindari honetan ere: hainbeste milioi hiztun zituen hizkuntzak, eta hainbeste milioik eskuratzen zituzten Advanced eta Proficiency egiaztagiriak, non etxeko hizkuntza ingelesa zuten pertsonentzako agiri bereizi bat sortu zuten; hartara, lan merkaturatzerakoan, haien hizkuntza mailak balio erantsia zuen. Ingelesa akademia edo aplikazio bidez ikasitako langileei, aldiz, neurriak «balio erantzia» eragiten ziela iruditu zitzaien.

Eredu berriko EGA 1 agiriak Euskara Batuaren ezagutza egiaztatzen zuen: Euskaltzaindiaren arauen erabilera egokia ez ezik, testu zuzenak ahoz nahiz idatziz sortzeko gaitasuna neurtzeko balio zuen. Agiria eskuratzea ezinbestekoa izango zen Euskal Herriko zeinahi erakunde publikotan jendaurrean lan egiteko eta, dudarik gabe, berori izango zen euskaraz alfabetatutako euskaldunen gehiengoak lortuko zuena. Nolabait esanda, agiriak hiztunaren euskararen zuzentasuna bermatuko zuen. EGA 2 agiriak, bestalde, jatortasunari erreparatuko zion, eta hiztunak euskalkian aritzeko gaitasuna aitortuko zuen. Gero eta ohikoagoa zen ahozko hedabide eta oro har ikus-entzunezkoetarako euskalkidun esatariak eta aktoreak bilatzea. Joera hori euskalkirik ez zuen populazioaren frustraziobide izan ez zedin, agiri berriak argi utziko zuen euskalkia beste upel bateko sagardoa zela, agur mezuak bizkaieraz idazten zituzten futbolarien ekimena gaztelania hutsez agurtzen zirenen gainetik txalotuz, baina EGA 1erako koska nabarmenduz. Azkenik, bazen beste euskara bat, ez zena EITBko albistegietako hizkuntza normatibizatzailea, ez Aupa Etxebeste filmekoa bezain jatorra, baina populazioaren gehiengoak erabiltzen zuena. Aski zen Bilbo, Gasteizko edo Donostiako jolastoki batean esertzea euskara hura entzuteko: ez erabat zuzen, ez oso jator, baina hiztunek euren errealitatera erabiliaren erabiliaz egokitutakoa. Bada, EGA 3k euskara horren ezagutza sarituko zuen, argi gera zekion gizarteari euskararik txarrena dela egiten ez dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.