mikel elorza
ARKUPEAN

Koloreak eta geometria

2016ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Lurra esfera bat denez—poloetan zapal, bai—, figura geometrikoari dagozkion ezaugarriak dagozkio planetari ere: hau da, esferako puntu guztiak erdigunetik distantzia berera daude. Gure kasuan, urruti. Eta seguruenik horregatik ez ziren iritsiko eta ez genituen ikusi Hollande, Merkel, Rajoy eta gainerakoak, Je suis Splendide txapa paparrean, Uagadugun terrorismoaren aurka egindako manifestazioan. Manifestaziorik ere ez zela izan Hotel Splendideko sarraskiaren ondotik? Egia esan ez dakigu, geure hauteskunde-kanpaina eternalera bueltatuak gintuzten informazio iturginek, gure txorrotetara berriro ere ur garden eta aratza ekarriz. Aski odol badugu bestela ere. Ingeleseko ikastaroa ere berritu behar, gainera, minutu eta orrialdeak franko eskaini ahal izateko AEBetako hauteskundeen aurreko alderdi barruko aurre-hauteskunde eta sondeoei. Emozionantea izango da, eta ez bada ere izango digute, Barack Obamak aberatsek ere negar egiten dutela erakutsi berritan, beltz baten ondotik lehenengo emakumea sar baitaiteke Etxe Zuriko gela dotore horietara, aginduak hartu beharrean ematera. Hala balitz, negar egiten badu, ez gara harrituko, ez da mundu mailako albiste izango, gauza jakina baita emakumezkoek negar errazago eta gehiagotan egiten dutela (salbu eta CUPekoek, janzkera ez femenino batasunoa ibiltzen duten horiek, gehienak feminaziak, badakizue).

Ia dena ura —gero eta zikinagoa— izan arren Lurra deitzen diogun gure esfera irregular honetan erdigunea hainbat puntutatik gero eta urrutiago dago, Uagadugu Paristik baino askoz urrunago. Europan eta AEBetan bertan. Asko daukana gero eta urrunago dago gutxi daukanarengandik, edukitzari dagokionez bederen. Aste honetako albistea da, Oxfamek emandako datuak, baina baita duela 10 urtekoa, eta 50 urtekoa, eta 100 urtekoa eta… Gutxi batzuek, oso-oso gutxik, ia dena daukate. Eta gehienek, biztanleriaren zati handienak, oso gutxi. Beste denek adina daukate oso gutxi horiek, gero eta gehiago, eta besteek gero eta gutxiago. Eta larriena da, aurrekoa nahiko larria izanda, gutxi daukatenetako askok, gehiegik, gutxienekoa ere ez daukala. Hitz korapilo batean nabilela ematen du, baina bai zera: horiek dira benetako marra gorriak, miseria ez-miseriatik bereizten dutenak.

Urteak dira eskema errepikatu eta areagotu egiten dela, eta azken krisiak mahai gainean ezin nabarmenago utzi digu: ondasunen ez banaketa honi eusten diotenek eragin zuten krisia, lehen gaizki zeudenei hondoa joaraziz, eta krisiaren gainditzea diferentziak ez soilik mantenduz, ezpada areagotuz egin da. Eta estatuek, boz goran hori guztia deitoratzen dutenek agintarien ahotik, ez dute deus egiten hori zuzentzeko. Are, dagoena dagoen horretan segitzeko egiten dituzte egitekoak.

Eta kontrakoa egin daiteke, gezurra baita hori egite ezinezkoa dela dioen hori. Kostako da, kostako denez, gizartearen egiturak aldatzea, goitik beherako eraldaketa behar da egituretan ez ezik baita gure bizimoduetan ere, batez ere gure bizimoduetan, baina egin beharko da ondasunak egokiago ez ezik egoki banatzen dituen jendarte bat. Ororen gainetik, eskemarik sinpleena hor dagoelako: asko daukanari kendu gutxi daukanari emateko. Gutxienez, gutxienekoa ez daukanari emateko. Justizia soziala deitzen zaiola esango nuke. Beste batzuek terrorismoa deitzen diote.

Egin daiteke, baina, hitzetan ez bezala, nahi dugunik gure botoetan ez da maiz igartzen.

Gizarte justiziari ez diogu ekin. Baina tira, horren faltan, gizarte laguntza eratua dugu. Kristauak baikara, ezin dugu ekidin, eta limosnan oinarrituz egiten dugu politika ekonomikoa.

Alor horretan marrak ez dakit, baina gorriak bizi dituztenak asko dira. Eta politika gorri gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.