Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Ametsak

2015eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Eduardo Galeanoren olerki-lerro bat da: «Ametsak ilaran daude, bata bestearen atzetik, eta ameslarien bila ari dira». Ameslariak behar ditu ametsak, amestuak izateko. Niri ederra iruditzen zait irudi hori, baina nire adiskidearen iritziz, xaloa da, atsegina eta samurra, baina indarrik gabea. Nire adiskide horren ustez, gertakari handiek behar izaten duten sakontasun ideologiko eta oinarri teorikorik gabea da. Eztabaida luzea eta mamitsua izan dugu horren inguruan, biharko deialdia hizpidea hartuta. Hitz gutxitan esanda, nire adiskideari xaloa iruditu zaio «Gure Esku Dago», esanez milaka herritar deitzea; amablea, baina indarrik gabea. Alferrik azaldu diot nik biharkoa aspaldidanik ehundutako borondateen erakusgarri dela, egun bateko su-festatik oso urruti dagoena. Orain algara handia dagoela dio berak, baina San Joan sua bezalakoak izaten ei dira une txinpartatsu horiek: gau bateko ikuskizuna ederra izanik ere, hurrengo goizerako ke-zutabe mehea baino ez dute uzten, berehalakoan amatatu ohi dena.

Ezaguna dut haren jarduna. Orain dela hamazazpi urte eztabaida bertsua askotan entzun nuen, ñabardurak ñabardura. Beste zerbait sendoago, beste zerbait argiago eskatzeko aldarrikatzen zuten batzuek, euskararen aldeko mugimendu trinkotu berria hauspotuko zuena, gorpuztu eta indartu egingo zuena. Duela hamazazpi urte «Bai Euskarari» xalo batek elkartu gintuen: proposamen samurra inondik ere, ulertzen eta barneratzen erraza. Orduan ere, bost kokalekuetara biltzeko deia egin zitzaien aldarrikapen belatz hark nola edo hala ukitutako ameslariak. Eta bat egin zuten ameslariek, eta ametsa gorpuztu.

Nik bizi izandakoa gogoratzen dut, ezin bestela izan. Baina nago oso antzekoak izango zirela elkarrizketa horiek, zer dakit nik, lehen Korrika abian jartzea erabaki zutenen artean, edota euskarazko hezkuntzaren aldeko ekinaldiak trinkotzeko ahaleginari eutsi zioten zoro horien artean. Hamaika aldiz egin behar izan zaio aurre mesfidantza edo eszeptizismoari. Gogoratu, bestela, zer esaten zuen Nelson Mandelak, apartheid-aren kontrako bere matxinada herritarra erokeria dela esaten ziotenean: «Den-denak ezinezkoa dirudi egingarri egin arte».

Nire adiskidea ez da konbentzitzen erraza eta hori guztia azalduta ere, temati jarraitzen du. «Joan den urtean giza-kate erraldoia eginda ere, bide-bazterretan 150.000 lagun eskutik helduta jarrita ere, zer lortu da?», galdetzen du behin eta berriro. Burugogorra ez ezik, egonarri eskasekoa ere bada, antza. Amestea lortu da, ametsaren ondorengo goizean eginkizun izango denari traza hartzea, eta elkarrekin bidea egiten jarraitzeko konpromisoa: horixe lortu dela esaten diot nik. «Ez da asko», dio berak; «ez da gutxi», erantzuten diot nik.

Belaunaldi bakoitzak bere etorkizunarekiko hitzarmena adostu egin behar du, iraganetik datozen indarrak ezagutu eta aintzat hartuz bada ere, erabateko askatasunez jokatuta. Izan ere, nork erabaki dezake etorkizuna, gutariko bakoitza ez bada? Hori, behintzat, lortu egin da jadanik. Bihar milaka eta milaka herritar irtengo dira, eskubide bat aldarrikatzera baino gehiago, eskubide hori elkarri aitortzera. Ez dute esango «erabaki nahi dugu», ez dute «erabakitzeko baimena» eskatuko, ez. Elkartu egingo dira, elkartu egingo gara, elkarri gogoratzeko «gure esku» dagoela garenaren neurria ematea, nor garen, eta nola antolatu nahi dugun erabakitzea. Hori bezain sinple edo xaloa nahi baduzue. Nahi dugulako.

Aldea dago «bai euskarari» esatetik «gure esku dago» esatera, bistan denez. Ez, ordea, alde handiegia. Amets berbera dabilkigu aspaldidanik zelatan herri honetan. Amestu nazazu dioen amets temati bat, zeinak errealitate bihurtu egiten baitituen ezinezkoak ziruditen zorakeria horiek guztiak, baldintza egokietan behinik behin. Duela hamazazpi urte, abenduaren 26 hartako ondorengo egun baten irakurri nuen egunkari baten «jaialdi hippy» hura demodé geratzen ari zen herrigintzaren azken hatsa izango zela, agortzen ari zen ehungintza-eredua. Baliteke. Baliteke eredua agortuta egotea, biderik ez izatea jendea eskakizun xalo batekin elkartzeko.

Baliteke, bai, behin eta berriro birsortzeko gauza dela erakutsi duten amets horiek ez existitzea... ez bada amets egin duten ameslarien baitan.

Nik behin eta berriro entzuten dut amets horren ahotsa: «Amestu nazazu, on eginen dizu eta», esaten dit. Horregatik, #nierebanoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.