mikel elorza
ARKUPEAN

Irekiera eta itxierak

2015eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Urte berria urtarrilaren 1ean ospatzen dugun arren —ospatu, gehienbat, bezperan, adin batetik behera behintzat—, hasiera-ekitaldien garaia oraingo hau da. Ikasturtea hasten da, eta eskola eta unibertsitateetan izaten dira ekitaldiak. Aurten EHUn ereserkia aldatuta —jaunari andrea gehituz, inoiz Olentzerori Mari Domingi bezala, eta jainkoa kenduz—, eta makina bat kantu sinboliko eta ereserkiri erronka jarriz. Eztabaida polita jarri baitute mahai gainean, «tradizioa» mantentze eta moldatzearen inguruan. Eta «polita» diodanean halakoa behar duela iruditzen zaidalako diot, garraztasunik gabea, espanturik gabea. Garrantzi handia du gaiak, parekidetasunak eta laikotasunak inportanteak ez, ardatz izan behar dute gizarte politiketan. Baina kantu edo ereserkien moldatzeak, letrak aldatzeak eta antzekoak EHUkoa bezalakoa egin daitezke. Aparteko zalapartarik gabe.

Ez zarata eta liskarra maite ez dudalako, horrelakoetan zarata normalean alderdi matenzalera lerratzen delako baizik. Pasa berri den Hondarribikoa dugu adibidea. Normaltasunez duela 30 urte egin izan balitz, entzungo zen kontrako ahots eta madarikaziorik, izango zen momentuan haserrerik hainbat etxetan, baina pixkanaka (eta erakundeen bultzadaz, Maite Asensiok zuzen zioenez), seguruenik beste puntu batera iritsiak ginatekeen.

Epaitegietako urtearen irekiera ere egiten da, ospatzen dute. Unibertsitatean ere bai agian, baina epaitegietan, ireki ordez ea noiz ixten den galdetzen du batek baino gehiagok. Uda aurretik etenik ez dute izan eta datorren udazken-negurako agenda egina dago, kirol egutegia bailitzan, noiz joan beharko duten hainbat euskal herritarrek Madrilgo epai-geletara, epaitegietako gelak ez ezik espetxeetakoak ezagutzeko arrisku handiarekin. Eta noiznahi, aste honetan bertan, sortzen dira terrorismoaren goratze inputazioak, urte osoko perretxiko bihurtuta dagoena, zoritxarrez onddoena baino ugariagoa!!

Hilabete barru lau urte beteko dira ETAk behin betiko su-etena eman zuela, armak utzi zituela, eta ez da sinestekoa horren ondorioak epaitegi eta espetxeetan konpontzen ibiltzea. ETAk berak eta armak uztearen pausoa eman zutenek bazekiten eta barneratua zuten noski erabakia hartuagatik —are hartzeagatik ere— ordainaraziko zietela. Eta ez dira asko kopuruz, nahiz eta zenbait mediotan —hau barne— oihartzun handia izan, baina hala ere… Bada garaia irailean (eta urrian, azaroan...) auzitegietako longainak telebistaz edo prentsan ikustekoa, ez bertatik bertara. Handik kanpo konpondu beharreko gatazkari dagokionez, bederen. Edonork baitaki, jurista izan gabe ere, bizitzaren edozein alorretan gatazkak ez direla auzitegietan konpontzen.Akaso han amaituko dira, baina nekez konpondu.

Letra larriz idatzi izan dugun gatazka politikoarekin ez, baina gatazka erabat politiko batekin lotuta atzo bertan izan ditugu irudiak auzitegietatik. Kukutza gaztetxearen eraisketa dela-eta izandako istiluetan auzipetuetakoena. Gaztetxerik gabe geratu ziren, eta borren beroaz gain, salaketaren zama bizkarrean. Auzia erabat politikoa dela diot, gizarte-gaitzat jotzen dugulako, etxebizitzena edo azpiegiturena edo kulturaren alorrekoak bezala, baina zer da politika, hori dena ez bada?

Politika da, azken batean, Tabakaleraren irekiera, halako batean ireki den horretan azkenean zer arraio egin eta egongo den oso ongi ulertu ez badut ere, nahiz eta artikulu eta elkarrizketa zenbait irakurri. Politika ez al da ba, egun batzuk lehenago Kortxoenea itxi eta eraitsi nahi izatea? Kultur politika da, Politika da beraz, letra larriz. Gizarte-eredua baita. Batere eredugarria ez izanda ere.

Ereserkietako letrak baino askoz gehiago daukagu, oraindik, aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.