mikel elorza
ARKUPEAN

Bidezko merkataritza

2016ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Elkar hartuta ikusi ahal izan ditugu langileen eta ugazaben ordezkariak Bruselan, denak protestan batera, eta beraz, askori datorkigun galdera da, noren kontra? Erantzuna ere aise dator, gobernua ez dela jakinda: barbaroen kontra. Gizakiaren lanbiderik zaharrena, sexuarekin inolako zerikusirik ez duena, norberarenaren defentsa da (akaso ez da lanbide bat; lanbide zaharrena etxekoandrearena izango da, ez?). Lanbide ez dakit, baina jardun zaharra da gurearen defentsa, taldeka mugitzen garen unetik. Langileek euren taldea defenditzen dute —azken urteetan hau asko matizatu behar bada ere—, eta ugazabek haiena —honek matizazio gutxiago dauka—. Eta beraz, elkarrekin baldin badabiltza zerbaiten defentsan, biok barne dituen taldera jo behar. Gure altzairugintzaren defentsa izan da protesta multiklasistaren arrazoia: eskaera Administrazioari egin diote, baina eskatu diote neurriak har ditzan Txinaren aurka. Alegia, gurehorretatik kanpo dagoen lehiakidea dela protestaren itua: txinatarrak.

Dumping egiten ari omen dira, altzairua kostu-prezioaren azpitik saltzen, eta beraz hemengo altzairu ekoizpena izorratzen. Denda handiek-eta beti egin izan dutena da dumping delakoa, hala txikitu dituzte denda txikiak —hala eta kontsumo ohiturak aldaraziz, baina hori beste upel bateko petrolioa da—; gure supermerkatuen ohiko jarduna izan da hori, edo prezioak adostearena (galde catering alorrekoei!). Baina oso desatsegina da zuri egiten dizutenean. Txinak egiten duenean.

Talaia honetatik, beti bezala, azpildura bati erreparatu diogu: Gert van Poelvoord-ek esan du ez direla Europako altzairugileak, lehiaren beldur, «baina bidezko merkataritza behar dugu». Eta niri goizeko kafeak eta lehen zigarroak eragindakoak baino uzkurdura handiago batek erasan dit urdaila: bidezko merkataritza!? Hori eskatzen du ArcelorMittal enpresako ejekutibo batek, munduko altzairugintza alorreko enpresa handieneko bozeramaile batek, mundu osoan altzairua egin eta saltzen duenak, enpresak handik hona nahieran ibiltzen dituenak, altzairu produkzioan tradizioezin zaharragoa duen Luxenburgon egoitza duen multinazionalak.

Zer uste zenuten, Ekuadorko kooperatiba ekologiko batetik ekarritako kakaoa saltzea zela bidezko merkataritza?

Txinatarrak terrorista ekonomiko izendatzea baino ez zaigu falta.

Izan ere, esaera zaharra eguneratu eta XXI.ean bertsioa da: erradazu nor duzun terrorista, eta erranen dizut nor zaren. Azken egunotan hainbat eremutan ezagutu dugu: terrorista handienen pole position-ean Estatu Islamikokoak daude, eta hortaz Europak, eta AEBek eta NATOk Kobaniko kurduei laguntza eta sustengua eman izan diete (sustengua laguntza baino gehiago, ahozkoa esan nahi dut, baina tira). Dena den, kurduak halaber turkiarren terroristak dira, eta haien aurka aste honetan bertan gogor egin dute Sirian (Turkiako estatuaren mugen barruan ez diote gogor egiteari sekula utzi). Saudi Arabiak ere zerbait esan du salafisten aurka egiteaz, baina hark xiiak ditu terrorista —Yemenen gaur bai eta bihar ere bai erakusten duena, Europak eta AEBek saldutako armekin (eta altzairuarekin?)—. Munduko multinazionalek orain Txina dute terrorista (ekonomiko), baina hain zuzen hango edo Indiako edo orain Nigeriako eta abarreko kostu baxuak baliatuz egin izan dira lehen zirena baino mutinazionalago, baina jakina, garai hartan terroristak Mendebaldeko legeria orduan ez nahikoa liberalizatzailea eta sindikatuen eskakizunak ziren...

Zer ez da posible izango, baina, txotxongiloak terrorista diren parajeotan.

Txotxongiloak terrorista, eta gu guztiok txotxongilo galantak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.