Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Euskal iritzi publikoaren osaketaz

2017ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Marka politikoa ez da bat-batean sortzen. Denbora, dirua, masa kritikoa, ideia sendoak, proiektu ilusionagarriak, buruzagi argiak... behar dira; baita babes mediatikoa ere, jakina.

Gizartea, egun, gero eta konplexuagoa da. Hainbat fenomeno interpretatzeko eta ulertzeko gakoak falta zaizkigu. Aldaketa sozialak abiada bizian suertatzen dira. Mundua gero eta heterogeneoagoa da. Aldakortasun horren kiribilean iritzi publikoaren osaketa bera ere agertzen da. Garai batean nahiko prozesu lineala zen. Egun, norabide anitzeko fenomenoa da. Komunikabideek, oraindik ere, ardatz funtzioa betetzen jarraitzen dute, jakina, baina mundu hori erabat aldatu da azken hogei urteotan. Eztabaida politikoak prime-timen emititzen dira orain. Eta hori, berez, positiboa da. Kontua da eztabaida horietan zein proportziotan agertzen diren burua edota bihotza. Emozioetara jotzen da gero eta gehiago; ez argudio sakonetara. Aurrez sortutako esaldiek bereganatzen dute arreta. Bideopolitika, bideodemokrazia esan zaio. Bideopolitikak, ezinbestean, sinplifikatzera jotzen du: «Ados zaude bai ala ez?, hau zuria ala beltza da?».

Bideodemokraziaren ilusio horretan inkestek funtzio nabarmena osatzen dute. Badirudi hil ala biziko kontua dela momentu orotan jakitea jendeak zer pentsatzen duen fenomeno honetaz edo gertaera horretaz. Inkestak nonahi, noranahi eta zernahi. Inkesta horien sinesgarritasun edo fitxa teknikoa, sarritan oso kuestionagarria da, baina komunikabideek lerro-buruetara eramaten dituzte, albistearen frame edo «markoa» osatzen dute. Demos berria ikus-entzuleek, kontsumitzaileek osatzen dute; ez herri subiranoak. Ikara sortzen du.

Etxean ere horren adierazle garbiak ditugu. Gure irrati eta telebista publikoak aldiro bonbardatzen gaitu EITB focus-ekin. Zenbat diru uzten da horretan? Zertarako? Neurketa batetik bestera EAJk hiru hamarren gora egin duela, EH Bilduk beste bi behera edota PPk hamarren bat gora jakiteko? Merezi du? Hurrengo hauteskundeetarako hogei hilabete falta dira, baina badirudi horren atarian gaudela. Ez naiz inkesta horien fidagarritasuna eztabaidatzen ari (izan ere, azken hauteskundeetan bete-betean asmatu baitzuten), ezta inkesta horiek burutzen dituen enpresak duen profil jeltzale ezagunarekin ere. Ez da hori. Kontua da nola osatzen ari den euskal iritzi publikoa eta ea zilegi ote den guztion dirua horretan inbertitzea.

Are kritikagarriagoa da inkesta horien emaitzak sarritan nolatan ematen diren. Adibidez, zundaketa horren zazpigarren neurketatik ateratakoa da ideia nagusi hau: «Euskal herritarrek Kataluniako procès-arekin enpatizatzen dute, baina aldebikotasuna hobesten dute» (Diario de Noticias de Alava urriaren 10ean agertutakoa). Nola liteke gauza biak batera hobestea? Galderak egiteko eran dago gakoa; hots, «esadazu zein lerro-buru nahi duzun eta behar den galdera egingo dut». Adibide xumea baino ez da. Urkulluren gobernuaren neurrira egindako galdetegiak, Urkulluk nahi dituen erantzunak entzun ditzan. Zilegi? Niri zailegi egiten zait.

Aristotelesi hainbat esaldi ezagun egotzi dizkiote. Mamitsuenetako bat hau da: Hobe da sinesgarri dirudien ezinezkoari eustea, posible baina konbentzigarri ez den horri atxikitzea baino. Agian Katalunian gertatzen ari den matxinada sortzaile hori klabe aristotelikoetan interpretatu behar da. Benetan uste al du Urkulluren gobernuak aldebikotasuna posible dela Rajoyren gobernuarekin? Orain? Konbentzigarria al da edo horrela sinetsarazi nahi digute?

Herritarren nahiak ezagutzeko inkestak beharrezkoak dira, zalantzarik gabe. Saturazio informatiboak eta erredundantziak, ordea, ez gaituzte libreago egiten, are gutxiago adarjotze hutsa badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.