Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Orduko hartan...?

2018ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Hura ere, gaur bezala, otsailaren 24an gertatu zen, baina 1981ean. Orduko hartan, ofizialki amaitutzat eman zen Antonio Tejero Molinak, ehunka guardia zibilez lagunduta, Espainian burutu zuen estatu kolpe ahalegina. Espainiar herri subiranotasunaren tenplua omen dena, Kongresua, 20 orduz bahituta egon zen, armen mehatxupean. Tejerori matxinada militarra egotzi eta, hargatik, 30 urteko kartzela zigorra ezarri zitzaion. Egun, delitu bera egozten zaie Kataluniako hainbat politikariri; kasu honetan, Kataluniako herri-subiranotasunaren agindua betetzen saiatzeagatik.

Orduko hartan, otsaila oso berezia izan zen. 37 urte igaro badira ere, memorian iltzatuta geratu diren gertaerak suertatu ziren. Orduko izerdi hotza oraindik gogoan. Otsailaren 6an ETAk Jose Maria Ryan Lemoizko zentral nuklearreko ingeniaria hil zuen. Astebete geroago Joxe Arregi, Zizurkilgo herritarra, Carabanchelgo kartzelan hil zen, aurreko hamar egunetan jasandako torturen ondorioz. Otsailaren 23an, aipatutako estatu kolpea. 17 egunean denetik izan genuen: dolua, amorrua, intriga, konspirazioa, beldurra eta oraindik ere argitzeke dauden hainbat estatu-sekretu.

Orduko hartan, 1981eko estatu kolpearen ondoren, Espainiako estatuan inboluzio politiko nabarmena zabaldu zen. Marcos Vizcaya EAJko diputatuak Gernikako estatutuaren gainean zeuden mehatxuak salatu zituen El País egunkarian (1981/07/18): «Orain, sasiko interpretazio edota bateratze-asmoen aitzakiapean [Gernikako estatutua] desitxuratu nahi izatea, erokeria politikoa izateaz gain, erabat tranpatia da». Musika ezaguna egiten zaizue akaso?

Orduko hartan bezala, gaur egun ere, inboluzio politikoa hizpide dugu. Albistegiak ikustea besterik ez dago. 37 urte hauetan gauza asko gertatu dira. Esaterako, bere ideologia kolpistari inoiz uko egin ez zion Antonio Tejero Molinak 12 urte geroago (1993an) kartzela utzi zuen, zigorraren %40 beteta. Duela hilabete pasatxo (urtarrilaren 5ean) 18/98 auziko azken preso Joxean Etxeberriak barroteen itzala atzean utzi zuen, bertan hamar urte igaro eta gero, zigorraren %100 beteta, alegia. Adibide xumea baino ez da, Espainiako sistema politiko/judizialak darabitzan bi neurri-modu desberdinen lekuko.

Orduko hartan ere Antonio Gramsciren aipu famatua erabiltzen zen egoera deskribatzeko: «Mundu zaharra hiltzen ari da, baina berriari kosta egiten zaio agertzea. Eta ilun-argi horretan munstroak sortzen dira». Munstro zaharberrituak ditugu, forma eta ertz desberdinekin, baina munstroak azken batean: frankismoa, intolerantzia, berdintasun eza, indarkeria matxista, zentsura, euskararen aurkako erasoak... Baina egiari zor, ordutik hona zapore arras desberdinak dituzten fenomeno/gertaera ugari jazo dira. Esaterako, ETAren desagertze-fasea (preso politikoak ez, baina), politikan eragiteko eta egiteko moduak, militantzia ulertzeko era berriak, feminismoaren eta, oro har, emakumeen ahalduntze prozesua eta, nola ez Nafarroan gauzatu den aldaketa politikoa, baita Iparraldean suertatu diren mugimenduak ere.

Orduko hartan, orain bezala, EAJ zen agintean EAEn (Garaikoetxea lehendakari). ETA indarrean eta indartsu zen. Orain ez. Orduan jeltzaleek eta ezker abertzaleak estrategia desberdinak zituzten. Ia lau hamarkada igaro dira, nork bere ondorioak ateratzeko aski denbora. 2018. urte hau berezia izango da, egungo estatus juridikoa ezbaian jar dezaketen hainbat ekimen gauzatuko baitira. Balia ditzagun.

Izan ere, «orduko hartan» ad eternum iltzatuta jarraitzeak nostalgikoak soilik hunkitzen ditu. 2018an gaude; inertzia zaharrak alde batera uzteko momentua, munstro zaharberrituei batera aurre egiteko unea. Aurrean dugun eta datorkigun erasoa hain da basati eta makurra, ezen orain arte bezala jarraitzea barkaezina litzateke. Datozen belaunaldikoek ez lukete ulertuko. Orduko hartan ez gaude; oraingo honetan baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.