Inaki Galdos
ARKUPEAN

Maiatzaren 1eko beste hura

2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Langileen Nazioarteko Eguna da gaurkoa, urtero legez gurean ere oihartzun zabala izango duena. Baina euskaldun batzuon memorian beste gauza bategatik ere bada egun seinalatua maiatzaren batekoa: ETAko hamar militantek Xabier Zumalde El Cabra buru zutelarik Garai herria ordu batzuez okupatu zutenekoa. 1966an gertatu zen, igandez.

Historia nahiko ezaguna da. Aurreko urteko irailean Bergarako lapurretak huts egin zuenetik —Jose Felix Azurmendik ederki kontatutako ekintza, portzierto—, ETAko buru militarra zen Zumalde eta bere taldea erakundetik isolatuta geratu ziren neurri batean eta, Jose Luis Zalbide atxilotu berriaren faltan, gero eta autonomia handiagoa hartzen hasi ziren. Adibidez, Zumalderi ez zitzaion gustatu urte horretako apirilaren 18ko Aberri Egunerako ETAk Irun-Hendaiarako egin zuen deialdia eta gauza bertsua esan daiteke erakundeak maiatzaren baterako pentsatu zuenarekiko. Agindu zioten bezala Erandion ekintzaren bat egitea baino, nahiago izan zuen Garaikoa burutu.

Zumaldek egindako gauza askorekin gertatu den bezala, bere ekintza hau gutxiesteko eta barregarri uzteko saiakera bat ere egon da gure artean, baina Jon Idigorasek bere El hijo de Juanita Gerrikabeitia (Txalaparta, 2000) liburuan esandakoari jaramon egiten badiogu, Los Cabras taldearen ospea asko handitu zen ekintza honen ondoren. Bihar arkupe honetan bisitari izango dugun Xabier Mendigurenek ere antzezlan bat eskaini zion okupazio hari, Garai(a) da Euskadi izenburupean, 1993ko Donostia Hiria saria jaso zuena.

Maiatzaren 1eko hartatik, ez zen denbora asko pasatu taldea ofizialki ETAren talde autonomo bilakatu zen arte, «probisionalki eta segurtasun arrazoiak» zirela medio, orduko agiri batean irakur daitekeenez. 1968ko bukaera arte jardun zuten, batez ere Deba Ibarrean eta Durangaldea-Amorebieta inguruan. Taldekide batzuen kartzela eta beste batzuen ihesak etorri ziren gero. Ondoren, hainbat partaideren dimisioak, autokritikak, eta taldekide ohi batzuen militantzia (eta buruzagitza) berriak ETAren adar ezberdinetan. Zumalderekin jarraitu zutenen eta militante berrien artean garai berri bat ere izan zuten ahuntzek, hala deitzen baitzieten erdarazko izenarekin oso gustura ez zeuden hainbat herritarrek. Eta garai berri honetan, ETArekin hainbat kolaborazioz gain, zenbait ekintza harrigarri ere bai, 1974an Idahotik Oñatira ikasturte bat egitera etorri zen euskal-amerikar gazteen lehen taldeari jarritako bonbak kasu.

Egun hauetan ETAren desagerpenaren inguruan gertatuko denaren zain, Kanbokoak emango duena ikusteko irrikan, asko dira erakundearen historiaren inguruan irakurtzen ari garenak, adituen iritziak eta protagonisten lekukotzak, besteak beste. Apirilaren 20ko agirian ETAk kakotxen artean zioen bezala, «errelatoaren bataila» dago abian aspalditxotik. Baina bataila nagusia, garrantzitsua, zein den onartuta, horren bueltan beste batailatxo asko ere jokoan dagoela gehituko nuke, tartean Los Cabras taldearen historiarena.

Iruditzen zait gerora beste kontu batzuetan Xabier Zumaldek hartu duen protagonismoak izugarri baldintzatu duela orduko bere eta bere taldeen inguruko azterketa. Gehituko nuke orduko zenbait kide ez dudala eroso sumatzen euren partaidetzaz hitz egiten; are gehiago, sarri ezkutatu egiten dutela talde haietako kide izana. Zumaldek berak idatzitako liburuen tonuak ere ez dio mesede handirik egiten historiaren ezagutza zehatz baten ibilbidean. Badaude gauza idatziak, badago dokumentazio pixka bat eta lekukotzak ere bai jasoak, lagungarri izan daitezkeenak horretarako. Garrantzirik gabeko txikikeria irudituko zaio jende askori hau guztia, baina ez guztioi. Ixtear dagoen hamarkada luzeko historia honetan, euskaldun askok sentitu zuen garai batean talde honekiko miresmena, bere mistika gerrilleroarekiko erakarpena. Ez bere buruzagi nagusiak irudikatu nahi izan duen bezain handia, baina ezta gutxietsi eta ezkutatzeko modukoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.