Bizi guztiko espetxealdiak Turkiako estatu-kolpe saioko auzipetuentzat

475 akusatuetatik soilik 70 jo dituzte errugabetzat. 100.000 lagun baino gehiago atxilotu dituzte, estatu-kolpe saioarekin zerikusia dutelakoan

Turkiako Polizia, atzo, Ankarako Sincan espetxeko auzitegi irteera zaintzen. STR / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Turkiako Errepublika jaio zenetik bost estatu kolpe eman dituzte herrialde hartan, baina bakarrak egin zuen huts, 2016koak, eta garesti ordaindu dute erantzuleek. Kolpearekin zerikusia izateaz akusatutako 475 auzipetuetatik soilik 70 jo zituen errugabetzat auzitegiak. Atzo emandako epaian zigorrik gogorrenak jaso zituztenen artean daude armadako 25 pilotu, zeintzuek duela lau urteko uztailaren 15ean Akinciko base militarretik abiatu ziren gerra hegazkinekin. Horietako 11k hiriburua bonbardatu zuten, eta erasoaldian 68 lagun hil zituzten; horiez gain beste bederatzi pertsona hil ziren beste hainbat borrokatan. Ondorioz, pilotuek 79 bizi guztiko espetxe zigor jaso dituzte, bat hildako bakoitzarengatik, beste bat «ordena konstituzionala» erorarazten saiatzeagatik eta azkena Recep Tayyip Erdogan presidentea hiltzen ahalegintzeagatik.

Zigor gorena ezarri diete akusatuen aulkian eseritako lau zibilei ere. Ankarak estatu kolpearen sustatzailetzat jo duen Fethullah Gulen imamaren goi ordezkaritzat jotzen ditu laurak epaiak. Gulen bera AEBetan bizi da 1999. urtetik, eta, Turkiak hura estraditatzeko eskatu duen arren, oraingoz, Washingtonek atzera bota ditu haren eskariak. Teologoak berak estatu-kolpe saioan parte hartu izana ukatu duen arren, haren izena ere akusatutakoen zerrendan dago. Baina erbestean denez, atzoko epaitik at utzi zuten ihesean diren beste bost akusaturekin batera.

Milaka atxilotu

Orotara, 337 akusatu zigortu dituzte bizi guztiko espetxealdira. Beste 19 militarrek hamabi eta hamasei urte arteko kartzela zigorrak jaso dituzte, «ordena konstituzionala erorarazteko ahaleginean laguntzea» egotzita, eta 41ek sei eta bederatzi urte arteko kartzela zigorrak jaso dituzte, «talde terrorista bateko kide» izateaz akusatuta. Azken horiei Gulen imamaren erakundeko kide izatea egotzi diete, zeina «erakunde terroristatzat» jotzen duen Turkiak.

Bestalde, estatu kolpeak huts egin zuen arren, haren ondoren milaka lagun atxilotu zituen Ankarak. Orotara, 130.000 langile kanporatu zituen administraziotik eta hezkuntza sektoretik, eta 100.000 pertsonatik gora atxilotu imamarekin lotura zutelakoan. Horietatik ia erdiak zibilak ziren, eta behin-behineko atxiloaldia ezarri zieten hasieran. Iaz, ordea, iturri ofizialen arabera, artean ere 28.000 inguru zeuden preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.