Zenbakiak, irina baino zuriago

Baskoniak gaur ekingo dio ACB ligako finalerdiari Real Madrilen etxean (22:00). Ez da faboritoa

Baldwin jaurtitzen, eta Caseur galarazi nahian, urtarrilean, Euroligan. EMILIO NARANJO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun

Bitci Baskoniak astelehen gauean kanporatu zuen Valentzia ACB ligako final-laurdenetako hirugarren partidan, eta gaur, dagoeneko, kantxara aterako da. Real Madrilen etxean izango da, finalerdietako aurreneko partidan (22:00, Movistar). Hiru norgehiagoka irabazten dituen lehena finalera doa.

 

Hasi aurretik, beti izaten da jolasa, bietako zein izan faborito. Real Madril ageri da aurretik. Denboraldi honetako estatistikak eskuan hartzea nahikoa da horretaz jabetzeko. Zuri kolorea dute orain arte bi taldeek zizelkatutako datuek, behintzat. Besteak beste, bien arteko partidek: ACBn eta Euroligan, lau bider jarri dira parez pare, eta behin bakarrik irabazi dio Baskoniak.

JOKALARI KOPURUA
Lasok baliabide gehiago

Real Madrilen jokalari zerrendari begira jartzea nahikoa da konturatzeko Baskoniarena baino luzeagoa dela. Diruaren keriak. Nahi beste eta nahieran xahutzeko aukera dauka Espainiako taldeak, eta kanporaketa honetan agerian geratuko da hau: Pablo Lasok askoz aukera gehiago eta hobeak izango ditu Neven Spahijak baino partidari unean-unean komeni zaiona emateko. Adibidez, erritmo bizian jokatzeko pagotxa da hori, edota partida gogortzeko.

Entrenatzaile kroaziarra bera ari da, gainera, dituenak baino baliabide gutxiago erabiltzen. Harrobiko hiru gazteak —Tadas Sedekerskis, Sander Raieste eta Arturs Kurucs— ia ez dira jokatzen ari azkenaldi luzean.

Baskoniak astelehen ia gauerdian bukatu zuen final-laurdena; Real Madrilek, berriz, larunbatean bota zuen Kanaria Handia. Atsedenerako denbora gehiago izan dute espainiarrek, eta baliabide oparotasunari gehitu behar zaio hori ere. Beraz, taldea handiagoa dauka, eta gainera, atseden nahiko hartuta datoz.

BARRUKO JOKOA
Tavaresen erresuma

Honetan ere Real Madril Baskoniaren aurretik abiatuko da finalerdietan. Batez ere, jokalari batengatik: Eddy Tavares. Edozein eraso baldintzatzeko eta trabatzeko garaiera du (2.21 metro), eta horrek balio dio aurkariaren pibotak geratzeko ez ezik, esparru barruan agertzen diren jokalari txikiagoak elefanteak euliak uxatzen dituen bezala bidaltzeko. Lasorentzat ez da erraldoi bakarra, gainera. Hor dauka ere Vincent Poirier Baskoniako jokalari ohia. Ari da maila berreskuratzen.

Bestela ere urri eta flako dabil Baskoniaren piboten hirukoa, eta edozein aurkariren aurka ikusi dituzte gorriak sasoi honetan Matt Costellok eta Steven Enochek. Ez da denbora asko pasatu Yannick Wetzell gehitu diotenetik klubetik, eta jokalari bat gehiago da, ezbairik gabe. Horrek berak bakarrik defentsa gogortzeko aukera ematen du, baina badu beste arazo handi bat Baskoniak: pibotak ez dira defendatzaile gogorrak, ez behintzat Enoch eta Costello. Asmatzen badu Real Madrilek aurkariaren gabezia hori zigortzen, gorriak ikusi behar ditu Spahijaren taldeak.

Aldeak alde, erreboteen estatistikak ez du horrenbesteko ezberdintasunik erakusten. Izan ere, Real Madrilek 37,9 batzen ditu partidako, eta ACB ligako talde onena da. Baskoniak 35,6 harrapatzen ditu. Jakinekoa da erreboteena ez dela bakarrik jokalari garaien lana, eta Baskoniaren kanpoko jokalari batzuek badute dohain fisikoa pibotei laguntzeko. Baita Real Madrilekoek ere. Beti esan izan dena daukate biek: erreboteen lana talde osoarena da.

KANPOKO JOKOA
Hirukoen akelarrea

Gaur egungo saskibaloian sekulako garrantzia daukate hiruko jaurtiketek. Bota eta bota aritzen dira talde batzuk, erasoa horretan oinarrituz. Bi taldeak dira asko jaurti zaleak. Egun ona izanez gero, bale; bestela, kale. Zenbaki dantzan, antzera dabiltza: 10,2 sartzen ditu partidako Spahijaren taldeak, eta 9,8 Lasorenak.

DEFENTSA-ERASOA OREKA
Real Madril, hobea

Real Madril Baskonia baino hobeto moldatzen ari da erasoan eta defentsan. Batezbestekoek horrela diote behintzat: Lasorenek 36 partida jokatu dituzte, Spahijarenek baino bat gutxiago, eta hala ere, 83, 8 puntu sartu ditu partidako; Baskoniak, berriz, 81,5. Euskal Herriko taldeak 78,43 puntu jaso ditu, eta Espainiakoak, berriz, 75,83.

JOKOAREN KONTROLA
Korapilo asko

Oso kontuan hartzeko datua izaten da zenbat baloi galtzen diren, eta Baskoniak 13,2 utzi dizkio aurkariari; Real Madrilek gutxiago: 11,8. Kontrarioari kentzen, aldiz, hobeto dabil Baskonia: 6,7ko datua dauka, eta 6,4koa Real Madrilek. Asistentziena ere kontuan hartzekoa da. Hobeto ari da Baskonia: 16,7ko batezbestekoa du; Real Madrilek, 16, 1ekoa. Jokoaren kontrolean, Wade Baldwinek hobera egin du. Lasaiago ari da lehengo aldean. Baldarxeago dabil Real Madril. Thomas Heurtel baztertuta daukate, eta Carlos Alocen eta Nigel Williams-Goss min hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.