Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Ez dira geureak

2015eko urriaren 31
00:00
Entzun
Herria handituz joan den neurrian, bertako azpiegiturak egokituz joan dira, apurka-apurka bada ere. Parkeak, kirol-guneak... herri baten osasun-egoera adierazten duten eraikuntza eta zerbitzuak dira. Kanposantuak, ordea, bere horretan dirau aspaldiko urteetan; herriko sarrerako muinean kokatuta dago, eta lehen bezain txikia da. Mendian gora doazen oinezkoek ez dute bertarako bidea hautatzen, ezta inguruko belar-soroetan behiak larratzen dituzten baserritarrek ere. Herriko sarreran dirau, baina herriak bizkar emanda. Asteburu honetan joan-etorriak sarriagoak dira, baina ez da horrelakorik gertatzen urteko gainerako egunetan.

Nork bereak izaten ditu, bere hildako propioak. Besteenak ezagutu egiten ditugu, baina ez digute minik eragiten; gehienez ere, azkuratxoren bat edo beste, deserosotasun punturen bat, berehala pasa egiten dena. Nahiz eta ongi dakigun Heriok berdin hartuko gaituela gu guztiok, guk hagitz modu desberdinez hartzen ditugu hildakoak. Konparazio baterako, ez dira berdin senidekoak, lagunak edota bizilagun soilak. Kalitate gutxiagoko hildakoak dira gure sentimendu edo ukipen-eremuetatik urruntzen direnak, kezka gutxi (edo ia batere ez) eragiteraino.

Geure zentrokideak eta gurengandik urruti daudenak erraz bereizten ditugu, eta ezarritako posizioaren araberakoa izaten da eragingo diguten sentimendua, dela mina, dela samina, dela utzikeria. Lau multzo nagusi behintzat bereizi egiten ditugu: geure-geureak diren hildakoak, geure ezpal berekotzat hartzen ditugunak, geure antza dutenak eta beste guztiak. Kategoria bakoitzaren mugak aski lausoak dira, egokiera eta aldartearen arabera malgutu edo zurrundu egiten ditugulako.

Hartu Siria, adibidez. Oso urruti geratzen zaigu hango berria, eta, beraz, bertatik datozen gorpu biziak sailkapenean oso behean ditugu. Soilik horrela uler daiteke Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan jazo den tragedia humanitariorik handienaren aurrean erakusten ari garen zurikeria edota axolagabekeria.

Ez dira geureak, hori bistan da. Gure antza dute, geurea bezalako sakelako telefonoak erabiltzen dituztelako herrian geratu direnei kontinente zaharrera iritsi direla esateko, baina ez dira geureak. Udan kostaldera iristen ziren ontzi zarpailetatik jaisten hasi zirenean, apur bat asaldatu egin ginen, eta geureen antz handi-handia zuen umetxoaren hilotza hondartzan etzanda ikusi genuenean zerbaitek krak egin zigun kontzientzian, baina berehala pasa egin zitzaigun. Ez dakigu zenbat hil diren bidaia zoroan; ez dakigu zenbat hiltzen ari diren oraintxe bertan herritarren mugimendu librea ikurtzat zuen Europako herrien arteko mugetan, zeinetan hesiak eta kontrol-guneak ezarri ditugun geure lasaitasuna traba ez dezaten. Ez dakigu zenbat hildako geratuko diren bide-bazterrean aurtengo neguan, zenbat lurperatuko dituzten kamino lokaztuetan. Ez dakigu, eta gutxi axola du, ez baitira geureak, ezta geure antzekoak ere, itxura denez.

Geure amona zenak kandelak pizten zituen etxean hildakoak goratzeko, behar izanez gero, argi-metxa horiei jarraituta etxera bueltatzeko bidea aurkituko zutelakoan. Baliteke biloba gaztetxoak inpresionatzeko amarrua baino ez izatea, baina halaxe kontatu zidan berak duela urte mordoa, eta horrela gogoratzen dut, iltzaturik baitarama aitona-amonen oroitzapenei darien argizariaren usaina. Gau eta egun egoten ziren etxean piztuta urteko egun guztietan, baten izan ezik. Santu Guztien Egunean, izan ere, amonak kandelak itzali egiten zituen, jendeak bere hildakoei bisita egiteko gordetzen duen egun seinalatuan bere hildakoak ez nahasteko, demasiako argiak despistatuta.

Europak bere kandela guztiak amatatzea erabaki du, gerra, miseria edo pobreziatik ihesi datozen horiek honako bidea aurki ez dezaten. Argi-egileizan zitezkeen seinaleen ordez, su-festak antolatzen dizkiegu (goi-bilerak, harrera-protokoloak, kuotak eta enparauak), horiekin guztiekin despistatu egingo direlakoan. Geureakbalira, sikiera kandela bana jarriko genuke urteko egun guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.