mikel elorza
ARKUPEAN

Bizirik eta osasuntsu

2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Guztiok izango ditugu —kazeta hau irakurri edo gutxienez orrikatzen ditugunon artean— esperientziak Korrikaren inguruan, parte hartzaile edo ikusle gisa badarik ere. Korrikaren 5. edo 6. ediziokoa nik bereziki dut gogoan, gure herriko Kale Nagusia —larunbat iluntzea zen— jendez lepo, ikusten eta txaloka, eta nola AEKri zegokion tarte gailur horretan Jordik eraman behar zuen lekukoa, eta lekukoa hartu eta han joan zitzaigun Usain Bolten pare, emozionatuta, ziztu bizian, eta jertsetik justuan heldu ahal izan genion, «lasai, motel, oinez joan hadi» esateko. Unea gozatzeko. Espeziala izan baitzen. Espeziala baita. Asko etorri dira geroztik, ordu eta desordu diferenteetan, edizio bakoitza bere berezitasunarekin, bere festarekin, jendetsuagoak, azken edizioetan askoz jendetsuagoak (eta gainera jende askoz sasoitsuagoarekin —ez alferrik kiroldegiak kale eta taberna eta euskaltegiak baino askoz populatuagoak daude garaiotan—).

Urte haietan ere jende asko zeukan alde AEKren lasterketak, baina aste honetan haize eta eguraldi kontra korri egitea tokatu zaien bezala, garai haietan bestelako elementu batzuen kontra ere egin behar zen antxintxika. Orduan EAEn eta makina bat udaletan agintean zegoen alderdiak jarritako zangotraben kontra (orduan ere agintean zegoena, EAEn), hedabideen isiltasunaren kontra, boikoten kontra, azpiegitura faltaren kontra...

Joan dira garai haiek eta mesede, noski, AEKrena ez ezik jada euskararen aldekoa den lasterketak babesa du nonahi, errekonozimendu handia eta halakoxea izaten da emaitza. Partaidetza izugarria izaten da eta oihartzuna itzela. Izenik akorduan ez dudan Grupo Correoko egunerokoek ere segimendu berezia egiten diote, ETBn albistegiak eta saioak, Ser irratian gaur egokitu zait notizia entzutea Bilborako falta ziren kilometroak aipatzen... Nahiz eta niri batzuetan eztarrian kolpe txikia egiten didan honek guztiak, eztarria handituta eduki eta tragatzea kostatzen zaizunean bezala, hau ona da. Guztiona izatea eta guztiok egitea euskararen alde, horixe nahi genuen, eta ez gaitezen orain ez patrimonialista ez esklusibista jarri. Ezta mendekati. Ni, besterik gabe, zurikeria batzuez ari nintzen.

Erritu bilakatu da. Pentsa genezake ondo erromanizatu gabeko herri honen adierazpen singular horietarik bat dela, baina ez. Ez da erromanizatu gabea herri hau, askok kontrakoa nahi izanda ere, eta Korrikak ere badu euskararen aldeko beste festa batzuek daukaten errituarena, evento-arena. Asteon ikusi dut adibide pollita: mozorrotuta lasterka egin zuen morroi bat elkarrizketatu zuten ETBn. Pertsonaia xelebre-nahia, berrogeitaka maratoi eginak ei ditu, mozorrotuta, eta Korrika ere bai. Espainol txit cervantestarrean adierazi zuen hori dena, eta nik pentsatu nuen maratoi horiek denak prestatzen emandako denboraren erdia euskara ikasten eman balu... Baina bueno, ez gaitezen ezpain-mehe jarri, arineketan gurekin egitea hobea izango da kontrako norabidean egitea baino.

Erromanizatuak gaude erabat, eta Korrika erritu bilakatua, bai, baina asko gara, nik uste, Korrikari kariño apartekoa diogunak: bereziki hunkitzen duen ekimena da, denetariko jendea martxan eta oihuka, lauzpabost peto eta furgonetak errepide galduetan, errepideak ere jarri gabeko orduetan jendea saltaka, lekukoa daramatenen emozioa... Espero dezagun erromanizatzen eta kiroldegietan gizarteratzen jarraituagatik ere, eutsiko diogula ekimen herrikoi, alai, pixka bat ero baina zoragarri honi. Baina ez fosil bezala. Korrika, AEK bera, eta beste hainbat ekimen militantziaz eta jende xume askoren lan eskergari esker atera izan diren egitasmoak dira, eta antzekoak eraikitzen eta aurrera ateratzen jarraitzeko kapaz izan gaitezen, ederra litzateke.

Bizirik gaudela adieraziko luke, eta osasuntsu, derrigorrean ezer osasungarria egin behar izan gabe ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.