mikel elorza
ARKUPEAN

Hurkoaren hanka sartzeak

2016ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Badute herri gehienek hanka sartzeko joera ezin sendatuzkoa, patologikoa. Une historikoa iristen zaie, hamarraldian hiruzpalau izaten diren une historiko horietarik historikoena, eta erabaki okerra hartzen dute, lokatza eta sasiaren aldeko aukera egiten dute. Bidea erratzen dute eta euren burua kondenatzen atzera ere hainbat denbora herratu ibiltzera.

Ez du, dena den, txarretik bakarrik huts egiteak, badu kontsolamendurik. Tragedien gainean eraikitzen baitira herrien iraganak —eta hortik etorkizunak: gure arteko historialari epiko-zale saldoari begiratu besterik ez dago, gaztelu eta koroetan gure esentziaren bila uxarka—, eta tragediek arima ematen diote herri horri. Arima penatu eta zauritua, pena eta zauririk gabea ez baita benetako arima. Ernesto Sabatorekin bat nator, eta adibidea da, Suitzak izugarrizko aukera galdu zuela neurriko tragedia historikoa edukitzen Gillen Tellek sagarrean asmatu zuenean, eta hor dabil orain, arimarik gabe. Eta arimarik ezean, bankuak ditu eta paisaia elurtu paregabeak eta txokolatea. Guk berriz, ez elurrik, ez urrerik, txokolatea ere eskas salbu eta Baionan —Donostiara konpretara etortzen diren frantses-en bizilekua, alegia—, baina arima... arimak erruz, penaz eta zauriz gainezka! Gure azken urteetako historiari begirada koxkorra botatzea besterik ez ikusteko huts egiteen segida bat dela, tarteka asmatzerik egon bada ere (eta batzuek, Arnaldo Otegiz eta kideez ari naiz, itzalean ordaintzen ari dira asmatu izana. Aprobetxa dezadan tartea datorren zapatuko deia gogorarazteko, Otegi eta beste zientoka lagunen eskubideen alde egiteko, ai Espainiako Gobernuan behingoagatik norbaitek hanka sartu eta denak etxeratuko balituzte!).

Huts egite historikoekin, nolanahi dela, memoriarekin bezalatsu gertatzen da: nork berea duela. CUPena huts egitea izan dela esan eta gaitzesten du mordo batek —hemendik haietako asko, CUPekoei ekibokatu direla leporatzen, nola guk ez dugun hutsik egiten...—, eta uste izaten faborea unionistei egin zaiela; ordea unionistek ekibokazioa irailaren 27an jartzen dute, eta Parlamentuaren deskonexio erabakian eta orain atzera itxaropen izpi bat... Espainiako sektore intelektual liberalek urteak eman dituzte Hego Ameriketako herriek huts egiten zutela deitoratzen, ozen eta ahalkerik gabe esaten Venezuela, Brasil edo Argentinako herritarrek hanka sartzen zutela agintari bolivariano, kirchnerista edo lulazaleak hautatzen zituztelarik.

Alegia: askotan, norberak nahi duenaren kontrakoa erabakitzen denean dago huts egitea, baita gehiengo nagusi batek erabakitzen duenean ere.

Pertsonon alorrean, banakako mundu horretan, tankeratsu gertatzen da. Norberak nahi duenaren kontrakoa erabakitzean hanka sartzen du hurkoak, lagunak, bikoteak. Huts egiteena edo huts egiteak leporatzearena ez da generoaren araberakoa, baina konponbidearena askotan bai: jasan ezin duen askok, arrak, aiztoaz konpontzen du —57 emakumezko hildako 2015ean Espainian—. Espainiak ere izan du aiztoarekiko grina, disidentzia tratatzeko, estatua funtzionamenduan nahiko arra ere badenez...

Alde bat bada, hala ere, herrien eta pertsonon artean, eta banoa eskapismoa egitera, berriro ere (irtenbide pertsonalarena, badakizue, krimen anti-iraultzaile hori). Herriekin ez dakit, baina pertsonekin iraganak ez du deus bermatzen, alderantziz, zenbat eta handiagoa iragana orduan eta eskasagoa etorkizuna, eta beraz ekibokazioak ahalik eta gutxien izatea nahi duzu. Denok daukagu hanka sartzeko eskubidea, baina zenbat eta gutxiago hobe, norberaren bizitzan hauteskundeak ez direlako errepikatzen. Eta, batez ere, herri jakituriak kontrakoa esan arren, akatsetatik ez delako ikasten, batik bat konponbiderik ez daukatenean.

Kataluniakoak badu, hau akatsa balitz ere. Asmatuko ahal dute. Haiek.

Guk seguru baietz. Guk beti asmatzen dugu... batez ere hurkoaren erabakietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.