Patxi Zabaleta
ARKUPEAN

Ustelkeria ilegala, alegala eta legala

2016ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Mendebaldeko sistema demokratikoak eta are gehiago demokratikoak ez direnak kutsatuta dauzkan ustelkeria arazo izugarri larria dela ez dago zalantzarik. Ustelkeriak, gainera, ustelaren beraren sena denez gero, ondoko guztia gaizkitzen du.

Zoritxarrez, ustelkeriaren aurka hartzen diren neurriak maiz izaten dira eskasegiak, behar bezalako funtsik gabeak edo hutsak norbera babestea besterik bilatzen ez duten aitzakiak.

Politikaren munduan ustelkeria gaitzik okerrenetakoa da, eta aitortu eta gogoan izan beharra dago behin ustelkerian erortzen dena betiko kutsatuta gelditzen dela; are gehiago kutsatzaileen esku.

Azpimarratzekoa da, gainera, ustelkeriaz babesteko gehienik erabili ohi den argudioa legearen aipamena dela. Egun hauetan bertan Blesaren inputazioa dela edo Panamako paperak direla gehienik entzuten den arbuiapean jokabide legezkoak egin direla esatea da, baina ezin ahaztu dena da ustelkeriarik txarrena eta kutsakorrena legeaz baliatuz egiten dena dela; izan ere, ustelkeriarik okerrena legezkoa edo legala dena da.

Adibidez, Madrilgo Kutxa ohiaren zuzendari orokorra izandako Blesa jaunaren inputazioan leporatzen diotena da hipotekak emateko etxearen balorazioak puztu egiten zituztela berak eta bere lankideek, horrela mailegu handiagoa emateko eta mailegu hori berreskuratzea gero zaila bilakatu dela kutxaren beraren kaltetan. Horrelako jokabideak beste aurrezki kutxek ere egin izan dituzte. Berez, gainera, balorazio horiek bezeroari berari ordainarazi izan zaizkio, baina gero hipotekaren exekuzioa aurrera eramateko orduan ez dira kontuan hartzen, eta exekuzio hori guztiz aldatua gelditu zen Aznarren garaietan egindako enjuiziamentu zibileko 1/2000 legearen bitartez.

2000. urtera arte epaitegietan subastetara dedikatzen ziren pertsonaia batzuk egoten ziren, eta subasteroak edo epaitegiko putreak deitzen zitzaien. Aznarren garaiko aipatu legearen bitartez, epaitegiko putreen zeregina banku eta kutxen esku gelditu zen, eta geroztik bihurtu dira hainbeste milaka eta milaka bizi etxeren jabe; agian milioi bat baino bizi etxe gehiagoren jabe.

Panamako paperekin berdintsu gertatzen da, eta Makri jaunak bere burua zuritzeko jokabide guztia legala zela esan zuenean gogoeta berdina errepikatu behar, zera alegia, ustelkeria ilegal edo legearen kontrakoa oso txarra da, baina alegala edo legez kanpokoa okerragoa, eta guztietan okerrena legezkoa edo legeaz baliatuz egiten dena da. Diktadurak berak azkenean zer dira legeztatutako ustelkeria orokorra baizik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.