ARKUPEAN

Tsunamia

Idurre Eskisabel

2017ko otsailak 25
Lokartu aurreko une mugako eta, beraz, intimo horretan egin dit galdera alabak: «Ama, sexu harremanak izan nahi dituztenean mutilei zakila gogortu egiten zaie, ezta? Eta gogorra jartzen zaienean jakiten dute norekin izan nahi dituzten sexu harremanak ala berdin zaie?». Badaitort: egunerokoan sexu gaietan askea den guraso progrearena performatzen saiatzen naizen arren, ezustean harrapatu nau itaunak... 8 urte egitear dago, eta, hortxe lehen zalantza, noraino bainoago nola, hitzak ere ekintza, eta funtsean, bizipen baitira. Neurria hartzeko-edo, kale nagusitik gabe barrenkaletik abiatu naiz, alegia, galdera berari itzuliz: ea berak zer uste duen, garaia heltzean eta sexu harremanak besteekin izateko gogoa sortzen zaionean, norbait zehatzarekin nahiko duen edo edonorekin. Begiak talotuta erantzun dit, ebidentziak azaltzeko erabiltzen den tonuaz: maitemina sentitzen duen harekin nahiko duela, ez beste inorekin. Atzetik, jakina, nire irakaspena: berak hala sentitzen badu pentsatzeko, oro har, gainerako pertsonek ere, izan neska, mutil edo dena delako, antzera sentituko dutela.

Adabakia jarrita geratu da oraingoz, baina artega geratu naiz, zer pentsa. Alabari piztu zaion galderaren ibilbideak pizten dit kezka, intuizioaren eta esperientziaren nahasketak esaten baitit lagun arteko jokabideekin estuki lotuta dagoela. Aspaldi da gelakideak beren autoidentifikazio eta autorrekonozimenduan, eta, beraz, beren bizi jardun nagusietan, bi multzo handitan banatu zirela: neskak alde batera, mutilak bestera —eta gutxi batzuk tarteko eremu deserosoan—. Dagoeneko askotan sumatu ditut neskak beren jolasak maiteminaren inguruan zentratzen. Halaber, askotan ikusi ditut mutilak jolas hori algaraz hartzen, batzuetan urduritzen, bestetzuetan gutxiesten, baina, ia beti beren ardatza beste lehia eta botere harreman batzuekin zerikusia duten jolasetan jartzen. Irudikatzen dut beren gorputzekin jolasteko tartea ere hartu dutela. Eta ondorioztatu dut alabak jolas horietan denetan bizitakoek eraman dutela abiaburuko galdera egitera, edo beste era batera esanda, mutilak grina indiskriminatu batekin lotzera, eta neskak, maiteminarekin.

Pentsatzen jarrita, ez da harritzekoa alabak eta haren kideak ondorio horretara iristea, zentzu komuna esaten diogun sakoneko ideologia nagusian uste horixe baitago asentatuta: gizonen desirak, behin piztuta, ez duela galgarik; zakil gogortua tsunamia dela. Pentsa bestela zenbat txiste, zientzia zein lege txatal falo gogortuaren indar geraezinean oinarritzen direnak: zakila burmuinari arrazoizko irauteko behar duen odola xurgatzeko gai; zakilari eustea gaitz eta jokabide patologikoen iturri; prostituzioa zakilak eragin ditzakeen jokabide kaltegarriagoen aringarri sozial; biktimaren minigona delituaren errudun...

Eta azken boladakoei erreparatuta, zenbateraino ez dago gizonen desiraren eutsiezintasunaren naturalizazio gezurrezkoaren bizipena gazteen jai giroetatik gero eta usuago etortzen zaizkigun sexu erasoen oinarrian? Ez al dago, sakonean, ikuskera horren aztarna adin txikikoek elizgizonen eskuetan jasandako abusuen harira biktimarioenganako adierazi diren ulermen adierazpenetan? Zergatik da ulergarria burua galtzea kasuotan, eta zergatik ez ditugu epaitze/ulertze mekanismo berak erabiltzen, adibidez, oso desiratuak izan daitezkeen ondasunen lapurreten inguruan? Zergatik kontrol ezaren ulermena gai honetan, gainerako guztian pertsona egiten gaituena desiren bezatzea dela irmo defendatzen badugu?

Nolanahi ere, aitor dezadan Joxe Arregik gai honen harira egunotan argitaratu duen iritzi artikulua azkenaldian leitu dudan gauzarik eraldatzaile eta askatzaileenetakoa dela biktima/biktimario harremanari buruz ez ezik, baita pertsona izatearen muineko ikuspegiari dagokionez ere. Edota oso aintzat hartzekoa iruditu zaidala Jon Sarasuak irratian esandakoa biktimatik biktimismorako labar estuari buruz. Baina, hala eta guztiz, kirrinka egiten dit, justu, doi-doi, diskurtso honen premia soziala eta ondoriozko enpatia sexu abusuen gaiarekin lotuta sortzeak —Arregi eta Sarasua barne baina haiez gaindi-, non eta, oro har, biktima eta biktimarioez pentsatzeko eta egiteko hainbeste dugun gure herri honetan. Zakil tsunami naturalizatuaren logika ateratzen zait aztarrika hastean...

Adabakia adabaki, ez dakit noiz, baina ziur aski noizbait hitz egin beharko dut alabarekin honetaz guztiaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna