mikel elorza
ARKUPEAN

Min ematen duen tokian

2017ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Aztoratuta dabil lagun mordoxka gure herrian, ernegatuta ere bai batzuk. Grebagatik. Kiroldegiko langileen grebagatik. Zeren eta besterik ez dakit, garraioarenak arazo batzuk sortzen ditu, Bizkaiko zaharren egoitzetako langileenak bat ere ez —aitona-amonen zaintzaileak, garbitzaileak... badakizu—, herrian bertan udal instalazio zenbaiten garbitzaileenak ere ez zuen aparteko zalapartarik sortu, baina honek... honek min egiten duen tokian jo gaitu: kiroldegian! Astebete itxita egon da —lehenago beste egun batzuk ere bai—, eta a ze sufrikarioa, ez gara nor gure eguneroko gimnasio- edo igerileku-saioa kentzen badigute. Gure bizimoduaren arlo garrantzitsu bati eragiten dio grebak, eta horregatik bereziki hunkitzen gaitu. Horrelakoa da gure fede berria: izerdigintza.

Grebaren beraren bilakaerari buruz zerbait komenta liteke: udalak aste honetan konponbidearen alde lanean ari dela adierazi du, eta langileon soldaten zenbakiak jakinarazi. Espainiako Gobernuak egin berri du portuetako zamaketarien kasuan. Numeroak ematen dituzu, informatzeko asmo guztiz aratzarekin noski, baina edozeinek esango luke herritarrak lubakia aukeratu dezaten bultzada dela, langile pribilegiatuak ez ote diren hauek... Ez-landun ez-pribilegiatu gehiegi dagoen tokian harrera ona izan ohi du mezu horrek. Miseriako soldatak edo pentsioak kobratzen dituztenen protesta-kasuetan kostako zaizu Administrazioa edo ugazabak numeroak ematen ikustea!

Bada beste aspektu deigarri bat.

Herritarren interesen defentsan ari dela Administrazioa, bitartekari lanetan, grebalarien eskubideak bezala erabiltzaileenak ere defenditzen. Hona iritsita baikaude. Greba kasuetan —gaur bertan irakaskuntzan garbi ikusiko da— langileak lanera joateko (omen) daukan eskubidea grebalarienaren parean jartzen da, gainetik maiz. Ikasleek klasea hartzeko eskubidea dute. Eta herritarrek saunara joatekoa. Horratx XXI. mendeko eskubidegintza.

Grebalarien eskubidea murriztu, zigor eta mozal legeen bitartez hesitu, eta horren aurrean lana egitekoa, zirkulatzekoa, zerbitzu publikoak erabiltzekoa nagusitzen da. Askatasunaren printzipio gorenarekin apaindu dute amua eta urdaileraino irentsi dugu. Izan ere, gaur egun badirudi legeek jasotzen duten lan egiteko eskubidea ez dela gauzatzen langabezian dauden milaka laguni irtenbide bat topatuz, ezpada greba egin nahi ez dutenlangileei —grebak arrakasta badu lortutakoari uko egingo ez diotenak, jakina— lanera joan daitezen ziurtasuna emanez. Zerbitzu publikoen duintasun eta kalitatea bermatu beharrean, legeek hori ere jasotzen baitute, inportanteagotzat jotzen da greba kasuetan haiek erabiltzeko herritarren eskubidea, zeinarekin ez diren akordatzen beste batzuetan, zerbitzuok pribatizatzen dituztenean adibidez. Etxea edukitzeko eskubidea, betetzen ez dena, ikusteko gaude oraindik ere etxeak hutseko eskubidearen menpeko... Eta abar.

Baina erne, lehen aipatu dudan kiroldegikoaren kasuan atentzioa eman behar ligukeena ez da herritarrak greba hori dela eta aztoratuta ibiltzea, eta ez beste arazo ustez transzendenteago batzuekin; atentzioa eman behar diguna da alor horrek gizartean hartua duen garrantzia. Alegia, zergatik aztoratzen garen horrekin, eta ez arazo larriekin. Hori alde batetik; eta bestea izerdigintzak (kardio-osasungarriak, jakina, ez besteek) gurean hartu duen pisua.

Munduaren ikuspegi zaharruno samarra dudanez —greba eskubideaz nola mintzo naizen horren erakusgarri—, ez zait larregi gustatzen panorama. Baina hola dago mundua. Diot, aldatu nahi izateko besterik ez bada ere, kontuan hartzeko. Ahaztu egiten baitzaigu.

(Artikulua irakurtzean entzuteko kantu gomendatua: Belaunaldia, Karidadeko Benta taldearena).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.