Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Abiadura Handiko Presioa

2017ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Hogeita zortzi urtean, UPNren eta PSNren gobernuekin, abiadura Handiko Trena foru erkidegoan abiadura urriko proiektua izan da, txu-txu trena baino mantsoagoa. Castejon eta Villafranca artean kilometro gutxi batzuk zituzten eraikirik -14,7 -, ezerezetik ezerezera.

Aski izan da laukoan oinarrituriko exekutiboa Nafarroako Jauregira iristea supituki Espainiako Gobernuak alimaleko presa edukitzeko proiektuarekin aurrera egiteko, Higss bosoiaren abiadan.

Esan gabe doa aurrekontuei sostengua ematearen truke zer eskatu dion UPNk Rajoyren gobernuari: AHPa, Abiadura Handiko Presioa Barkosen exekutiboari, AHTaren kontura. Egur gehiago, hau gerra da eta!

UPNren kudeatzaile onaren mitoa berpizteko ahalegin bistakoa: erregionalisten diskurtso hegemonikoaren zutabe nagusietakoa zen kudeatzaile on bakarrak erregionalistak zirela. Geroa Bairen gobernuaren kudeaketa txukuna mitoa lehertarazten ari da. Eta AHTak laukoan eragiten dituen arrakaletan zirrikitua ikusi du UPNk Barkosen kudeatzaile onaren irudia urratzeko: gu, UPN, garapena gara. Haiek, laukoa,kaosa.

Ingurumari horretan soilik uler daiteke Espainiako Sustapen Ministerioak atzo harturiko erabakia: Nafarroan AHTaren eraikuntza bere bizkar hartzea, foru gobernua alferrikako luzapenetan ari dela argudiatuz; noiz eta Iruñeko exekutiboak iragarri duelarik AHTa Madrilekin negoziatzeko prest dagoela, laukoaren beste hiru hanken sostengua ez izan arren, eta tren sareari buruzko prozesu parte-hartzaile zabaldu berria burutu gabe egonagatik ere bidenabar, biziki deigarria egin zait foru gobernuak prozesua abiarazteko eta proiektua ezagutarazteko plazaraturiko bideoan aurrekontuaren aipamenik ez izatea: Kontuen Ganberaren arabera kilometroko, gutxi gorabehera, 15 milioi; orotara, gutti goiti-behiti, 3.000 milioi; hau da, kasik foru erkidegoaren urte osoko aurrekontua.

Orain arte, Geroa Baik pentsa zezakeen AHTarekin aurrera egiteakkudeatzaile onaren irudia eta zentraltasuna emanen zizkiola, eta horrek inkestek iragartzen dizkioten emaitza kezkagarriak hobetzen lagunduko ziola. Areago, argudia zezakeen polemika EH Bildurentzat eta Ahal Dugu-rentzat eta elektoralki emankorra izan zitekeela, profil ezkertiarra indartzen lagunduko zielako. Eta, halaber, kalkula zezakeen 2018ko aurrekontuak edonola ere aurrera ateratzeko arazorik ez zuela izanen, horietan trenaren aztarnarik ez delako izanen, eta arazorik izatekotan 2019an soilik izanen zituela, eta ez oso larriak, legealdiko azken urtea izanen baita.

Aldaketaren ikuspegitik eta epe ertainera begira, ordea, arrisku handiko kalkuluak ziren, ez baitzuten batere argitzen zer gertatuko zen 2019ko maiatzeko foru eta udal hauteskundeen ondotik: laukoa errepikatzea oso zaila izanen zen, aldaketa sozial eta politikoa nekez uztar baitaiteke diru publikoa erruz xahutzearekin guztiz zalantzazko errentagarritasun sozial eta ekonomikoko herri lan batean. Epe ertainean, aldaketaren trena trenbidetik atera etaamiltzeko arriskua bistakoa zen.

Behar bada, agian, apika, Sustapen Ministerioaren erabakia gerta zitekeen hoberena da, amildegirako bidean zirudien aldaketaren trenaren makinista balazta zapaltzera behartu dezake eta. Norabide aldaketa egiteko aukera ederra izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.