Inaki Galdos
ARKUPEAN

Aginduak

2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Kontuen Auzitegian izan ditugu pasa den astean Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) aurreko legealdiko buruzagi ohiak. Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta- renganako elkartasun adierazpenez betetako egunak bizi izan ditugu, jende askorentzat ez baita bidezkoa euren jardun politikoan orduan hartutako erabakiak judizializatzearena. Are gehiago, pertsona hauen ustez mendekua ere bada egungo GHK-ko arduradun politikoak egiten ari direna, besteak beste milioi askoko zigorra ere jaso baitezakete auzipetuek.

Iazko urrian izan genuen orain gertatzen ari denaren berri, eta orrialde hauetan bertan utzi nuen idatzia ez nuela garbi ikusten auzitara jotzeko bidearen egokitasuna, besteak beste ez nituelako ondo ulertzen horretarako erabiltzen ari ziren arrazoietako batzuk, dirua desbideratzearena kasu. Denborak ez dizkit zalantza guztiak uxatu, baina orduan baino garbiago daukat ez dela auzitegietakoa biderik egokiena kasu honetan. Hartu zuten erabakiarekin bat ez egiteak ez duela esan nahi erabaki horrekin ustez sortutako galera ekonomikoaren zama euren gain erori behar denik.

Gogoratzen hasita, urriko arkupe hartan idatzi nuen beste zerbait ere ekarri nahi nukehona. Orduan nioen bezala, ikusiak gara politikari eta alkate ohi auzipetuak lur jota, gupidarik gabeko jazarpenen biktima, ondorengoek agindutako enbargoak barne, epaileek arrazoia eman dieten arte. Ikusiak gara abokaturen bat ere epaiketa galdu ondoren onartzen berak abisatu zuela ez zegoela epaitegietara jotzeko motiborik, baina erantzuna jaso zuena erabaki politikoa zela aurrera egitearena, batek daki zertarako. Ez da, beraz, GHK-koena politikaren judizializazioaren lehen adibidea gure artean, nahiz eta batzuek hori sinetsarazi nahi diguten. Gertatzen da urratsa guk edo gure lagunek ematen dugunean herritarren interesen defentsan guztiz arrazoitua dagoela, baina guri —edo gure lagunei— egiten digutenean mendeku egarria besterik ez dela. Nahiz eta sarri kasu bertsuak izan.

Gaiak hartu duen indarragatik ikusi dut beharrezko orduan esan nituenak berrestea, baina, auzitegietako kontuak alde batera utzita, bereziki deigarri egin zaidana beste kontu bat da. Kontuen Auzitegian deklaratu dutenekiko elkartasuna adierazi dutenek behin eta berriz azpimarratu dute egun hauetan, 2011ko kanpainan herriari agindutakoa (hitza eman) herriak bueltan betetzeko agindu (enkargatu) ziela agintari berriei eta, ondorioz, hauek agindu (manatu) zutela erraustegia ez egitea. Boteprontoan entzunda, hutsik gabeko arrazoi borobila... egungo agintariek motibo handiagoarekin erabil dezaketena.

Ez daukat garbi, egun hauetan irakurri dudan bezala, hauteskunde haietan herritarren gehiengoaren agindua izan zenik erraustegia gelditzearena. Gipuzkoako Batzar Nagusi berrietan 51tik 23 ordezkariren babesa zuen neurri horrek eta aldatzekotan bertan aldatu behar zen hiri hondakinak kudeatzeko indarrean zegoen plana. Gainera, uste dut nahiko onartua dagoela Bilduk urte hartan jaso zuen boto uholdea beste arrazoi batzuengatik izan zela batez ere. Baina, ados, GHK-n gehiengoa zuenez, onar dezagun hala zela eta, ondorioz, onar dezagun herriaren agindua bete zutela. Zein arazo dago, beraz, gaur egun agintean daudenek hiri hondakinen kudeaketaren inguruan eta erraustegiaren inguruan hartu dituzten erabakiak herriaren aginduz hartu dituztela onartzeko? GHK-n bai, baina Batzar Nagusietan gehiengorik ez izan arren erabaki zilegia izan zela diotenetako askok zergatik ukatzen diete orain zilegitasuna erabaki berriak hartzeko GHK-n izateaz gain Batzar Nagusietan ere gehiengoa dutenei?

Bitxia da agindu hitzak politikan ematen duen jokoa, bere esanahi ezberdinekin. Kanpainan gauzak agintzea gauza erraza da, hauteskundeak irabazitakoan erakundeetatik aginduak ematea ere ez hain zaila. Badirudi zailena herritarren aginduak ulertzea dela. Ez ditugu beti berdin ulertzen... edo ez ditugu beti berdin ulertu nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.