Inaki Galdos
ARKUPEAN

Euskal Opus Deia omen zen hura

2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Entzuna nuen konparaketa, garai hartako protagonistetako batzuek erdi txantxetan gure arteko solasaldietan esana, baina bitxia egin zait orduko dokumentu baten jasota ikustea, gaztelaniatik gutxi gorabehera horrela itzulia: «Masa falta zaie eta ongi prestatutako elite txiki batzuk besterik ez dute, baina gizartean errotu gabe. Horregatik esaten du herriak Euskal Opus Deia direla».

Argi dezadan zertaz ari naizen. Denboran mugak ezartzeak dakartzan arriskuak hartuta, Municheko Kontubernioan (1962) hasi eta sindikatuaren Eibarko kongresuan (1976) bukatutzat eman daitekeen ELAko talde baten historia daukat hizpide, batez ere ELA-Berri gisa ezaguna izan zena, baina beste deitura batzuk ere izan zituena, MSE edo eladioak kasu, ez beti ongi erabiliak, portzierto.

Lehen ere irakurriak genizkion Idoia Estornes Zubizarretari gai honen inguruko ekarpen interesgarri askoak, baina berriki argitaratutako Cuando Marx visitó Loyola (Erein, 2017) liburuak berpiztu du gugan interesa talde honekiko. Halaber, argi dezadan Opus Deikoaren aipamena ere liburu horretan jasotako dokumentu konfidentzial batekoa dela, garai haietan (1973) batasuna berreskuratzeko Robles Arangizen Miarritzeko ELA-STVk eta ELA-Berrik hasiak zituzten elkarrizketen inguruan idatzia. Dena esatearren, batasun horren kontra zegoen eta gero ere hala egon zen kide batek idatzia, agian horregatik maltzurkeria.

Gutxirako balio du konparazioak, beraz, izenburu erakargarri bat osatu edota taldearen izaera karikaturizatzeko ez bada, baina onartu beharrean gaude neurri batean enigmatikoa suertatzen zaigula batzuoi talde honen/hauen historia. Ez da gutxi han-hemenka idatzia dagoena eta Estornes berak ere ahalegin handia egin du liburuan dokumentazio zabala aztertu eta askotariko lekukotzak jasotzen. Baina onartzen hasita onartu beharrean gaude zalantza asko argitu ezinik jarraitzen dugula irakur daitezkeen gehienak irakurrita ere.

Benetan hain erabakigarria izan al zen Munichekoaren inguruan Anabitarte, Aginaga, Ayestaran eta enparauek ikusitakoa, ELA zaharrarekin (eta EAJrekin) haustura hura gauzatzeko, edo bestela ere gertatuko zen haustura hori? Batzuek dioten bezala, puztuta kontatzen al da ELA-Berrik ETAko V. Biltzarra irabaziko zutenei eskainitako laguntza, edo benetan izan zen garrantzitsua? Benetan al zen hain irmoa eladioen ETAren kontrako jarrera, hainbat kide Burgoseko epaiketaren kontrako mobilizazioetan parte ez hartzera ere eraman zuena, edo taldeko buruzagi batzuen jarrera zen soilik? Talde honen historian zehar zenbat eskaintza, eskaera, ahalegin, proposamen egon zen EAJn sartzeko eta nolakoak izan ziren hauek (Xabier Arzallusek kontatu eta Eugenio Ibarzabalek oso haserre gezurtatutakoa daukat gogoan, besteak beste)? Zeintzuk izan ziren 1969-70ean gauzatutako barne hausturaren benetako arrazoiak? Robles Arangizen ELArekin elkartzea ahalbideratzeko Valentin Bengoaren jendeak ELA-Berriko «politikoak» sakrifikatu beharrak zergatik ez zuen arazo handiagorik sortu euren baitan?

Liluratu egiten gaitu taldearen historiak, baina betidanik sortu dizkigun zalantzak argitu ezinik jarraitzen dugu hainbat gaitan, nahiz eta irakurgai eta lekukotza interesgarri mordoa izan gure jakin-nahia asetzeko. Historiak eta utzitako aztarnak liluratzen gaitu. Ezin ulertu ESBren sorrera euren ekarpena kontuan hartu gabe, sei urte lehenago ELA-Berrin banatu ziren hainbat kide alderdi berri batean berriz elkartuta. Neurri txikiago batean, baina ESEIn ere protagonismoa. EAJn ere ez gutxik. ELA-A-ren sorreran ere kuadrilla handi bat, batasuna onartu ez zuten ELA historikoko beste batzuekin batera. Orain ezagunagoa dugun Orreaga Taldea ere etengabe ari da ibilbide luze bezain interesgarria duen pertsonaren gidaritzapean... Ez, hauek ez ziren euskal Opus Deia izan, hori behintzat ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.