mikel elorza
ARKUPEAN

Bizitza, ez biziraupena

2015eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Beti harritu nau zientziak gu liluratzeko duen gaitasunak. Ikerketa zientifikoen emaitzek, aurkikuntzek. Matrailezur baten zatia, lauzpabost hortzekin, topatu dute Etiopian, eta esan digute 500.000 urte zaharragoa dela gure arraza. Ez du gure bizimodua deus aldatuko, baina ni behintzat liluratu nau. Esan digute, halaber, Martitzen 1.500 milioi urtez urak estali zuela planeta, baina ez zela bizitzarik sortu, Lurrean denbora gutxiagoan gertatu bezala (konparazioa nire terrenora ekarriz: ez zen bizitzarik sortu; ura bakarrik eduki zuten, ardorik ez).

Harriduraz eta jakin-minez irakurtzen ditugu bata zuridunen aurkikuntzak eta, gehienok, onartu ere onartzen ditugu kontatzen dizkiguten bezalaxe. Batzuek fedea baitugu, kontraesana izanda ere, Zientzian. Onarpenak bai baina lilurak ez du, halere, gehiegi irauten, aldameneko albisteek fede horren zimendu lokatzezkoak agerian uzten baitituzte. Milaka hildako eta gaixo eta horrek dakarren triskantza kontrolatzen hasiak direla irakurri dut, Liberian, ebola birusaren izurritean. Eta hor bata zuridunen lana laudatzen dugu, baina odol eta txizaz eta mukiz zikintzen direnena. Ez laborategikoena. Ez behintzat batarik gabeko haien nagusi maletatxodunena (gorbatadun idaztera nindoan, baina eutsi diot, gorbatadunak gizonezkoa adierazten baitu —derrigorrean hala behar ez badu ere—, eta ez du nahitaez hala izan behar. Susmoa dut, ordea, hala izango dela. Emakumezko gehiago egongo dela laborategian, azken solairuko moketetan baino. Eta daudenak, batzuk moketa garbitzen eta besteak soldata txikiagoarekin!).

Izan ere, aurkikuntzek lilura gaitzakete, baina bata zuriaren distirak ez gaitu itsutzen. Uniforme kakien menpean egon izan baitira, haien anparoan hazi dira, hazten dira. Konkista eta eboluzio militarrak gararazi du zientzia eta teknologia gehien.

Aste honetan Txinan nazio batzarrean ari dira, eta hantxe aurkeztu dira aurtengo aurrekontuak. Partidarik handiena militarra da, gehien emendatu dena gainera, erakutsiz Txinan ez direla batere arraroak. Bigarren handienak eman dit atentzioa, Zientzia eta Teknologiaren atala baita, hezkuntza, osasungintza eta holakoen gainetik. Susmo osoa dut, ordea, bigarrena aurrenekoaren segida dela. Eta ikerketa teknologikoa industria eta armagintzarekin lotuagoa izango dela sagu txuri eta minbiziaren aurkako lasterketarekin baino.

Eta galdera erraz eta apur bat demagokikora etorri ohi naiz holakoetan. Zientzian asko aurreratu dugu, eta Australopithecusaren genoma dakigu. Ordea, Etiopia oraindik ez zeneko hango lurretako gizaki haiek zoriontsuak ziren ba ote dakigu? Ez, jakina. Ez dakigu zoriontsuak ziren, eta ez da inportantea. Oraingoak zoriontsuak garen da inportantea, izatekotan; edo ez. Aldarrika baikenezake aurkikuntzak eta aurrerapenak oro alferrik direla azken xede hori ez badute; baina litekeena da ezetz. Jendeak zoriontsu izatea ez edukitzea bere helburu nagusien artean. Hori esateak ondo ematen du, baina agian ez da hola, apika itxura hutsa da.

Zoriontsu izateko aukera ematea ezin dugu, ordea, helburuetatik jaitsi. Guztiek eduki behar ditugujatena, etxea, bizitzeko gutxieneko baldintzak. Horrek behar du xedea. Gero norberak erabakiko du zoriontsu izan nahi duen. Zoriontasuna ez dakarrela edukitzeak? Ez, noski. Baina gutxienekoa edukitzeko aukera ezinbestekoa da, denontzat. Pertsonak bizitzea, ez bizirautea.

Mila eta gehiago dira Euskal Herrian kalean gauero lo egiten dutenak. Ez da hainbeste. Baina gehiegi da milaka etxe huts edukita. Otordu bakarra eta gainera emandakoa milaka batzuek egiten dute. Ez da exajeratua, baina izugarri da hainbeste ogi edukita.

Eta abar.

Holako langintzetan jarri beharko genituzke bata zuridunak. Ez, barka. Haien eraikinetako azken solairuetakoak. Maletatxodunak.

Gorbatadunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.