Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Alda-haize

2015eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Adin-kontua izango da, edo abiadura, baina azken boladan gertakizun oro hizki larriz idazten dugun Historian bere lekua bilatzen ari direla ematen du. Dena da historikoa, dena da apartekoa, dena da ohiz kanpokoa, behintzat. Halatan, zaila da jazoerak ulertzea eta errazegi lerratzen, urak errotara bezala, bide makurretara.

Kataluniako Diadatik bueltan, zera entzun nuen Espainiako irrati bateko albiste-editorialean kotxean nindoala: «Eginkizun mesianikoa duelakoan, Historiako liburuak jarri ditu ikusmiran Masek, baina jakin beharko luke istorio irrigarrien estoldetan baino ez dagoela harentzat lekua, toki ñimiñoa gainera». Handik gutxira, bulegora iritsita, Euskal Herriko egunkari baten ondokoa irakurri nuen: «Ikusgarria da lau urtez jarraian kaleari puri-purian eutsi dion indarra; denen ahotan dabil une historikoaren garrantzia».

Zenbat buru, hainbat aburu, jakina, baina nork bere buruari galdetzea zilegi da: Zein dago zuzen eta zein dago oker?

Historian leku bat bilatzen dugu denok, nork bere neurri eta itxaropenen neurrian, bisio bati jarraika edo itsumustuan, zer bilatzen ari garen oso ongi jakin gabe. Hobesek autokontserbazioaren instintua aitatu zuen Historiaren motor gisa eta Adamsek norberaren interesa. Karl Marxek klase-borrokak erdietsiko zuen justizia sozialaz teorizatu zuen, eta Hegelek errekonozimenduaz edo aintzatespenaz hitz egin zigun. Galdera ez da inozoa, eta erantzun bakarrarekin asmatzea ezinezkoa dela dakidan arren, pertsona eta herri modura mugiarazten gaituzten indarren artean arriskua gehituko nuke nik, edo zehatzago esanda, arriskuak hartzeko gaitasuna.

Arriskatzeko gaitasunak eboluzioa ahalbidetu zuen. Ikusi Homo Sapiens delakoa. Irudikatu eboluzioaren katebegien arteko jauziaren une zehatzean, non bere aurreko espezieak baliatu zituen lanabesak agortzeko puntuan aurkitzen baitira. Ikusi, beraz, ustiatu ezin duen eremu geografikoa zelatatzen, jatekoa nondik aterako duen ez dakiela, hobetu nahiak xaxatuta. Mugatu egingo zitzaizkion aukerak eta zerbait berria, zerbait desberdin, zerbait hobe probatu nahi izango zuen. Imajinatu bere aldartea une zehatz horretan, ezaguna zitzaion guztia abandonatzeko zorian, lehen migrazioari ekitekotan. Beldurgarri begitanduko zitzaion, baina erronkak mendean hartuta, halabeharrak bultzatuta, arriskua hartuko zuen (ze erremedio). Arriskatu egin zen, eta irautea lortu; ezaguna eta mendean hartzeko moduko ereduari eutsi ziotenek ez bezala, bide batez esanda. Arriskatzeko gaitasuna pizgarri ahaltsua da.

Gatozen bueltan geurera, edo nahiago bada, Kataluniara. Hurrengo irailaren 27an hitzordu garrantzitsua dute, arestian esan bezala, Historiarakoa laingoa izan daitekeena askoren iritziz. Inkestei jaramon egin behar baitiegu (aukerakoa baita iritzi-zundaketa zientzia edo fikziotzat hartzea), orain arteko estatusa iraultzearen aldekoek aise gaindituko dute hauteskundetan irabazle kontsideratzeko langa, gehiengoarekin edo handik oso gertu. Irailaren 28an, bada, partida berri ikusgarria hasiko da, behin kartak jokalarien eskuetan daudelarik. Nor garaituko da lehian? Arriskuak hartzeko ausardia duenak, nire iritziz. Baliteke hauteskundeen biharamunean, emaitzak ikusita, jokalarien jarrera apur bat aldatzea, baina orain arte behintzat, independentziaren aldeko bozkek agintera (ustez) eramango dituzten indarrak eskutik irten dira partidan. Izan ere, mahaiaren bestaldean zertan mugiturik ez duela uste duen unionismoa eseri da aspaldiko partez, pausorik txikiena ere onartezintzat aldarrikatzen duena. Ez du beharrik ikusten, eta ondorioz, zertarako arriskatu?

Bere ametsekin elikatzen ez den pertsona laster zahartzen da, denbora kronologikoak agindutakoaren aurretik eskuarki. Herriei beste horrenbeste gertatzen zaielakoan nago, Historiak behin eta berriro erakutsi digunez. Alda-haizeak jotzen duenean, batzuek hesiak ipintzen dituzte babeslekua trinkotuz. Beste batzuek, berriz, haize-errotak altxatzen dituzte, energia berriaz baliatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.