Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Errekaleor: egiari zor

2017ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Informazio askea, kutsatu gabea, lortzeak sekulako garrantzia du gaur egun. Urre gorriaren pareko kotizatzen da. Informazio askeak, egiak, batzuetan min egiten digu. Baina egia da. Sarritan, nork bere egiak fabrikatzen ditu, errealitatea moldatu, goldatu egiten du harik eta sortutako irudipena errealitate hutsa dela sinetsi arte. Gasteizko alkate Gorka Urtarani antzeko zerbait gertatu zaio Errekaleor auzo autogestionatuarekin. Berak garbi dauka Errekaleor suntsitu nahi duela. Horrela esan du «auzoa suntsitu» eta «okupak kanporatu». Izan dituen azken agerraldietan, auzo honen inguruan zabaldu dituen informazioak ez dira egia. Garbi esateko, gezur biribilak dira. Baten faltan, lau bota ditu, gutxienez.

Honatx lehena: «Errekaleorren ezin da bizi». Urtaranek udal zerbitzuek egindako txostenean oinarritzen du bere egia. Aipatu txosten hori zaharra da. Auzoan egun bizi ez den familia batek sortutako arazoetan oinarrituta dago informe hori. Orduan ere ez zuen zerikusirik auzoan bizi zen autogestio mugimenduarekin. Arabako Arkitekto eta Aparejadoreen zigilua duen txosten bakarra dago. 18 profesionalen sinadurak ditu. Uztailaren 7an entregatu zitzaien eskutik eskura Gasteizko udal talde guztiei. Bertan garbi esaten da auzo horretan arazorik ez dagoela bizitzeko.

Bigarrena. «Ez dute argia ordaindu nahi; larru sendoa dute». Errekaleorreko bizilagunek ezin izan dute ordainagiria ordaindu Iberdrolak kontratua egiteko aukera beti ukatu dielako. Areago, hasieran, bertan erroldatuta zeuden bizilagunek komunitateko argia ordaintzen zuten harik eta Iberdrolak, alde bakarrez, ordainagiriak pasatzeari utzi zion arte.

Hirugarrena. «Indarrez sartu dira, atean ostikada emanda». Egun Errekaleorren bizi diren lagun asko eta askori aurreko maizterrek eskura eman zizkieten giltzak. Beste batzuek ez zuten ezer bota beharrik izan ateak itxi gabe zeudelako.

Laugarrena. «Ezker abertzalea dago atzean». Mugimendu hau ezagutzen duenak ongi asko daki zein zabala den. Ekainaren 3an Herria bizirik lelopean milaka pertsona manifestatu ginen Gasteizen. Ezkerreko joera guztietako pertsonak zeuden bertan. Prentsak baita jeltzaleak ere horrela jaso zuen.

Maiatzaren 18az geroztik Errekaleorreko etxeetan ez dago argi-indarrik. Ertzaintzak bortizki moztu zuen. Argi indarrik ez, beraz. Indar argiak bai, ordea. Egun batzuk geroago, Errekako lagunek Coopfunding kanpaina bati ekin zioten Internet bidez. Helburua 50 egunetan 100.000 euro lortzea auzoa energetikoki askea izan dadin, eguzki plaken bitartez. Epea amaitu zen eta 109.000 euro lortu zituzten. Urriaren 28an Energia Askearen Eguna ospatuko dute. Ordurako 270 eguzki plaka abian egotea espero dute. Errekaleor energetikoki buruaskia izango da.

2014ko urriaren 31n, Javier Maroto alkate zelarik, Gasteizko udalbatzak EH Bildu eta PSE-EE alderdien botoekin baimena eman zien Errekaleorren bizi zirenei bertan jarrai zezaten «udalak auzo horretarako bestelako egitasmo urbanistikoa erabaki bitartean». PPk kontra egin zuen eta EAJ abstenitu egin zen. Urtaranek atzera bota nahi izan du akordio hori. Helegitea Espainiako Auzitegi Gorenean dago ebazpenaren zain. Azken erabakiak luze jo lezake.

Errekaleor auzo «okupa» baino askoz ere gehiago da. Bertan 150 pertsona bizi dira. Ortu ekologikoa lantzen dute eta, besteak beste, okindegia, gizarte-etxea eta zinema dituzte. Mundu osoko konplizitatea lortu dute. Arte laborategia da. Muralista ezagunek margotu dituzte beren hormak. Zergatik bota hiriari ekarpen interesgarria egiten badio?

Amaitzeko, gomita. Errekaleorreko bizilagunek eztabaida librea nahi dute, informazio askea maite dutelako. Horregatik, Gorka Urtarani eztabaida publiko bat egiteko gomita sarritan egin diote. Orain da momentua, Gorka. Baina, egiari zor, mesedez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.