mikel elorza
ARKUPEAN

Soinketa etengabea

2015eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Ene uste harroan, 50 urteko gatazka armatuak, eta izan dugun bilakaera sozial eta politikoak lagundu digu ikuspegi kritiko bat lantzen, etengabe soinketa egiten, burukoa. Gertakizunen aurrean kritiko azaltzen —indarkeriazkoak eta erabaki politiko handiak, baina baita egunerokoak, sinboloak, jarduerak—, ertzak bilatzen, herrenak topatzen, leunen distiraz mesfidatzen. Hotsandiz eta lerroburu nagusietan aurkezten zaigun zalapartaren gainetik, eta batez ere azpitik, sinesgogor izaten. Aztertzen, arrazoiak bilatzen, bestearen larruan jartzen, epaitze edo gaitzeste hutsera mugatu gabe.

Horrela, Charlie Hebdo-ren aurkako ekintzaren ostean, ezin gaitezke basakeria salatzera mugatu, eta beraz Mendebaldearen jarrera neokolonial eta inperialistak plazaratzen dira, Mali, Libia, Afganistan edo Irak, eta beste. Eta baita Parisko auzuneetako bizilagunak ere —racaille ziren haiek—, eta beraz aldarria egiten da Europako gobernuek pentsatu beharko luketela munduan zehar egiten dituztenek gorriz zipriztindu ditzaketela. Ez dezagula ahantzi zibil errugabeak asteazkenean Parisen baino kopuru handiagoetan hiltzen diren drone-en aroan bizi garela.

Postkolonialismoaren ondoren, Ekialde Hurbilean Mendebaldeak izan duen politikak hazi eta gizendu egin ditu egungo gatazka armatu eta terroristak. Islamaren muturreko interpretazioak eta fanatismoak haizatu dira eta, lagunak eta etsaiak trukatzeko inolako lotsarik gabe, eremu horretan Mendebaldeak orain dituen aliatu indartsuenak dira jihadismoa sustatzen dutenak. Kouachi anaien maisuen diru-emaile handienaren etxera joango gara, urte batzuk barru, Munduko Futbol Txapelketa jokatzera (ezen salafisten armategiak ez ezik, mendebaldeko burokraten patrikak betetzeko ere ematen baitie emirrei)!

Sua suaren bitartez itzaltzea lortzen ei da, baina sua eragin duen gaia ezabatu ezean, haizea alde duenean berriro pizten da.

Lerro gutxi batzuetan arabismoaren, islamaren eta Ekialde Hurbileko gatazkaren berri ematea ezinezkoa da, baina laburrean: ekintza islamistak —nola deitu ere ez dakit— munduko ordenaren (zaharra zein berriaren) fruitu dira.

Charlie Hebdo-ren aurkakoak, badu, halere, elementu gehigarri bat, ni aztoratzen nauena, biziki hunkitzen nauena. Jainkoarena. Profetaren mendekuarena. Morroi bat tren batean motxila bat leherraraztera eramaten dituen sakoneko arrazoiak aztertzen saiatuko naiz, ekintza basakeria irudituagatik ere. Saiatuko naiz fanatismo deitutakoaren azpian hazka egiten. Itu gisa karikaturagileak hartzen dituenarekin, ordea, ezin dut. Edo Theo van Gogh garbitu zuenarekin. Adierazpen askatasunarena da —horrekin ere zenbat hipokrisi segurtasunaren izenean askatasuna bezatzen den herrialdeotan—, bai, baina beste zerbait ere bai. Erlijioa, profeta, jaun goikoak… Tolerantziarekin erantzun behar omen zaie. Eta gogor borrokatu behar dugu etor daitekeen islamofobia, zigortze kolektiboak, Le Penen hazkundeak eta beste; ekintza honen harira egosten ari diren saltsan jada borborka suma daitekeen giroa, paranoia antiterrorista. Ados. Beste aldera pasatuko gara batzuk, ikuspegi kritikoak hara eramango gaitu, oraingo biktimenbiktimengana. Baina tolerantzia, gauza batean, nik zero. Ekintza armatu bat bederen burutu beharko genuke: jainko guztiak behin eta betikoz akabatzea.

Badakit hau ez dela erlijioa, politika dela, baina politikari fede kiratsa eransten zaionean…

50 urteko gatazka armatuak ikuspegi kritikoaz gain, zamarik ere utzi digu. Iritzi emaile askorengan sumatu dut ezin atentatuaren aurka hitz egina; esplikazioetara jotzea esplikazioen unetik aurretik ere, itzulinguruka ibiltzea, testuaz ahaztuta kontestualizatzea… Baina ez da arraroa: indarkeriazko zenbait ekintzarekin akritiko izan gara, izan da jende asko, eta patsa hor da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.