mikel elorza
ARKUPEAN

Lapurretak

2015eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
UEUk eta Jakin-ek antolatutako atzo eta herenegungo jardunaldietan euskalgintzaz eta estatugintzaz jardun dute. Han esandakoak hona ekartzera ez nator, tokirik ez nuke, baina baliatuko ditut hari-mutur batzuk, nire solasa beste eremu batera eramateko bada ere. Zer on edo hobekuntza ekarriko lukeen euskal estatu independente batek —formak, mugak, edukiak zuetako bakoitzak jarri— izan zen hizpide, batik bat euskararen garapen edo sustatzeari buruz. Ez noa horietan sartzera, baina uste dut agerikoa dela abantailak lituzkeela, panazea ez izanagatik. Eta berdin beste alor batzuetan, baita printzipioz estatuen aurkako lubakian mugitzen denaren ikuspuntutik ere.

Puntu zehatz batera noa, pixkanaka.

Hanna Arendt aipatu zuten —besteak beste—, nola hark kontatzen duen talde txiki batek bortxazmenperatzen badu talde handi bat —gutxi batzuek eskola oso bat, jarri zen adibidea—, ez dela soilik gutxi horien bortxagatik, ezpada hori egiten uzten dion gehiengoarengatik, gehiago diren horiek utzi egiten dietelako. Antolatu eta erreakziorako gaitasuna garatu beharraz ziharduen hori esan zuenak, eta ulertu uste dut Arendtek dioena, erantzukizunak ez erasotzaileengan bakarrik bilatzen. Ordea, gutxi batzuk horiek metrailadorez, granadez eta pistolez hornituta datozenean, gehiengoaren erreakzioa pixka bat bederen zailtzen da.

Eta ikaragarri konplikatzen metrailadore, pistola eta granada horiek zigor kode eta epaitegietako ebazpenek baimenduta iristen badira. Alegia, Polizia edo Armada baldin bada.

Ez dut geldi eta otzan gelditzearen apologia egingo, ez, baina adibidea entzun nuenean akordatu nintzen berriki Auzitegi Gorenak berretsi duen epaiarekin, zeinak zilegiztatu duen 100etik gora taberna edo lokal konfiskatzea. Aurre egin beharko zaie, artikulatu beharko dira halakoei aurre egiteko mekanismoak, baina dudarik gabe euskal estatu edo dena delako independente batek asko lagunduko zukeen horretan. Aspaldi esana dut: Guardia Zibila eta Auzitegi Nazionalik ez lukeen erakundehorretan egote hutsak hobera pausoa emana izatea esan nahiko luke, ene ustez. Badakit Ertzaintza edukiko dugula, eta Foralak, edo Euskal Polizia Batu Orotarikoa edo nik dakita zer, eta haien ziega ilunak, eta hango eta hemengo epaitegi jator burugainetako ebazpen eta zigorrak; badakit, estatuarekiko kritikoen lehen lerroan kausituko nauzue. Baina egungo egoeran badaude gauza batzuk…

Eta azkeneko larria lapurreta hau da. Hori baita Espainiako Estatuak egingo duena, lapurreta galanta eta lotsagabea. 100 eta gehiago elkarteri euren egoitzak ebatsi egingo dizkiete: legea eskuan, baina ebatsi (legea esku batean, bestean armak baitituzte).

Zeina ez baita berria, estatuek beti egin izan dute —gureak ere egingo du— , estatu izan aurretik ere: arerioa zapaldu, zukutu, ondasunak ebatsi… Euskal Herrian azken urteotan adibide txit mingarriak ditugu, eta urteetan pixka bat atzera eginez gero adibideak bainoago ebaspenean oinarritutako sistema oso bat dugu.

Estatua ez dela ororen sendabidea esana dut, seguruenik ezeren ez da sendabide; eta gainera batzuetan lapurrak estatuez gaindikoak dira. Galde diezaietela bestela greziarrei. Herodoto eta greziar tragedia izan ziren aipagai jardunaldien hasieran. Greziarrak pertsiarren aurka. Xerxes eta enparauak, ordea, ez datozkie oraingoan ekialdetik heleniarrei. Gaztelu eta jauregiak ez daude Pertsepolisen; Frankfurten, Londresen, New Yorken daude. Marmolari orain parquet deitzen diote.

Baina, ordukoa bezala, lapurtua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.