garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

AHT gero eta ustelago

2016ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Gerrara ohitu zaitezke, baina gerra egon badago», zioen abesti sonatuak, eta halakoxe leloak laburbilduko luke hobekien gure egoera, AHTari begira jarrita. Eguneroko paisaiaren zati bilakatu zaizkigu lanak, eta batzuei, proiektuak erdiz erdi harrapatu dituenei nagusiki, kasik lore-ontziak balira bezala etxekotu zaizkie hondeamakinak, zuloak eta lokatza. Nekatu egin gaitu gaiak, hustu egin gaitu, hitzik gabe utzi, eta beste borroka berri batzuei eman diegu arreta, hau ez bezala berandu gabe irabaz litezkeen itxaropenean.

Gezurra badirudi ere, hamar urte joan dira lehen palakada eman zutenetik, eta orduko aurreikuspenik txarrenean baino okerrago gaude gaur egun. 2006ko hartan urrun ikusten zen 2010a, lanak ordurako amaituko zirela harroki esateko bezain urrun, baina 2012ra atzeratu behar izan zuten lehenik, 2016ra, 2018ra eta 2019ra gero, 2021era ondoren, eta azkenik Sine die.

Tramutan edo zatitan banatu zuten lan zibila —alegia zubiak, tunelak eta porlana—. Hamarkada osoan zati horietarik gutxi batzuk besterik ez dituzte amaitu. Beste hamasei zatitan, berriz, ezustekoak direla edo baimen arazoak direla, aurrera egin ezinik daude, eta halaxe jarraituko dute, zilborrari begira geldik, Madrilen gobernua osatu eta erabakiak hartzen hasi arte. Atzerapena, berez, aparteko okerra ere ez dela pentsa lezake inozoak, behar gorriagoetara bidera litezkeela harako izango ez diren diruak. Tamalez, paralizatzeak ere larrutik ordaintzen dira, lan kontratuei, gastu finkoei, makinen alokairuari eta segurtasunari berdin egin behar zaielako aurre. Estimazio ofizialen arabera, 2 milioi eurotik gora xahutzen da hilero, ezertxotara ere ez heltzeko.

Kalapiten segida luzea da. Hernani-Astigarraga zatiak urte eta erdi darama geldirik, baliabide ekonomikoak xurgatu eta xurgatu. Astigarraga-Irun zatian hirugarren linea egingo zaio egungo trenbideari, eta beraz, ez da lasterra izango. Bizkaiko zenbait gunetan hasi ere ez dira egin, besteak beste, alkateek baimenik ematen ez dietelako. Bilboko sarrerari dagozkion gorabeherak —geltokia non, besteak beste—erabakitzeke oraindik. Bergarako motroiloari heldu behar zioten enpresei kontratua eten zaie joan den astean, proiektua birformulatzearren (eta ondorioz, lizitazio berriek epea luzatuko dute eta aurrekontu oparoagoa eskatuko dute). Eusko Jaurlaritzak temati eusten dio gaiari, baina gogoak gogo, basamortua besterik ez zaio ageri bere eremutik harago: Nafarroako linea lozorroan, Gasteiztik behera zer esanik ez, eta Hendaiatik gora zer izango den pentsatzen ere ez dira jarriko 2032 arte. Lan zibila burutu ostean, noizbait burutuko bada behintzat, lardaskatu ere egin ez den arloari heldu beharko diote, burdin, trenbide-sare, elektrifikazio, seinaleztapen eta gainerakoari, eta batek daki zenbat diru eta zein epe beharko dituen horrek denak.

Gaur-gaurkoz, afera ez da AHT bai ala AHT ez, noiz eta zertarako demontre amaituko den baizik. Eta zein gain-kostu izango ote duen, zenbat puztuko den eta zenbat zero erantsi beharko zaizkion hasierako sei mila milioiko kalkuluari; zenbat belaunaldik ordaindu beharko duten. Eta behinola goi mailako teknologia izan zena zer izango ote den normal xamar funtzionatzeko moduan jartzen dutenean (demagun, datorren hamarkadan). Eta ez ote den erlikia zaharkitua izango, dagoeneko tren azkarragoak, merkeagoak, orografiara errazago egokitzen direnak eta ekologikoagoak ere badirela kontuan hartuta. Noraino eutsiko ote zaion proiektuari, AHTaren feudoan, alegia Frantzian ere, defizitarioa dela jakin badakigunean. Inork barkamenik eskatuko ote duen handinahikeria eta eldarnio hutsa den nahaspila honengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.