Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Idiota batek kontatuta

2016ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Klasikoek dakite zertan datzan geure frustrazioak, egunerokoaren jarraipen axalekoa egiten dugunok baino askoz zuzenago. Geuk sintomari begiratzen diogu, baina eurek historian zehar behin eta berriro agertu izan den gaitza dute jo-puntuan. Aldaketaren behar aseezinak mugitzen gaitu, eta aldatzea erraza da: zailagoa da, ordea, aldaketa aurrerabide bihurtzea.

Ortega y Gasset filosofoak esan zuen: «Ez dakigu zer gertatzen zaigun, eta horixe da, hain justu ere, gertatzen zaiguna: ez dakigula». Une zehatz bakoitzarentzako aipu gogoangarri bat dagoela ikasi dugu frustrazio handiko hainbat gau eta gero. Garai nahasiak omen ziren filosofoaren barru-gogoa astintzen zutenak, eta aldeak alde, aspalditxoko haren esaldiak gaur egungo garaietarako propio pentsatua dirudiela otu zait: inoizko ziurgabetasunik handienak inguratuta bizi gara, eta errealitateak behin eta berriro gainditzen du fikzioaren langarik sinesgaitzena ere.

Goizeko hiruretan jarri nuen atzo iratzargailua, AEBetako hauteskundeetako lehen emaitzak ordu horretan iristen hasiko zirelakoan. Desordutan eta «destokitan» (adiskide batek iradoki dit hitza, zuzentasunaren kaltetan bada ere) ikusi nuen nire burua, kafea egiten ari zen bitartean. Nire buruari galdetu nion sano ote nagoen, normala oteden munduko beste puntako boto-kontaketari horrenbesteko atentzioa jartzea. Gertatua ikusirik, alta, galdera beste bat da: mundua ote da lekutik kanpo dagoena?

Shakespearek Macbeth-en ahotan jarri zuen gertakizun zena: «Bizitza idiota batek kontatutako ipuina da, zarata eta furfuriaz beterikoa, esangurarik gabea». Botere-borroka islatzen du antzezlan ospetsuak eta argi erakusten digu boteredunen etxeetako karrajuetan ez dela argiztatu gabeko izkinarik utzi behar, badaezpada.

Bi gaitzen artean hautatu behar denean, auzitan jartzen dira norberaren baloreak. Erraza da, edo nahikoa erraza, nork bere buruarekin bakean dagoela munta honetako erabakia hartzea. Zurien handitasuna Jainkoaren dohaina dela uste dutenek, atzerritar oro lapur, bortxatzaile eta delinkuente dela uste dutenek, emakumea «kasurik onenean objektu desiragarriak» (sic) baino ez direla uste dutenek, bada, ez zuten konfliktorik batere izango atzo: toleskeriarik gabe entzun dute luzaroan lerroartean bilatu behar izan dutena.

Zailagoa zuten, ordea, Clintonen urteetako amarruek nazkatuta baina Trumpen gehiegikeriekin eroso ez zeudenek. Nola garbitu auzia? Ez du ematen asmatu egin denik. Sona handia hartu dute Susan Sarandon aktoreak honen inguruan egindako adierazpenek. Trumpen garaipenaren arriskuaren aurrean esan zuen berak ez zuela bere baginarekin botoa emango, txima irrigarrietako hautagaitza gorrotagarritzat hartuta ere, ez ziola Clinton andereari botoa emango soilik emakumea zelako. Neuk, alta, bi gaitzen artean hautatu beharreko une horretara iritsita bai, nire baginarekin pentsatuko nuen. Emakume ororen baginak uzkurtzerainoko zirrara eragin didatelako hauteskunde-kanpaina luzean zehar Trump hautagaiak esan dituenek. Sekula ez bezala, argi erakutsi duelako herri horretan (bakarrik herri horretan?) balore-eskalaren behealdean dagoela berdintasuna eta errespetua, eta barkagarriagoak direla gehiegikeria oro emakumeen kontra badoaz. Buruarekin erabakita, baginarekin ere botoa ematea zilegi da. Kontrakoa usu da, antza, nabarmen geratu denez.

Arazoa ez da Donald Trump, bere horretan kalapita handia izanik ere. Hori sintoma baita, gaitza askoz sakonagoa delako, askoz sorragoa eta, aldian aldiko agerraldi birulentoak gora-behera, nahikoa ezkutuan zetzana. Nonbait badago, han zein hemen, zorabio honen azalpenik, noraezak erakusten digu. Noraez, haserrea eta inboluzio arriskutsua. Populismoa? Bai neurri handian, eta oraingo honetan kastarik txarrenekoa, gainera. Baina bada zerbait gehiago, ihes egiten digun delako bat: federik eza, sinesgarritasunik eza edota ohiko zabarkeriarekin hautsi nahia, horretarako kaka are handiagoaren alde egin behar bada ere.

Mikaztu egin zitzaidan atzo goizaldeko kafea ohartu nintzenean ipuina kontatu digun idiotak milioika direla. Gogorra da ziurgabetasunean bizitzea, baina errealitatea are jasangaitzagoa gertatzen zait. AEBetako hauteskunde-gaua biharamuna da geurean, hitzaren adierarik zabalenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.