Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zubiak

2017ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Gure auzo zaharrean zubi berria jarri dute, haberik gabea, modernoa, corten altzairuz egina; antzik ez handik metro batzuetara zegoen porlanezko zubitzar itsusiarekin. Aspaldiko arazo latza konpontzera dator eraikuntza berria, eta, beraz, auzokoek oro har pozik hartu dugu. Ingurua itxuraldatu zaigu guztiz, bidegorria, pasealekua, farol eta bankuak ipini dituztelako haren inguruan, berdegune zenbait, eta baita olgetarako zabalgune moduko bat ere. Itxura ederra du.

Ibaiari begira eta hura madarikatuz hazi nintzen ni, Martutene, Astigarraga eta Ergobia inguruko biztanle asko bezalaxe, paraje horretan gainezka egin ohi duelako Urumea ibaiak maiz. Beste zenbat tokitan antzera izango da, nik uste. Elkarrekin partekatzen genuen drama bat, eta zubi zaharra zen haren jokalekua. Bertan elkartzen ginen auzotarrok uholde arriskuaz ohartuta, gerta zitekeena zelatatuz edo; alferrik, baina, begira egote hark ez baitzuen sekula gelditu ibaia urak handi zetozenean. Alferrik, bai, baina elkarrekin. Ongi genekien errua ez zela ibaiarena, baina ibaiari berari madarikazioka zuzentzen gintzaizkion, eta bertan, zubi zaharrean, ezintasuna elkartasun bihurtzen zen, elkarri adierazten baikenion ez geundela bakarrik gerta zitekeenari aurre egiteko.

Lehen aldiz zubi berritik igaro naizenean, ordea, zerbait arraroa sumatu dut, hutsune moduko bat, zerbaiten falta. Ohartu bainaiz kanpokoa ez ezik, neure barruan ere zerbait aldatu egin dela zubi berriarekin, zerbait desberdin, eta ez derrigor hobea, ekarri duelako. Lehen topagunea zena orain iraganbidea da. Lehen elkartu egiten gintuenak orain alderik alde zeharkatzeko lekua bilakatu da, onenean ere, elkar agurtzeko moduko tokia. Zubi bat irabazi dugu, baina sinbolo bat galdu. Halakoxea da bizitza, itxuraz.

Maiatzaren Lehena ospatzeko jende-andana elkartu zen joan den astelehenean mundu osoan. Niri beste zubi batean, Bilboko Euskalduna zubiaren ondoan, suertatu zitzaidan manifestazioa egingo zen lekura zihoazenetako batzuekin bat egitea. Talde txikitan zihoazen, baita bakarka ere horietako zenbait; berriketan edo isilik, batzuk banderatxoak zeramatzatela, gehienak, berriz, esku hutsik. Igarobidean, ibaiaren alde batetik bestera. Handik pasatzen naizen guztietan gogoratu ohi dut huraxe izan zela Bilboko iragan proletarioarekin izan nuen lehen harremana, hara etxez aldatu nintzenean zubi horren inguruan jazo ziren langileen protestak azaldu baitzizkidan, garai loriatsuak gogoratzean erabili ohi den tonu handiosaz, Zizeronearena egin zidan adiskideak. Zubi hartan elkartzen omen ziren ontzioletako greba eta protesta egunetan bertako langileak, grisei eta enparauei aurre egiteko eta defentsarako ekimen berriez eztabaida egiteko. Adiskideak ongi gogoratzen zituen orduko xehetasunak, besteak beste han ezagutu zuelako gerora eta urteetan bikotekidea izan zuena, eta erdi txantxetan (behar bada serios) esaten zidan beren alabak «zubitarrak» zirela, zubi horretantxe sortuak. Gaur egun pasealeku ederra da, estalpe eta guzti duena, nahiz eta aspaldidanik ez den inor bertara babes bila joaten.

Ez dakit zein diren garai nahasi hauek eskatzen dituzten zubigintzak, baina zerbaiten premia larria dugula esango nuke; makina bat aukera alferrik galtzen uzten ari garela, nor bere ibaiaren ertzetik begira, elkarri mokoka eskuarki.

Berlin eta Potsman artean Glienickle zubia dago, Havel ibaiaren bi ertzak lotzen dituena. Jhon Le Carré idazleak (Smiley's People) eta Spielberg zinegileak (Bridge of Spies) ospetsu egin zuten, Gerra Hotzaren garaian bertan egiten baitziren alde bietako espien eta presoen trukeak. Mendebaldeko eta Ekialdeko Berlinen artean ika-mika handia egon zen zubiaren mantentze lanak nori zegozkion erabaki ezinik, eta, horrela, ia behera erortzeraino laga zuten abandonatuta. Berlingo Harresia eraitsi eta biharamunean, zubia izan zen agintariek ireki zuten lehen pasabidea. Elkargune deitzen diote bertakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.