Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Malkoak euritan

2017ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Hiriak gauez atsegin ditut gehien, bereziki urrutitik begiratzen ditudanean, distantzia batera. Alde handia dago, ikusteko modua erabat aldatzen baitu iluntasunak: argiak agerira ekartzen dituen orban itsusiak desitxuratu egiten ditu, eta argi artifizialen segidak bideak marrazten ditu mihise beltzaren gainean. Gauez begiratuta, hiri guztiak handiak dira, baita txikienak ere; handiak eta handiosak imajina ditzakezu, nahi duzun modukoak. Badu horrek bere infrentzua: ikuskizun ederraren aurrean, naizenaren egiazko neurria azaltzen da: argi-txinpart ezdeusa, puntu babesgabea.

Ispilatze bat dela jakin arren, nork ez du atsegin, lantzean behin, bere burua engainatzea? Amarru horri esker, gauzak diren bezala baino, ni neu naizen bezalako direla pentsa dezaket.

Hiriak ez ezik, errealitatea ere distantzia desegokitik behatzen dugu askotan, ikusi nahi duguna agertu dadin, geure lasaitasun eta atseginerako, eta ikusi nahi ez dugunak kezkarik batere sor ez diezagun.

Joan den astean ezagutu genuen zibererasoaren nondik norakoak azaltzeko erakutsi zaizkigun mapek lilura bera sortu didate. Milaka argi-puntu txikiez jositako alegiazko bideak ikusi ditugu, dir-dir egiten duten lurreko izarrak bailiran, ortzaldean ametsezko sare bat ehuntzen dutenak, gune trinkoak eta orube soilak erakusten dizkigutenak. Beldurgarria ez balitz, zoragarria zatekeen ikuskizuna.

Mundu osoko komunikazio-sareko lotuneetan piku egin zuen zibererasoak, eta eragindako kalteak zehazki zein izan diren jakingo ez badugu ere, itzela izan dela diote honetaz dakitenek: sekula horrelakorik ez, erasoa aurrera eramateko moduengatik eta lortu duen irismenarengatik. Hasi telefonia-etxeetatik eta ospitale, industria handi eta enparauetara, gaitza munstroaren barrunbeetaraino sartu zuten erasoaren egileek, garbi eta bizkor, inoizko izurriterik handiena sortuz. Etxe edo zerbitzu erraldoi horien kalapitak gurekin zerikusirik ez duela pentsatzea inozokeria da, errealitatea, beste behin ere, distantzia okerretik begiratzea.

Garenaren neurrira itzuli gaitu erasoak, jauzi txiki batez utopiatik distopiara ekarrita, ametsetatik amesgaiztora. Kontua ez da berria, aspalditxotik ari baitzaizkigu garai honek berez dakartzan arrakalez ohartzen, baina entzungor egiten dugu, ez ikusiarena eginez arriskua konjuratuko dugulako uste ustelean. Txanpon beraren bi aldeak banaezinak diren bezala, aukerak eta arriskuak, biak ala biak, batera datoz. Lehenak gozatu egiten ditugu, eta bigarrenak berriz, albo batera utzi. Geurea den guztia (datuak, pribatutasuna, harremanak sortzeko gaitasuna, segurtasuna, den-dena) beste batuen esku utzi dugu, ezagutzen ez ditugun, zer interesa duten, hori guztia nola eta zertarako baliatzen duten ez dakigularik. Zer egin dezakegu? Zaila da erantzun betea, baina erdi-bidekoa okurritzen zait: gauzak distantzia egokitik begiratu beharko genituzke, behintzat, ispilatzeaz jabetuta.

Txekhov-en lan ezagun baten irakurri dut ondokoa: «antzezlan baten bigarren eszenatik aurrera pistola bat agertzen bada, lana amaitu aurretik norbait akabatu egingo dutela segurutzat eman behar da». Kontakizunean ez baita hari solterik lagatzen, lehenago edo geroago guztiek bat egingo dute.

Munduko argitxoen mapa alderik alde zeharkatu zuen gaitzak, eta aurrera egin ahala amatatuz zihoazen puntutxoak, gaurik beltzena iragarriz bezala. Ikuskizun ederra zela pentsatu nuen, bazuela zerbait poetikoa eta profetikoa: geuk jakin gabe ere mendean hartuta gauzkan amaraun ustez ahalguztiduna marketsa dela erakusten du, hutsala. WannaCry izena eman diote, «negar egin nahi dut». Blade Runner filmeko elkarrizketa ezagun hura ekarri dit akordura: negar egingo dugu, baina alferrik, malkoak euritan bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.