mikel elorza
ARKUPEAN

Orain ere kontra

2015eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Zuzenbide Fakultatean ari ginela irakurri genion zigor zuzenbidean aditu bati herrialde baten demokratikotasuna neurtzeko modu egoki bat izan zitekeela haren zigor sistemari, espetxe sistemari erreparatzea. Espetxe sistema irekia zeukan Nikaraguaren kasua ekartzen genuen ahora batzuek orduan, sistema irekia zer eta gerraren erdian!, azpimarratzen genuen; badakizue, iraultza sandinistarekin liluratuta bizi ginen aroa zen, «la flor más linda de mi querer».

Jihad bidaiarien garaiotan ez da txarra gogoratzea hainbat gazte europar joan zela Ertamerikara nazioarteko iraultzan parte hartzera. Pakito Arriaran bezala batzuk, azken muturreraino, elkartasun eta ilusio kilo pila batekin beste hainbat; AK-en distirak argituko zituen batzuk, baina nago gehienengan gerrilletarako joera beste asmo ederrago bat zela, itzaltzen joan eta urte batzuk geroago Chiapasen azken zaparrada utzi zuena. Militantzia turismorantz apur bat lerratua, ordurako.

Ez nago, baina, iraultza eman eta zabaltzearen azterketa egiteko tenorean, arbolari bezala gizarteari sustraiak ere ito ote zaizkion aztertzeko asmoz. Nahiz eta merezi duen, hala iraultzarenak nola arbolarenak: metafora ona ez al da arbola ito izana, iragazteko gai ez den lur eskas batean, gehiegi edukitzeagatik?

Ez nator 80ko urteen oroimina berritzera ere, aspaldian maiztxo egiten dena (ez ote dago joandako garaien gorespenaren atzean euren zahartzea barneratu nahi eza?). Zigor Kodea egungoa ordukoa baino gogorragoa da, askoz —eta hura ere gogortzat deitoratzen genuen—; baina, hartuko genuke? Kodea agian, bestelakorik… Berrituko baitzaizkit hamar eguneko atxiloaldiak, Herrera de la Mancha prisión de exterminio eta beste tortura latz batzuk. Funtsean aldatu ez direnak. Mudatu dira, polizien uniformeak bezala, baina esaera zaharrak dioen legez, Erroman ere poliziek borra. Ez dira gehiegi mehetu torturaren urteroko txostenak; hamar egunetik bostera jaitsi zen atxiloaldien luzera, baina infernurako bidaia izaten jarraitu du; eta sakabanaketa, preso gaixoak, bakartuak, 30 urte itzalean… Oroimina utz dezagun, beraz: ez dago atzera jo beharrik minez jarraitzen dugula esateko.

Hauek, azken batean, zigor zuzenbidea bainoago gerra estrategiak dira. Zigor zuzenbidea tresna da Estatuak ETA eta horren anparoan disidentzia politikoa borrokatzeko baliatu duena. Erabaki militarrak izan dira —uniformea toga izanagatik ere—, eta gatazkaren intentsitatearen arabera moldatu dira. Eta orain atxilotuekiko tratuan leunago dabiltza, inkomunikazioa badirudi iraganeko mamu izaten hasiko dela, baina mailaketa da, eta Auzitegi Nazionaleko makro-epaiketekin segitzen dugu, eta larderia mugimendu batean 16 pertsona atxilotu zituzten Bilboko manifestazioaren ondoren. Bide batez: makro-epaiketa bat zer da zuzenbidearen perbertsio latza ez bada?

Gu manifa baten ondorengo atxiloketak salatzeko beste manifa bat egiteko gauza gara, eta zenbat jende!, baina, lagun batek esan zigun bezala, ez dugu meritu makala urtero halako subidoien zaputza metabolizatzen. Onar dezagun: estatua indartsu eta su-etenik gabe dela jarraitzen dugu, eta horri aurre egiten ez dugu asmatu. Diskurtso epikoak gorabehera.

Zigor zuzenbidea tresnatzat duen politikaz gain, zigor zuzenbidearen kontzepzioa ere badago, halere. Egunotan Zigor Kodea berriro ere segurtasunaren errotara eraman dute. Bizi arteko kartzela zigorrak eta lerroburuetan azaltzen ez diren beste batzuk, estatu zaindaria eta herritar zaindua aurrez aurre ez, bata bestearen bizkarraren gainean astunago jartzen dituena. Askatasunaren beraren izenean askatasuna kamustu, irendu, eta prostituitzen dute, eta harro daude.

Kontraterrorismoaren urakana bizi dugu, baina bada 80ko sandinistekin antzekotasunik: kontra orain ere beste aldean daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.