Patxi Zabaleta
ARKUPEAN

Diada: 15 eta gu

2015eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Bihar, 2014ko irailaren 11, ospatuko den diadak garrantzi berezia izanen du ez bakarrik Kataluniaren etorkizunerako, baizik baita ere Euskal Herrirako, estatu osorako eta Europarako.

Itxura guztien arabera aurtengo Diada Kataluniako independentismoaren ibilbide luze bezain interesgarriaren azkenekoada, besteak beste, datorren 27rako deituak dauden hauteskunde plebiszitarioen kanpainaren gailurra bilakatu delako. Prozesu honen epilogoa hauteskunde plebiszitario hauek markatuko dute eta ondorenbeste nolabaiteko egoera baten sartuko da Europako nazio katalandarra. Eta horrek eragin zuzena izanen du Euskal Herriko eta Europako etorkizuna marraztuko duten oinarri politikoekin. Horregatik aurtengo Diada badagokigu euskaldunoi.

Nik uste eta itxaro dut biharko Kataluniako Diadak arrakasta handia izanen duela eta horrek eragin zuzena edukiko duela Euskal Herriko gaur egungo eztabaida sakon batean, zera, ea Euskal herriaren gatazka politikoa den eta izan den ala ez. Lizarra-Garaziko akordiotik sortutako ibilbideak edo Ibarretxeren egitasmoak bere epilogoa eta ondorioak izan zituzten bezala, Diada honek eta datorren 27ko plebiszitoak markatuko dute beste epilogo bat, bere ondorio guztiekin.

Lizarra-Garaziko ibilbidearen herri ondorioa izan zen borroka armatua eten beharra eta borroka horren jatorri eta xedea zeharo politikoak izateak eragin zuen borroka armatuaren etena aldebakarrekoa izan beharra, Gernikako Akordioaren testuan ezartzen den bezala.

Estatuak eta estatuko indar politiko nagusiek erabakitzeko eskubideari behin eta berriro ematen dioten ukapen antidemokratikoaren aurrean, biharko Euskal Diadak —horrela dei bageneza— zer ikusia dauka 27an gertatuko denarekin eta gurekin.

Ibarretxeren egitasmoa gori-gorian zegoenean orduko Aznarren bi ministrok bultzatuta —Angel Acebes eta Jose Maria Michavila izenekoek hain zuzen ere— estatua Zigor Kodea aldatzen hasi zen. Horretarako une hartan eztabaidan zegoen Aurrekontuen legea erabiltzeko asmoa izan zuten, xedapen gehigarri bat erantsiz, Ibarretxe salatu ahal izateko. Orain gauza bera egiten ari dira Epaitegi Konstituzionalaren legea espresuki aldatuz Artur Mas epaibidean jarri ahal izateko. Erreakzioak errepikatzen dira, baina gero eta zailagoa izanen da Eskozian askatasun eta demokrazia osoz egin ahal izan dena, Katalunian edo Euskal Herrian debekatzea eta eragoztea. Demokrazia beti legearen gainetik baitago eta erabakitzeko eskubidea demokraziaren ezinbesteko zatia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.