mikel elorza
ARKUPEAN

Deskonexioa

2015eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Hitzak boladako egoten dira, jakina da, komentatu izan dugu hementxe bertan eta hainbat dira adibideak. Deskonexioa, horixe datorkigu orain. Telefonoak dakarzkit gogora, eta hariekin lotzen dut, argindarrarenak bezala gure burmuinean neuronen artean gertatzen diren kontuekin. Aparailu elektriko eta telefonoenak teknokontutzat utzita, bestea egin izan zait erakargarria. Konexio sinaptikoen haustura horiek, garuneko zirkuitu-labur horiek, batek daki nola deitu eta azaldu, ekartzen duten deskonexioa. Neuronen artekoa eta, ondorioz, pertsona horren eta (gure) errealitatearen artekoa. Jendea errealitatea beste era batera ikustera daramana, nik zalantza handia izanik benetan deskonektatuta pertsona horiek ote dauden —pastillaz otzantzen dituenak gure osasun sistemak, Gizarte Zerbitzuetako bezero, familia askoren zama latza— ala gu, normalok, konektatuegi; baina ez dut hori gaurko gaia. Ez da gure literaturan gehiegi baliatu izan den hitza, deskonexioa, apenas topa daitekeen adibiderik eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak ere ez du jasotzen. Aditza bai, deskonektatu, baina substantiboa ez. Pentsa dezagun, positiboak izanez, euskaldunok ekintza hartu nahi izan dugula aintzat, katalanen ekintza demagun, beste ezer baino lehen. Ekintza lehenbizi, eta gero horren emaitza, deklarazioa. Edo alderantziz. Berdin dio: ordena bata ala bestea, gauzatuz gero, bikaina. Eta gauzatze bidean ibiltze bera, ere bai.

Prentsak baliatu izan du hitza, BERRIA-k adibidez, baina pare bat etsenplu kenduta, erabilitako ia denetan deskonexio zehatz bati buruz izan da: Gazakoa. Israelgo Gobernuaren erabaki bat izan zen, deskonexio-plana, hala deitua, non onartu baitzen kolono juduak Gazatik eta Zisjordaniako hainbat eremutatik erretiratzea. Duela 11 urteko kontua da, garai hartan gure orrialde eta informazioaren uhin-minutuak okupatu zituen hitz horrek —Israelek lurraldeok zeuzkan bezala—. Hitza gerora desagertu zen gure mapatik, informazio jardueren patua horixe baita. Israel Gazatik ez da desagertu; deskonektatu zen kolonoak Gazatik ateraz, baina orain boladaka urrutiko agingailuaz konektatzen da, ondorioa izanik Gazako komunikabide eta azpiegituren suntsiketa eta ziento batzuk herritarren errealitatearekiko deskonexio definitiboa.

Deskonexio-ordena bestelakoa dugu, baina, atzokoan. Israel bera izan zen deskonexio-plana onetsi zuena, haiek utzi zuten Gaza. Alderantziz gabiltza orain: Katalunia da deskonektatuko dena, Espainia hariak eta batez ere loturak ez dituela askatu nahi gogor dabilen bitartean. Hari eta zubi batzuk deskonektatuko ditu —diruarenak, esan dute, eta normala da, gerra bateko lehen lerroetakoa izaten da ekonomikoa—, baina loturak mantentzearren. Loturak eta korapiloak, katalan asko estutzen dituzten korapiloak, Espainiak hori ikusi nahi ez badu ere. Ikusi bai, onartu ez.

Israelen deskonexio-plana burutu zuen gobernuburua Ariel Sharon izan zen, akordatzen zarete?, zortzi urte eman zituen bizitza errealetik at baina erabat deskonektatu gabe, iaz arte. Deskonexio hori da, hain zuzen ere, nire hiztegian hitza honen erabilerarik usuena, ustez bizitzara baina berez makinara lotzen zaituen horretatik askatzearena.

Eta horixe da Estatuak mehatxu gisa erabili duena Kataluniaren deskonexio deklarazioaren aurrean. Hilzorian geratuko zela Katalunia. Argudioak ez dirudi balio izan duenik, denek baitakite Katalunia ez dagoela gaixo, eta berriketa utzita ohiko konexio-bideetara jo dute Madrilen: Auzitegi Konstituzionala, 155aren mehatxua, diru-iturrien itxiera…

Lurralde alorrekoak, bizitza artifizialarekikoak, telefonia sareetarakoa, errealitate gero eta burrunbatsuago honetarakoa… aplikazio-eremu desberdinei begiratuta, esango nuke gustatzen zaidala deskonexioarena. Ildo polita da, norbere burua definitzeko: ni deskonektista naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.