Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Isuriak

2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Panama aldeko oihartzuna heltzen ari zaigu eten gabe azken egun hauetan, sona handiko izen-deitura askoren artean. Denbora kontua da, eta ez du luze joko, ohitu edo gogaitu arte, eta behin puntu horretara iritsitakoan, ia oharkabean pasatuko dira albisteak. Ez da lehen aldia horrelako zerbait gertatzen dena, eta ez da hau salbuespena izango. Ezaguna zaigu bat-batean sortzen den eztandaren ondoren berehala zabaltzen dela zurrumurrua, eta hura ere, apurka-apurka isiltzen joaten dela. Falcciani, Snowden, Assange... Albisteen jarioak askatu ziren unean berebiziko oihartzuna sortu zen, baina gaur egun, kasuez bereziki arduratu edo ohartuta daudenak alde batera utzita, nork gogoratzen ditu iruzur erraldoi horien xehetasunak? Aipatutakoak, gainera, mundu mailako hedatze-uhina eragin zutenez gero, zertxobait gehiago irautea lortu zuten, baina maila domestikoagoan, zenbat halako ez ote diren ustelkeriaren soinu-bandan galdu?

Aldeak alde, gure etxean duela gutxi gertatu da antzeko fenomeno bat. Aurreko gauean lo gaizki eginda jaiki eta gero, harraskako iturriak isuria zuela esan zuen alabetako batek, zeren eta bere gelatik entzun omen baitzuen tantaka-tantaka galtzen ari zen uraren soinu sarkor hura, amorragarria. Hurrengo egunean iturgina etorri zenean argitu zigun ihesa ez zela berria, asteak generamatzala iturri matxuratuarekin, eta normala zela ordura arte ez jabetzea, bere eskarmentuaren arabera soinu errepikakorretara erraz ohitu egiten baita bat. Hipoakusia esaten omen zaio entzuteko gaitasunaren galera partziala edo aldi baterakoari, eta esango nuke ez gaudela hortik oso urruti.

Beldur naiz ez ote garen honezkero erabat mestizatu soinu desatseginen ekosistema zikinarekin.

Hitzek badute horretan zerikusia. Ustelkeria esaten diogu lapurtzeari; optimizazio fiskala esaten diogu geuronak diren baliabideak ebasteari; paradisu fiskala deitzen diogu filibusteroen portu frankoei; ustela esaten diogu gezurtiari; «bixkorra» deitzen diogu tranpatiari... Askoz argiagoa izango litzateke guztia, eta errazago ohartuko ginateke egindako kalteaz, adibidez, offshore (horra, beste eufemismo eder bat) enpresa horiek saihestu dituzten zergek herritarron zerbitzuetan eragin duten zuloak argiago erakutsiko bagenitu. Australiako Ogasunak joan den urtean egin zuen era horretako saiakera bat, telebista-iragarki deigarri batzuen bidez. Oherik gabeko ospitaleak erakusten zituzten, bukatu gabeko errepideak, arbelik gabeko eskolak eta abar, eta irudi bakoitzaren ondoan, babesle gisa, beren zergak bertan ordaintzen ez dituzten enpresen izen eta irudiak. Besterik okurritzen ez zaigun bitartean, zergak dira zerbitzu sozialak, hezkuntza, osasuna, azpiegiturak eta beste, hornitzeko dugun modu bakarra, eta hori herritarron ongizatearekin lotura oso zuzena du. Eufemismoak gorabehera, zeure eta neure bizi-kalitatea da anekdota hutsa baino askoz gehiago den iruzur orokortuak gehien zigortzen duena.

Ezaguna da honezkero informazio hori guztia, Panamako Paperak izenarekin bataiatu dena, ez dela zerga-antolamenduaz arduratu beharko luketen arduradunen eskutik iritsi. Ezaguna da, edo hala beharko luke, kazetariek egindako lanari esker jakin dugula dakiguna. Eta ezaguna beharko lukeela diot, eta azpimarratu egingo nuke, zer pentsatua eman didalako horrek. Nork kontatu behar du botereak kontatu nahi ez duen, kontatu ezin duen, kontatzera ausartzen ez den hori? Mozal Legeak eta antzeko amarruekin pertsegitu nahi den kazetaritza berari zor zaiolako dakigun guztia jakitea, eta hori ez da detaile txikia, nire irudiko. Barka ezazu, irakurle, nolabaiteko korporatibismoaren traza hartzen badiozu nire esanari, baina kazetaria izan ala izan ez, herritarrek argi ulertu beharko lukete bere jarduna mehatxupean ikusten duten kazetariak, edota bitarteko nahikorik gabe lan egitera derrigortuta daudenak, nekez izango direla gauza botere-gehiegikeria orekatzeko, eta ondorioz, berez den baino ahulagoa izango dela geure eskubideen babesa.

Gogaitu gaitezen, baina ez ohitu. Ez gogor bihurtu. Ez gehiegikerien aurrean gogortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.