Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Periferiaren gorazarrea

2016ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Milaka herritar karrikan protestaka, eta haien artean aldaketaren aldeko lau indarretako ordezkariak. Nafarroako gehiengo sozial eta politikoa gehiegikeria mediatiko eta judizialen aurka.

Albiste ona, hasteko, Altsasuko bederatzientzat, gehiengo horren irudiak bidegabekeria birbideratzeko aukerak areagotzen baititu. Albiste ona, halaber, aldaketarentzat berarentzat, afera honekin laukotean arrakala zabaldu nahi zutenei erantzun bateratu irmoa eman dielako.

Zalantza daukat: ez dakit Euskal Erdian halako arrapostua posible zatekeen.

Zentroa eta periferia. Kontzeptuok, besteak beste, inperialismoaren aztertzaileek zerabiltzaten, azaltzeko zentroan —metropolian— ustezko irizpide eta interes komunen arabera hartzen zituzten erabakiek periferiara —kolonietara— hondamendia zekartela.

Zilegi bekit analogia desproportzionatua azaltzeko, ene uste harroan, kostaldezentrismoak politikan —eta sindikalgintzan, eta euskalgintzan, eta...— harturiko hainbat erabaki nahikoa desegokiak izan direla barnealde periferikoentzat. Eta, bidenabar, nabarmentzeko interesgarriagoa deritzodala periferia heterogeneo eta gatazkatsuari, zentro ortodoxo eta zurrunari baino; izan ere, aldaketa interesgarriak gerta daitezen humus askoz emankorragoa begitantzen zait lehena bigarrena baino.

Konparaziora, euskal politikan azkenaldiko gertakaririk interesgarrienak ez dira gauzatu Gasteizko legebiltzarrean, baizik eta Gasteizko udaletxean —bai, hori ere periferia da, ene uste makalean—, Ipar Euskal Herriko elkargoan edota Nafarroako erakundeetan.

Prozesu horiek guztiek badute ezaugarri amankomun bat: gehiengo berriak sortzeko ahalegina. Eta izendatzaile komun hori —demokrazian sakontzeko bulkada hori— konpartitzen dute kontinenteko mugimendu eraldatzailerik interesgarrienekin: Eskozia, Katalunia, munizipalismoa...

Sustrai Colinak aurrekoan zioen bezala, garai likidook izen polita dute baina denok galduta gauzkate. ETAk armei adio esan die. Krisi sistemikoaren, tokomotxo globalaren eztandak dena hankaz gora jarri du. Militantziaren kontzeptua bera zeharo aldatu da. Iparra galduta gabiltzan honetan, demokratizazioaren aldeko apustuak itsas argi balekoa dirudi.

Euskal erdian, botere-kontrabotere eredua da indar betean —nagusiki kolore politiko jakin bat duen— administrazioaren eta —nagusiki beste kolore politiko jakin bat duen— euskalgintzaren arteko harremanetan.

Egun, baldintzak bestelakoak dira gure Foru Erkidego Periferikoan, besteak beste, administrazioaren eta euskalgintzaren artean antzekotasun kromatiko handiagoak daudelako. Une aproposa lirudike zentroko eredua bazterrean utzirik, eredu propioa garatzeko.

Adibide bat jarriko dut: berriki, Administrazioarekiko Auzien Aretoak Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoko euskarazko 100 plazak baliogabetu zituen. Horren aitzinean, bizitza osoa botere-kontrabotere terminoetan pentsatzen daraman kazetari nafar euskaldun erresiliente honen lehen erreakzioa izan zen oroitzea zeinen gaizki egin zituen Departamentuak deialdia zein deialdiaren komunikazioa, zeinen jarrera oldarkorra erakutsi zuen Izquierda-Ezkerrak, zeinen gaizki egin genuen besteok ere.

Baina agian, beharbada, apika, erreakzio eraginkorragoa izanen zen —coach merkeek nola— krisian aukera ikustea eta, bere garaian aldaketaren aldeko indar guztiek onetsi zutenez baliogabeturiko deialdia, nabarmentzea gehiengo sozial eta politiko bat dagoela euskarazko plazak ateratzearen alde. Azpimarratzea epaileek sindikatu korporatibista txiki baten interesak lehenetsi dituztela. Lau haizetara zabaltzea modu antidemokratikoan ari direla —jakina, ez gehiengoaren kontra joateagatik soilik, baina baita horregatik ere, hortik errazagoa baita euskaldunekiko justizia sozialaz, irtenbide igualitarioez eta hizkuntza eskubideez jardutea—.

Ez naiz ari administrazioari sostengu akritikoa emateaz, baizik eta —berriro coach merkeak bezala— gure konfort eremutik ateratzeaz, jarrera hartze automatikoak baztertzeaz, bestelako diskurtsoak garatzeaz, akuilu ez ezik makulu ere izateaz, sinergiak bilatzeaz, Maltzaga (soziolinguistiko)raino elkarrekin joateaz, gutxiengo zaharretan kateatu gabe gehiengo berriak osatzen ahalegintzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.