Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Kale argazkilaria

2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Txabusina zikina soinean, eta irribarre maltzurra eta zigarro-punta, eta biraoren bat ahoan. Halaxe dut gogoan Joxe, Iruñeko Donibane Auzoko Zapata tabernaren ondoko Egin-en egoitzan, bere gela ilunean, karretez, erretiluz, errebelatzeko likido potez, hautsontziz eta, batez ere, argazkiz, dozenaka, milaka, mundu bat argazkiz inguraturik.

Beti genbiltzan presaka, Euskaldunon Egunkaria-k beste guztiek baino lehenago ixten baitzuen edizioa haurrentzako telebista saioak amaitu aurretik, hortik atera kontuak: elkarri pare bat ziri azkar sartu, eguneko argazkiak di-da batean aukeratu, kartazalean sartu, eta, ia agurtu gabe, ziztu bizian alde egiten nuen bizikletaz autobus geltokirantz, merkantzi baliotsu hura La Roncalesa-ko gidariari eskura ematera. Andoainen, beste lankide batek jasotzen zuen, eta egunkarira eraman.

Internetik gabeko garaiak. Ez zen sare sozialik, ezta sakelako telefonorik ere. Joxek argazkia egiten ez bazuen, ez zegoen gertatutakoaren lekukotza grafikorik, ez zegoen gertatutakoaren probarik. Eta Joxek argazkia egitea, hainbatetan, ez zen hain erraza, ederki baitzekiten nor zen, eta, horren jakitun, ederki berotzen baitzizkioten bizkarrak. «Ya está aquí el hijo de puta de la coleta», gaztigatzen zioten elkarri, eta aukerarik txikiena baliatzen zuten borra-kolpea emateko berari, edo are mingarriagoa izaten zena bere argazki makinari. Zenbat ubeldura. Zenbat objektibo apurtu.

Joxe, ordea, ez zen sekula kikiltzen, besteak beste, argazkigintzan lanean hasi zenerako ederki zaildua zelako borra-kolpeak estoikoki jasotzeko artean. Jarauta karrikako Lacalle taberna gobernatzen zuelarik eta, bidenabar esanda, garaiotako nerabeei gaseosarekin nahasturiko ardo gorri toxikoa saltzen zigularik: Joxeren istorio pertsonala ez da orbanik gabea, poliziek zein Cristo Rey taldeko gerrillariek noiznahi egurtzen zuten. Bonba ere jarri zioten. Zorionez, ez zuen eztanda egin. Besteak beste, diot, Joxek bazuelako beste arrazoi bat horren irmoki jokatzeko: bere lanaren garrantziaren oso kontziente zen. Kazetaritza fakultatetik pasatu gabe ere, aski ongi zekien kalean egiten zituen argazkiekin botere publikoen gehiegikeriak fiskalizatzen ari zela, bere argazki horien bidez jendea entretenitu ez ezik informatu eta formatu ere egiten zuela.

Bazekien, finean, bere kameraren lekukotzak borroka sozialak babesten eta bultzatzen zituela, 80ko eta 90eko hamarkadetako urte berunezko eta eferbeszente haietan. Arangurengo zabortegiaren zein autobiaren aurkako borrokak. Presoen eta euskararen aldekoak. Intsumisioa. Solidarioak. Okupazioak. Denak ikusi zituen bere kameraren objektibotik.

Denen lekuko eta lagun izan zen, irribarrea ezpainetan beti; izan ere, poliziari hortzak estuturik aurre egiten bezain trebea zen hurbiltzen zitzaion beste edonori irribarre zabala eskaintzen. Denekin moldatzen zen ongi. Hala solidario txima-luzearekin, nola lehendakari gorbatadunarekin. Zur eta lur geratu nintzen lehendabizikoz bertatik bertara ikusi nuelarik zer nolako harreman ona zuen Miguel Sanzekin. Herri lan batzuen inaugurazioa amaiturik, ez nituen bada biok bazter batean ikusi, zigarreta erretzen, iji eta aja.

Egin-en eta Euskaldunon Egunkaria-n lan eskerga egin zuen Joxek. Eta, profesionalki, ez zuen merezi zuen esker ona jaso. Jubilatu arteko azken urte luzeak, ostalaritzan lanean eman behar izan ditu. Orain, jubilatu berritan, argazki liburutzarra plazaratu du Txalaparta argitaletxearen eskutik, Memorias de Lacalle, Nafarroako borroka sozialen azken 30 urteotako kronika ikusgarria.

Bada garaia ozen esateko gizon ausart, engaiatu eta jatorra ez ezik, Joxe Lacalle argazkilari puska dela, liburuaren aurkezpenean Martxelo Diazek ederki aldarrikatu zuen bezala, Nafarroako kazetaritza grafikoaren historiako erreferente ezinbestekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.