Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Oinarrizko hitzarmena

2015eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Gure jendarteko aurreiritzien iruditeriako juzku kolektiboetako bat da mediku ona eta mediku euskalduna zerbait bateraezina dela, derrigorrezko aukera binarioa: «Zer duzu nahiago, mediku euskalduna ala mediku ona?». Batetik, mendeetan txertatutako logika erdara prestigiatzaileen eta euskara gutxiestaileen ondorioz barruraino errotu zaizkigulako zein diren Zientziaren eta gainerako unibertsalen hizkuntza naturalak. Bestetik, azken urteetan euskararen mendekotasun egoera arintzeko abian jarritako sustapen politikei sektore batzuek jaiotzetik erantsi dietelako inposizioaren eta diskriminazioaren susmoa.

Alegia, zabaldu delako —batzuetan pribilegioa galdu dutenen edota ahalegina eskatu zaienen deserosotasun ulergarritik eta bestetzuetan hizkuntz auzi hutsaz haraindiko interes politikoengatik— administrazioan lan egiteko ezartzen den baldintza ia bakarra euskaraz jakitea dela. Hau da, osasun etxean tarteka topa dezakezun mediku euskaldun hori hor dagoela euskararen jabe delako —Goierriko herri txiki eta galduren batean jaiotzeko pribilegioa edota ikastolan hazia izanarena itsasten dizkio, halaber, aurreiritzi multzo berak—. Beste era batera esanda, euskara jakitea duela merezimendu bakar, eta, apenas egiaztatu behar izan duela osterantzean osasun arloko ezagutzarik. Bidegabekeria borobiltzeko susmoak dio medikuntzaren Olinpoan sartuko liratekeen mediku mordoa etxean daudela alferrik galduta, euskaldun ez direlako.

Baina baieztapen hori aurreiritzi kolektibo bat da, Euskal Herrian ez dela ligatzen dioen txiste maiztuaren hein berekoa. Edota eremu latz eta larriagoetara behatuta, migranteak gure jendarte zerbitzuen pentzura bizi diren alfer kasta zurrupatzailea direla dioenaren gisakoa —eta azken boladako aldaeraren arabera, gure ongizatea agortuko duten bizkarroiak ez ezik, laster estatu islamiarraren menera jarriko gaituzten gaiztaginak—. Jakina, errealitate xeheari eta datuei erreparatuz gero, laster amiltzen dira baieztapen horiek eta tankera bereko besteak.

Baina gure sistemaren parte da hurkoak elkarri errezeloz begira jar daitezen sustatzea, elkartasunik eta senidetza aldatzailerik eraiki ez dadin, eta, horretarako, lanabes zoragarria dira aurreritziak. Era berean, ordea, sistemak gutxieneko kohesioa behar du: kontrolatua behar ditu errezeloak, liskarra bera ere kontrolatua izan dadin, engranajea leher ez dadin. Ondorioz, oreka zailetan ikusten ditugu maiz agintari eta, oro har, diskurtso politiko nagusien egituratzaileak. Kontsentsua izan ohi da hitz fetixea.

Garai korapilatsuak dira egungoak. Krisi izendatu diguten baliabide eta eskubideen arpilatze masiboak sortutako egoera dugu batetik, zeinak neurri batean erregimen politikoaren zimenduak dardarazi dituen une batez Espainiako Erresuman eta haren menpeko euskal herrietan. Eta, jakina, ETAren indarkeriaren amaierak ere franko aldatu du aurreko jokaleku politikoa.

Agidanez, diskurtso politiko zilegia eraikitzen zentralitearen jabe izan diren zenbait alderdi ez daude oso eroso egungo garaiotan, errezelo eta kohesioaren arteko oreka gaitza apurtzen sumatu baititugu, lotsagabe, hauteskunde sasoi luze, ia amaigabe, honetan. Migratzaileekin tematu da PP populismoaren aldaerarik itsusi eta arriskutsuenarekin. Baina, ikusten denez, aski ez ordea: euskaran, haren aldeko hizkuntz politikan aurkitu du urrezko beste pagaburu bat, arestian aipatutako inposizio eta enplegu ebasle aurreiritzietan bermatuta. Mamu gezurti horiek haizatu dituzte Javier de Andrés Arabako diputatu nagusiak eta Iñaki Oiarzabal kanpainaburuak, zabar, euskaltzaleei jendilaje esateraino.

Txarrena, ordea, kontu honetan ez daudela bakarrik, baizik eta, itxura batean, alai eta animotsu batu zaio PSE matraka berera. Euskara ez dakitenen —gazteleradun elebakarrak, eskuarki— eskuzabaltasuna goretsiz aritu da Idoia Mendia idazkari nagusia, euskararen auzia eremu intimokoa dela aldarrikatzen, eta inposizioaren itzala jendartera irristatzen. Ernesto Gasco Donostiako alkategaiak hartu berri dio lekukoa, kanpainan, beraz, bortitz eta baldarrago: folklorean eta hizkuntzan oinarritutako proiektu ideologiko etnikoa omen da Bildurena, eta irakaskuntzan aritzeko hirugarren eta laugarren hizkuntz eskakizunak bete behar direnez, irakasle mordoa errekrutatu ei dute beren kausarako... To eta no. Galdetu beharko genioke Gascori Espainiako herritartasuna lortzeko etsaminean gazteleraren ezagutza edo Fernando Alonso nor den asmatu beharrak ez al duen hizkuntzatik, fokloretik, etnikotik...

Nolanahi ere, kontua da maskararik gabe ari direla aurreiritzi eta mamuen populismo beldurgarriena astintzen. Eta euskaldunok, euskaltzaleok, tresna gabe bezala gaudela, batzuk beharbada haserre, bestetzuk aho zabalik. Oinarrizko hitzarmenerako garaia da: batzekoa eta marra gorriak finkatzekoa, politikeria utzi eta ikuspegi politikoz jokatzekoa. Migranteenean bezala, euskararen auzian ere oinarriak baitaude jokoan: demokraziarenak, pertsonon eskubideenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.