mikel elorza
ARKUPEAN

Anekdotatik haratago

2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Murphyrena ez, beste norbaiten Legea badago, zeinaren arabera, postu batean zure gaitasunen betetze erabatekora iristen ari zarenean, justu mugara iritsi aurretik muga bat gorago igotzen zaituzte. Hori politikagintzan areagotu egiten da, emaitza izanik agintari asko bere gaitasun-mailatik gradu asko gora egoten dela. Adibideak nahi dituenak, ministro zerrendak errepasa ditzala. Zenbait epailek ere meritu handiak eginak ditu disparatearen olinpoan aulki nagusian egoteko.

Frantziako errepublikan ere gertatzen da, baina nago handiagoa dela ehunekoa Pirinioen hegoaldeko erresuman. Ez doa izaerarekin, hala ere, ez da DNA kontua: Frantzian ere astaputza gehiago ikusten da kuletoa baino, eta baita Euskal Herrian ere. Entrenamendu kontua da.

Eta ez dagokio eremu publikoari soilik.

Baina eremu publikoan... Tronu Demako bertsio espainolaren castingean onartu ez zuten gidoilaria, aurkeztu zirenetako baldarrena, azpikontratatu du, itxura batean, Espainiako Barne Ministerioak (joera nekaezina aitortu behar zaio departamendu honi España cutre-aren mitoa gizentzeko, alajaina), eta herenegun ikuskizun aparta eskaini ziguten Huelvan, Kordoban, Guadalajaran... Erresumako hainbat lurraldetan tropak desfilatzen, herritarren biba eta oihu artean, bandera gorri-beilegiaren haizea lagun, «¡A por ellos!» eta «¡Dales caña!» gerra-garrasiek akuilatuta, Bartzelonako burdinazko tronua konkistatzera. Ikuskizuna zirraragarria da, inondik ere, une gorenak ere badauzkala: «¡Viva la Policía!» oihuka herria. La Roja-ko suporterrei ez dakit, baina niri barrea ebasteaz gainera bizkarrezurra zurrundu ere egin zidan, zeren eta polizia eta guardia zibilak dira eta ez doaz ez misio humanitarioan ez conga dantzatzera (oihu hori dela-eta erne, Katalunian ere mossoen aldeko oihuak ez ote diren entzungo luze gabe).

Espainia ez da hori, jakina. Beste asko ere bada Espainian, erabat bestelakoa.

Baina horretatik ere badu, eta nik hasiera batean anakroniko eta moztzatjotzen ditudanak, gidoilari baldarrak, akaso gu listo modernook baino azkarragoak dira. Zumea ondo ezagutzen dute, eta badakite nola landu, saskia ez, alfonbrak astintzeko pala egiteko. Horixe tokatzen baita orain, euren ikur eta aldarrikapenekin kaleak beteta dituzten katalanei errepresio-neurriek duten herri-babesa ere erakustea. Herri ahari-buruak (trikorniodunak), herri harresien aurka.

Eta horrekin batera doazen beste neurri guztiak, epaitegietakoak, gobernantzakoak, errepresio maila agintari gaitasunik gabeak baino azkarrago igoarazten ari direnak. Independentistak sortzeko makina dirudi batzuetan, eta guk sare sozialetan bromak egiten ditugu—txiste oso onak batzuk—, baina broma gutxi Madril-Bartzelona zubi ez airetakoan.

Hori bai: ia filologoak adina analista politiko dagoen herri honetan ona da berrestea inork ez dakiela igandean zer gertatuko den, eta are gutxiago astelehenean eta hurrengo egunetan.

Begia anekdotan jarri eta errepresioa ez ikustea egin beharko ez genukeen gauza da, baina onartu beharra dago anekdota batzuetan liluragarria dela: Bartzelonako portuko ontziarekin hasi eta Patrol pegataz tuneatuetara, ur-tanketatik hasi eta guardia zibilei egindako eskratxeetara... irudi askok Garcia Berlangaren film batekoak dirudite.

Gogoeta amaitzeko erreferentzia derrigor egin beharra neukan zazpigarren arteari, Zinemaldiak gure hedabideak okupatuta eta hankapean dauzkan egunotan—akreditazio truke salduta? ala beste zerbaitegatik da distirarekiko gure sumisioa?—.

Bide batez: Katalunian dabiltza Burgosen kuartel nagusietako bat duen Armadako tropak Madrilek aginduta. Hiru toki horiek batzen ditu gaurko datak. Balaz lotu ere. Gaur 42 urte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.