Xabier Mendiguren Elizegi.
ARKUPEAN

Ispiluaren aurrean

2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Aspaldikoa dugu jakin-mina: «Zenbat gara?» galdetzen zuen Benito Lertxundik, 1967an, duela mende erdi pasa, Abel Muniategiren hitzei ahotsa jarrita. «Lau, bat, hiru, bost, zazpi» erantzuten zuen gero, herri barruko zatiketaren kezka zenbakitan emanez. Urte asko pasa eta gero ere jakin-gose horrek egiten zigun ausiki: «Zenbat euskaldun ditu gaur euskal herriak?» botatzen zuen airera Joseba Tapiak, Koldo Izagirreren ziriak kanta bihurturik, «Ez lirateke gutxi balitu erdiak».

Joan den astean publikatu zen Siadecok Elkar fundazioarentzat egindako ikerketa baten emaitza, euskaldunon kultur kontsumoko ohiturak aztertzen dituena. Datuak kaxkarrak zirela-eta, harritu egin ziren asko. Ni horien harridurarekin harritzen naiz, zinez uste baitut datuak errealitatean askoz txarragoak direla ikerketa horrek dioena baino. Euskaldunon (euskal hiztunon) ia erdiak euskarazko musika kontzertuetara joateko ohitura omen dute azterketaren arabera. Benetan? Nire familian hasten naiz pentsatzen, eta horko kide gehienak uste dut behin ere ez direla euskal musikako emanaldi batera joan, bizitza osoan. Hirutik batek erosten omen du euskarazko disko bat urtean. Zer? Uste duzue hainbeste disketxe itxiko zirela hirurehun mila pertsonak urtean gutxienez disko bat erosi izan balu? Luze jarrai nezake, liburu-erosleekin, kazeta-irakurleekin... baina ez dut halakorik egin nahi, populazio-lagin bezala nire sendia erabiltzeak ez baititu oso leku onean utziko nire etxekoak, eta hortik kanpo nire usaimena (edo irudipena, edo urte askotako eskarmentua) beste daturik ez baitaukat kontra egiteko. Eta ez dut uste ikerketa gaizki eginda dagoenik: besterik gabe, norbaiti zuzenean galdetzen bazaio zenbat euskara egiten duen, zenbat sexu praktikatzen, zenbat diru ematen ongintzazko ekintzetarako, erantzuleak beti dauka joera kontziente edo inkontzietea errealitatean den baino ederrago (konprometituago, guaiago) agertzeko.

Ez ote dugu obsesio antzeko bat inkestekin, zenbakiekin, estatistikekin? Goranzko grafiko batekin irudikatu nahiko genuke euskaldungoaren martxa, gure belarriek esaten digutena oso bestelakoa delako, beharbada. Ez dut esan nahi kopuru demografikoei kasurik egin behar ez diegunik. Oso zaleak baikara dilema esklusiboetarako: kantitatea ala kalitatea hobetsi behar dugu? Sedukzioa eta estetika erabili behar dira jendea euskarara erakartzeko, ala indarra eta hertsapena? Zer da hobea: denok euskaraz jakitea erdipurdi bada ere ala gutxi batzuek ondo eta suelto egitea?... Aita ala ama, nor maite duzun gehiago galdetzea bezain absurdoak dira halako planteamenduak, erantzun bakarra eman baitaiteke gure kasuan: biak!

Inportanteena, nire ustez, errealitatea ez faltsutzea da. Euskaraz jario onarekin, adierazkortasunez, trabatu gabe, ahoz zein idatziz eta erregistro xehe nahiz jasoan jarduteko gauza direnak (Bernardo Atxagak realeuskaldun uste dut deitzen ziela) ez dira seguru asko erroldan euskaldun gisa sailkaturikoen laurdena izatera ere iritsiko. Horrek ez du esan nahi erraztasun gutxiago dutenak, motibazio gutxikoak, alfabetatu gabeak edo euskalduntze bidean daudenak kontuan hartu behar ez direnik herria euskalduntzeko estrategian. Baina behartu gabeko kultur kontsumitzaile ohiko izateko, ezinbesteko baldintza da, nik uste, euskaldun osoa izatea. Horretaz ez konturatzea, ispiluak erakusten digunari ez ikusi egitea da, edo solitarioan tranpak egitea.

Eta ispiluak zer dioen bezain inportantea, nora goazen jakitea. Pixka bat es mucho lelo polita izan zitekeen zerbait dakitenak aktibatzeko eta motibatzeko gehiago jakitera eta egitera. Baina ez bide erdira ere iritsi ez direnak bertan goxo gera daitezen, beren apur hori aski delakoan. Guk askoz gehiago nahi eta behar dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.