Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Beso zabalka

2018ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Esateko modua da: erakargarria, baina ez guztiz zuzena. Izan ere, Open Arms izena aukeratu zuen taldeak ongi jakingo zuen ez zela horrelakorik jazoko Europa zaharrean; ez genituela beso zabalik hartuko Mediterraneo itsasoaren erdian noraezean dabiltzan gizon, emakume eta haur horiek guztiak. Ez zen sobera bizkorra izan behar ondorio horretara iristeko: ikusiak genituen zantzuak, telebistak erakutsita, ilara luzeak ikusi genituen portuetan, ilara luze edo ia amaigabeak metalezko hesien inguruetan, non jende-saldoak pilatu egiten baitziren funtzionarioen aurrean, eta han alferrik erakusten zituzten eskuetan oratuta, salbaziorako ohol irrigarrien gisan zeramatzaten paper-zati txiki batzuk, behin herritik aterata hutsa balio duten nortasun-agiri eta pasaporteak.

Esango nuke, bada, ez zutela izen hori, Open Arms, gugan pentsatuta margotu itsasontzi handiaren albo banatan. Izatekotan, gomazko gabarratan pilaturik, gose, beldur eta egarri datozenek ikus zezaten jarriko zuten, asmo onez, gainera: barne-ilunpetik ateratzeko moduko ikuskizuna izango da norbaitek besoak zabalik eta goxo hartuko zaituela irakurtzea letra handietan egoerahorretan, laster ezabatuko den hauts-maluta bat zarela dakizunean. Esateko modua da, badakizue.

Italiak Kataluniako taldearen itsasontzia lotzeko agindua eman du aste honetan, legez kontrako pertsonen trafikoa sustatu eta sare kriminalei laguntzen diela salaketa eginda.

Gertatutakoaren berri zabaldu orduko, baina, gobernuz kanpoko erakunde honen kontrako erasoa ulergarriago egiten duten irudiak hedatu ziren sare sozialetan eta komunikabideetan. Den-dena geure begien aurrean gertatzen denean, klik bakar batez munduko beste puntan jazotakoa ikusgarri dugun garaiotan, zaila da titulu potoloen atzean datzan miseriaz ez jabetzea.

Kataluniako Open Arms erakundea bakarrik geratu zen joan den udan Mediterraneoan, eta bere itsasontziak lotuta jarraitzen duen bitartean, ez da argirik, ez da laguntzera joango den beste inor geratzen. Bertan ziren beste erakunde humanitario guztiak joan ziren, edo zehatzago esanda, kanporatu egin zituzten. Ezin onartuzko baldintzatan, susmopean lan eginarazi zituzten, etengabe mehatxatuz, ez hitzez bakarrik. Italiako fiskaltzak itsasontzia lotzeko agindua eman duen autoan jasotzen duena zuzena da, behingoz, eta agerian uzten du gertaturikoak piku egiten dela zornaturiko zaurian. Zera dio autoak: Ā«erakundeak migratuak Italiara eramateko borondatea zuen, eta nazioartean adostutako prozeduren kontra egin du, uko egin baitio Libiako agintarien esku uzteariĀ». Eta egia da. Uko egin diote basakeria eta inolako bermerik eskaintzen ez duten agintarien esku uzteari, itsasoan erreskataturikoak lehorrean kondenatzeak ez baitu zentzurik.

Atzo, gaur eta bihar, ez da argi-izpirik ikusiko itsasoaren erdian; atzo, gaur eta bihar, bakarrik eta noraezean mugituko dira, astiro edo bortizki, jendez lepo datozen gabarra horiek. Lekukorik gabe, emakume, gizon eta haur horiek guztiak honezkero desagertu direla esan dezakegu. Esateko modua da, badakizue.

Ahalegin kontzientea behar da ez jakiteko. Nahita beste alde batera begiratu behar baita mundua hankaz gora jarri dugula ez onartzeko.

Agian, horretan datza gakoa. Martin Caparros idazle eta kazetariak dioen bezala, ez dugu jakin nahi. Gehienez ere, informatuta egon nahi dugu, eta hori, askotan, jakitearen kontrakoa da. Ezagutzeak denbora behar du, borondatea, ulertzeko intentzioa eta konpromisoa eskatzen dizkigu eta hori ez da erosoa.

Erakargarria da, baina ez da zuzena Open Arms esanez promesa egitea. Bagenekien Europan ez genituela beso zabalka hartuko, baina nork esango zuen basakeria honen aurrean besoak antxumaturik geratuko ziren konplize bihurtuko ginenik? Tira, esateko modua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.