Irailaren 24an abiatuko da OLBEren denboraldi berria, bost titulurekin

Sustrai klasikoenetatik XX. mende hasierara arteko igaroaldia eskainiko du Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak 71. denboraldian

Cesidio Niño eta Juan Carlos Matellanes, atzo, Bilbon, OLBEren denboraldi berriaren aurkezpenean. LUIS TEJIDO / EFE.
Erredakzioa
Bilbo
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Erromantizismo garaian inspiratuta, baina lehenagoko zein aurreragoko garaietara zabalduta. Hala prestatu du OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak denboraldi berria, 71.a. Irailaren 24an abiatuko dute, askotariko jarduerekin; nagusiki, programa artistikoa Euskalduna jauregian eskainiko duten bost tituluek eta Arriaga antzokirako prestatu dituzten lau ikuskizunek osatuko dute. Denboraldi berria iragartzearekin batera, eta hamasei urteko jardunaren ostean, Tutto Verdi proiektuari amaiera ematea erabaki dutela ere iragarri du elkarteak.

Denera, haurrei zuzendutako saioak barne, 44 emanaldik osatuko dute 71. denboraldia. Eta horien artean bost konpositore entzutetsuren lanak izango direla nabarmendu dute arduradunek: Verdi, Bellini, Donizetti, Mozart eta Puccini. Haien eskutik helduko dira, bada, besteak beste, errepertorio italiarreko Tosca, Cosi fan tutte eta Il Trovatore izenburu entzunak, eta hain ohikoak ez diren I puritani eta Anna Bolena obrak. Azken hori, Donizettirena, OLBEk sustatutako nazioarteko ekoizpen bat da, eta azaroan estreinatuko dute, bost interprete aupaturekin: Angela Meade, Daniela Barcellona, Sergio Escobar, Claudio Segura eta David Lagares. Haiekin ariko dira Bilboko Orkestra Sinfonikoko eta OLBEko Abesbatzako kideak ere, Daniel Orenen zuzendaritzapean.

Orenekin batera, hain justu, Giacomo Sagripanti, Jordi Benacer, Oliver Diaz, Pedro Halfter eta Francesco Ivan Ciampa zuzendariek ere hartuko dute parte denboraldi berriko saioetan.

Juan Carlos Matellanes OLBEko zuzendariak «zirrara eta ugaritasuna» azpimarratu ditu eskaintza berritik, eta hezkuntza zentroekin elkarlanean egiten ari diren lana ere ekarri du gogora. Azaldu du, halaber, elkartea politika berriak garatzen ari dela sarreren prezioa ez dadin «eragozpen bat» izan publikoarentzat saioetara hurbiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.