Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Lanbroa ari du

2015eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Udazkenak kolore-aldaketa ugari izaten ditu geurean. Ilunetik distirara igarotzen dira egunak, gero eta laburragoak, gero eta hotzagoak. Ilunabarretan gorrizta nagusitzen da oskarbi denean eta goizaldetan behe-lainoak eta lanbroak hartzen dituzte etxe inguruko bazterrak. Bailara ia desagertzeraino eramaten du goizeko lanbro itxiak. Orduek aurrera egin ahala eguzkiak bere lantxoa egingo duela jakin arren, lehen orduetan behean itsasten den lainoak geruza trinkoa ezartzen du, den-dena estali egiten duena. Behinola, bertara etorritako adiskideak etxe pareko baso-zatian galdu zitzaizkigun lanbro itxiko goiz baten; harritu egin ziren ohiko paisaia fantasmagorikoa begitandu zitzaielako, guretzat, ohituraren ohituraz, ia ikusezina dena. Udazkenak berritu egin dit adiskide horiek azaldutako harridura, egunotan erreka-lainoak eta lanbroak paisaiak desitxuratu egiten dituztelako. Eguneroko bidea erabat ezaguna ez balitz, gu geu ere galduko ginatekeela pentsatu dut, lanbroaren erdian ertzak lausotu egiten baitira, eta argi egiten diguten xehetasunak ezkutatu.

Udazkenarekin, lanbroa ari du EAEko Alderdi Popularraren ingurumarian. Aurreko asteko gertakariak fantasmagorikoak irudituko litzaizkiguke, politikak harritzeko gaitasuna apurretan utzi izan ez baligu. Ika-mika ez da batere berria, aspalditxo baitzebiltzan bertako popularrak nora jo gaberik, karta-jokoan txikira edo handira jokatzeko aukera garbia egin ezinda edo. Ez da erraza ulertzea zeren peskizan ari izan den Alderdi Popularra Euskadin; buruzagiei entzunda, sinistu behar badiegu, behintzat, proiektu politiko propioa eta Madrilekiko menpekotasunik gabea atontzea zuten helburu, baina bolada luzea bada etxe barruko boterearen ogi-apurrak harrapatzeko lehia itxian zihardutela ematen duela. Batak ez du bestea kentzen, baina zaila da alanbrearen gainean ibiltzea luzaroan irrist egin gabe. Noizbait argitu behar zen jokoa, sinplifikatze aldera, politikakeriara ala politikara lerratu behar baitziren popularrak. Azken aste hauetako sainetearen atalak banan-banan ikusi eta gero, aukera bat eta bestea uztartzen zaila dela nabarmen geratu da, eta azkenik, argitu da auzia: niri behitzat, argi laga didate zein den egindako hautua.

Garai lanbrotsuak direlako? Zergatik orain? Azalpen bat baino gehiago du auziak, jakina. Abenduko hauteskundeek azalera ekarri dituzte aspalditxotik fondoko itsasoan zebiltzan marrazoen hozkadak; hautetsontzietara iritsi arteko aste hauetan ez da hau iragarritako borrokaren kronikan atal bakarra izango, nik uste. Lau urteko epean, botoen oparoalditik iragarpenen hutsaldira egin du jauzi Espainian, Katalunian hartutako jipoia bazter utzita ere, aitzakiarik gabea.

Ingurumaria horretan heldu zaio udazkena EAEko Partidu Popularrari. Bi milioi pasa hautesle dituen komunitateak boto gutxi ematen dizkio alderdiari, hauteskundez hauteskunde gero eta gutxiago. ETAk erraz jarri zion meatze txikitik urre hautsa eskuratzea gero Espainian etekina ateratzeko, baina hura ere agortuta, buruhausteak baino ez zaizkio heltzen «iparraldeko probintzietatik» (sic).

Unerik txarrena, lanbrotsuena, aukeratu du Arantza Quirogak ohiko bideetatik ateratzeko keinuak egiten hasteko. Duela urte batzuk izendatu zuten, poetak zioen moduan, «laino artean kapitain», etxe-barruko borroketan etsai gutxien zituen hautagaia zelakoan. Jakingo ote zuen abantailatsu suertatu zitzaion egoera horrek bazuela atzealdea? Politikan, maiz, etsai-kopuruarekiko proportzionala izaten baita adiskideen taldea. Orain badaki, ederki jakin ere.

Dimisioa eman du, baso lanbrotsuan astebete galduta ibili eta gero. Udazkenak kolore-dantza izaten du gurean, eta Partidu Popularrean ilunetik beltzera jo du. Ohiko bide fantasmagorikoetan barrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.