mikel elorza
ARKUPEAN

Ez egin negarrik

2015eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Garaiak edo eguraldiak hartaratua izango da, baina jendea oso gaizto dabil. Agintari izateaz baliatuta eta, batez ere, agintariaren lagun edo senide izateaz baliatuta gizendu direnen zerrenda handia da, bai, oso handia eta handia ez ezik ospedunezbetea aspaldian, eta espetxeak gorbatadunez gero eta josiagoak daude —gaizkile arruntak kexu omen dira, tokia kentzen ari zaizkiela trajedun hauek guztiak—, baina ez da zilegi hori oinarri hartuta orain agintari denak jopuntuan jartzea, jarduera publiko guztiak zalantzan jartzea, horretarako benetako froga-elementu edo ezagutzarik izan gabe. Hiriko izeneko proiektu horretan diru publikotik ateratako hemezortzi milioi euro jorratu dituzte, bai, eta azkenean autorik ez da atera, bai, baina emaitza al da ba kontuan hartu beharreko gauza bakarra? Ez al zen, bada, bidea inportantea? Kultura eta batez ere euskarari makina bat diru eman izan zaio, ematen zaio, eta non dira emaitzak? Nori eskatu behar zaizkio kontuak?

Euskaldundu al dugu herri hau? Ez. Ez dugu euskaldundu eta gainera euskaldunek berek borondate askirik erakutsi ez dugulako, besteak beste. Artzek idatzi eta gure hormak apaindu zituen esaldiarekin ez gaitezela ahaztu akordarazi digute, gugan dagoela arazoa, euskaldunongan, gure artean zinez ez dugulako erabiltzen euskara. Gure artean espainolez aritzen gara baina medikuarengana joan edo ertzain batekin topo egiten badugu orduan egoskor jartzen gara euskaraz egin diezaguten. Beste batzuek aspaldi jarria zioten horri izena: borroka-tresnatzat erabiltzen dugu euskara, elkarbizitzarako beharrean.

Hemen BERRIA-n aste honetan bertan irakurri ahal izan dugu gutun bat, herritar batek Irunen udaltzainekin eta ertzainekin izandako abenturez, berak euskaraz egin ziezaioten nola egoskortu zen, telefonoaren beste aldean zeukan funtzionarioaren hizkuntz askatasuna errespetatu gabe, temoso euskaraz, eta harritu ez ezik ernegatu egin zen deia moztu ziotelako! Seguru telefonoa eskegi eta espainol cervantestarrez komentatu ziola gertatutakoa bere bikoteari.

Bikoterik baldin badu! Halako izaera itxi eta gaiztoarekin ez baita batere segurua, kontrakoa baizik: bikotekiderik ez edukitzea normalagoa litzateke. PSEko gazteek ere aste honetan jarri diote txapela gai horri —txapela baino kapelua, bixera, buru-estaltzaile ez-etniko bat—. Ohartarazi baitigute zein gaizto hartzen ditugun erdaldun elebakarrak, erabateko diskriminazioz. Arrazoi dute: gure jarduera gehienetan euskaldunok ele bietan edo hirutan egitera iritsi gara —lanean, kantuan, antzerkian, liburugintzan…— eta anaidi ezin egokiagoan ibiltzen gara euskaldun eta erdaldunok batez ere kultura alorreko sarao-etan, baina gero, distantzia motzenetan, banan-banako horretan, batzuk egoskortu egiten dira euskaraz egiten. Parekoaren askatasuna urratuz. Eta horixe da balio gorena gaur egungo gizartean, ez dezagun ahaztu: norberak nahi duen hizkuntzan jarduteko askatasuna.

Azken asteetan gehiegitan suertatu zaigu hizkuntzarena hizpide, eta ez onerako. Herenegungoa dugu azken berria, ordea, positiboa, Nafarroako Euskararen Legearen erreformarena, eta horiek ere agertu beharko ditugu, beti erosta jotzen ibili behar izan gabe. Arrazoi. Utzi behar diogu negar egiteari.

Egin behar dugu buila, eta zarata, eta orroa.

Txapelik gabe, bai. Baina baita bixera edo foulardik gabe ere. Edo guztiarekin, bakoitzak nahi duenarekin.

Norberak nahi duen hizkuntzan jarduteko askatasuna izan dezan. Euskaraz jardutekoa, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.