mikel elorza
ARKUPEAN

Lekuak egin eta kentzen

2015eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Ez neukan itxaropenik 2016ko Donostiako kultura hiriburutzak ezer handirik utziko zionik ez hiriburuari, ez probintzia nunquam superata-ri, are gutxiago Euskal Herriari. Bere garaian esan genituen esatekoak, kultur hiriburutzak, green kapitalek eta antzekoek zer izaten duten atzean, oinarrian: joan den osteguneko aitaren egunaren tankerako zerbait da, baina handiagoa, hiri bati dagokio, eta komunikazio gabinete moderno batek antolatuta.

Hori bada, ez niola kulturaren lurra ongarritzeko ahalmen handirik ikusten inbentoari. Lorerik bai. Izan da eta izango ekitaldi mordoa, jendearen ikusgarri, gozagarri eta haietan parte hartuko duten sortzaileentzat pozgarri, sortzaileak horixe behar baitu, sortzen duena erakutsi eta partekatzeko abagunea. Kontua da sortu ahal izateko baldintza egoki eta duinak eta iraungo dutenak ere behar dituela, eta horri ez dio egingo, ene ustez, ekarpenik ebentoak. Kontsumoa da, ikuskizuna, gutxiago sormena, zimenduak.

Ordea, kultura ekoizpen edo sorkuntzan edo ikuskizunean baino, bestelako uretan dabil orain ere hiriburutzaren barkua, olatuek gogor astinduta. Gaztari orok kendu nahi izan dio zatitxo bat, eta ez dago denentzat, eta batzuek gehixeago hartuko dute eta… hortxe ikusten dut azken xextraren funtsa: gaztaren partiketan. Kultura alorreko arrangura gutxi, ezpada kudeaketa alorrekoa. Gure gramatikak aspaldi erakutsi ziguna: nork nori zer.

Eta horixe da, hain zuzen ere, nik espero izan gabe hiriburutzak utziko duena: hasieratik bertatik egitasmoaren ez inguruan, gunean baizik, izan den lehia, polemika, zalaparta. Ez, ordea, gure balioak eta barrenak hankaz gora jarri dituen artelan zirikatzaile polemikoren batekin, baizik eta proiektuaren zuzendaritzan izan ditugun borroka performance-ekin.

Kulturarekin zerikusirik ez duen asunto bat!, pentsa genezake, baina badu, horixe baduela, kultura diruen banaketarekin zerikusi zuzenean jarria daukagun unetik beretik.

Polemikaren oihartzunaz gain, besterik ere utziko duela? Izango dugu ekimen eta proiektu interesgarri batzuen akordua, eta kulturgile batzuei balio izango die dauzkaten egitasmoak gauzatu ahal izateko, baliatuz ohi baino diru gehiago izango dela. Eta hori berez ez da txarra, beti da hobea kultura egitasmoetan izatea aurrekontuetako gainkostuak —gabinete eta managerrengana ez badoa, bederen— AP-1eko obretan baino (kulturaren alorrean ere izaten da lagunaren patrika gizentzen duenik; baina diru gutxiago izaten da eta, bestean ez bezala, derrigorrean gizentzailearentzako bueltarik izan gabe).

Badakit itsasontzia ere geratuko dela, antigoaleko moldean egindako ontzia. Albaolako jendearen lana asko estimatzen dut baina, zer esango dizuet, Erdi Aroko galeoi bat… Makina bat ontzi, bakaladero, merkante eta beste egin dugu gerora eta, hortxe dugu borroka latza, gure astilleroek ontziak egiten jarraituko duten; baina ezin diogu eutsi iraganaren tirainari, hemen ere: gure kultura antzinakoa, eta historia eta hizkuntza zahar hau… Denok dakigun arren iragan gloriosoenak ere ez diola euskal kulturari deus bermatzen. Egiteko daukaguna, horixe dela erronka.

Bidegiko kontuak direla-eta Gipuzkoan «matonismo politiko» hitzak aditu ditugun asteon, gure ordezkariek hauteskundeei beha dagoeneko galtzerdian gordetako aiztoak ere atera dituzten honetan. Kulturaren alorra ere busti du metal hotsak, eremu horretan formak gehixeago zaintzen badira ere. Koldo Izagirreren ideia, kultura besteari lekua egitea dela, gogorarazi digu Lorea Agirrek lehengoan. Nire luzapena: kultur politika, berriz, besteari lekua kentzea (lagunari emateko). Aspaldian hala dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.