Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Idiotak

2017ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Testu hau beste modu batekoa zen atzo goizean. Tesia berbera izanik ere, beste patxada bat zuen hitzen jarioak, eten ia estilozko batzuk bazituen, irakurketa errazteko baino gehiago, neure buruari patxada apur bat emateko balio zutenak. Alferrik,baina.

Izenburuari eutsi diot: halaxe jarria nion atzoko Guardia Zibilaren operazioa baino lehen ere. Hitz horrek, beste adiera batez nagusitu bada ere, jatorrizko grezieraz afera publikoez batere ardurarik ez zuten herritarrak izendatzen zituen. Kataluniako herritarrek argi eta garbi erakutsi dute ez direla idiotak, ohartu baitira aukera dutela aldea egiteko, erabakitzeko, emandako baldintzak aldatzeko. Eta aukerari eustea erabaki dute, soilik bere eskubideez eta bere buruaz jabe diren herritar helduek egin dezaketen moduan. Ez dira gisa honetako egokierak egunero suertatzen, eta askorentzat, nire belaunaldikoentzat, adibidez, bizitzan lehen aldia eta ia azkena izan liteke.

Juan Jose Ibarretxe eta Saramagoren arteko hartu-emanez, Pilar del Rio idazleak zera zioen aspalditxo: «Sinplifikatzaileen tribua izango da Lurra izeneko gure planeta honetan triburik handiena. (...) Sinplifikatzaileak izaki batzuk dira koloreak eta xehetasunak bereizten ez dakitenak, omenka mintzo direnak beti, dogmak gosaltzen dituzte eta, afaldu, besteen manerak imitatuz afaltzen dute». Lehendakariaren memoria politikoak biltzen dituen Geroa gurea da (Koldo Ordozgoiti, Alberdania2010) liburuaren aitzin-solasean dator aipua.

Sinplifikatzaileei ez zaizkie ñabardurak gustatzen, zuria eta beltzaren artean ere kosta egiten zaie maiz non dauden erabakitzea. Sinplifikatzaileek idiotak behar dituzte inguruan, lar nabarmenduko ez badira. Erraza da batzuk eta besteak dagokien tokian jartzea, eta zailtasuna duenak erabil dezake, esaterako, Xenpelarren legea: sutan jarrita ikusten ari gara nolakoak diren eltzeak.

Oso kalitate eskaseko agertu da Espainiako demokrazia auzi politikoaren sugarretan jarri duen eltzeari begiratzen badiogu. Bide errazetik jo du: indarraren bidetik. Guardia Zibila bidali du, herritarren ordezkariak atxilotu ditu, inprentak behatu ditu, komunikabideak kikildu nahi izan ditu. Epaileak eraman ditu, ekinbide politikoa legez kanpokoa dela berrestera, herritarrek hautaturiko alkateak ohartaraztera, eta herritarrek antolaturiko ekitaldiak galaraztera. Eta sinplifikatzaileek maiz egiten duten bezala, aukera bakarraren falazia saldu dute, zeinaren arabera, bide bat eta bakarra besterik ez dago bi punturen artean. Zuzen zegoen Del Rio, eta are gehiago, denborak erakutsi digu tribu horrek ugaltzeko ikaragarrizko (ikara berbaren adiera zabalean) gaitasuna duela, bazter ia guztiak mendean hartuta dauzkala esan daiteke eta.

SPP beharko luke Espainiako gobernuan buru den alderdiaren izenak: Sinplifikatzaileen Partidu Popularra. Izenak errazago emango luke horrela izanaren berri, inor ez engainatzeko moduan, azala eta mamia bat eta bakarra baitira. Kataluniako prozesuak oso agerian utzi du nortasun-zeinu hori, baina ez da hau lehen aldia, eta esango nuke ez dela azkena izango. Irtenbide zaila du auziak, esan gabe doa, eta aukera galdua izango da, politikak berez duen konplexutasunaren didaktika apur bat, apurtxo bat behintzat, egiteko baliatzen ez bada. Kontrara, sinplifikatzaileen tribuak esaldi bakarreko sententzietara eraman du auzibidea, herritarrak idiotatzat hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.