Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Erotu al da mundua?

2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Albisteen zaparrada bizi-bizi dator. Piztu irratia, jarri telebista. Di-da batean mundu osoari errepaso egiten zaio. Minutu pare batean, hirutan akaso. Gaur, bihar, etzi. Atzo ere berdin, baita herenegun ere. Hau ez dago gelditzerik. Erritmo ikaragarri azkarra ezarri da, batik bat ikus-entzunezko albistegietan. Sintesia behar da. Horrela da eta horrela izan behar da, gainera. Ados. Ez dago eztabaidatzerik. Kontua da, sarritan laburpen horietan ageri diren albisteen izaera hain da dramatikoa, hain da etsigarri, hain odolez tindatua... Jende askori segituan bururatzen zaio ondorengo galdera: baina mundua... erotu al da?

Behin baino gehiagotan entzun dudan iruzkina da. Etxean, kalean, lagun artean, baita unibertsitatean ere. Aldeak daude, noski, telebista batetik bestera. Baina hutsalkeriaren aldeko joera gero eta agerikoagoa da hango eta hemengo komunikabideetan. Tabloide britainiarretan oraindik ere hiru S famatuak jaun eta jabe dira: Sex, Scandal & Sport. Espainian S horiek C bihurtu dira (Dz. Nosty, 2016): crimen, celebridades, corazón.

Arazoa da joera horiek gero eta ohikoagoak bihurtzen ari direla komunikabide ustez serio diren horietan ere, baita hemengoetan ere. Esaterako, bereziki harritu ninduen ETBk Gabriel Cruz Almeriako umearen auziari emandako neurriz kanpoko trataerak. Ez nuen ezer ulertu. Umearen gorpua agertu zenean oihartzun mediatikoak eztanda egin zuen. Bat batean izena lerro-buru guztietan agertzen zen. Protagonista nagusia zen, baita bere aita eta haren bikotekidea eta gainerako lekuko edota informazio-iturriak ere. Baina lehendik ezer gutxi genekien kasuaz, ezta hamabi egun lehenago desagertuta zegoenik ere. Bat-batean, gugandik ia 1.000 kilometrora jazotako gertakari tamalgarri baten berri izan genuen detaile morboso guztiekin, baita lekuko eta agintari askoren malko, garrasi eta tokiz kanpo egindako adierazpenak ere. Ondorengo egunetan presio informatiboa jaitsi egin zen, baina agendan ardatz edo ildo markatu bat ageri zen: espetxealdi iraunkor berriztagarriaren beharra; hots, PPren agenda.

Kanpoko ogia etxekoa baino hobia aforismoak oraindik ere funtzionatzen du. Horrelakoetara ohituta gauzka gure telebistak: kanpoko harrabotsari segimendu akritikoa egiten zaio, Espainian horixe delako «trending topic», eta, bizkitartean, gure artean, Baionan, Zuberoan edo Tuteran izandako jazoerari ez zaio jaramonik egiten.

Kazetaritza egiteko modua ez da neutroa. Besteek egiten dutelako guk ere egin behar horrek, kalko horrek bere kostua dakar. «Besteak bezalakoak» bihurtzen gaitu, kuestionatu gabe eredu hori baliagarri edo baztergarria ote den. Balio batzuk transmititzen dira. Mamia eta azala; den-dena dago harremanetan. Irizpide garbien faltak eta arinegi jokatzeak ondorioak dituzte baita, sarritan, «istripu informatiboak» sortu ere.

Ez dakit mundua erotu den edo erotzeko bidean den, baina seguru naiz komunikabide nagusietan ezartzen ari den eredu horrek luzaroan jarraitzen badu denok axolagabeago eta bihozgabeago bihurtuko gaituela; oinazeari sorgor. Mundua ulertzeko eta interpretatzeko erreminta informatibo eta ideologikoak behar dira; esparru komunikatibo propioak sortu, alegia.

Gauzak ez dira berez gertatzen edota naturaren apetaz. Fenomeno konplexu eta poliedrikoenak ere esplika daitezke. Testuingurua behar dute, analisi lana, interpretazioa, ikerketa, azalpena; hitz batez, kazetaritza. Nork zer egin duen eta noiz jakitea ez da aski. Gertaera hori zergatik eman den, nola izan den eta nondik datorren galderei erantzutea behar beharrezkoa da mundua ulertzeko. Kazetaritzaren munduan guru larregi dago. Oraindik inork ez du salbamenaren giltza topatu. Dena den, nire ustez, kazetaritzaren geroa bermatzeko hiru gako, gutxienez, behar dira: injustiziaren aurrean haserretzeko ahalmena izan, jardunaren kalitatea ziurtatu eta lanbidea pasioz bizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.