Gaizka Aranguren.
ARKUPEAN

Osasuna, ikur hori

2015eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Isfahan Irango bigarren hiria da, Teherandik 340 kilometro hegoaldera. Bertako azokatik Iruñeko futbol talde nagusiaren elastiko gorriarekin bazabiltza, jendea euskaraz hasiko zaizu: «Osasuna! Osasuna!».

Ez dakite, berez, zer erraten duten, baina haien aberkide diren Jabad Nekounamek, Xojaei Maxoudek edo Karim Ansarifardek elastiko hori eraman dutela badakite, eta taldearen izena ongi aski ikasi dute. Bide batez, noski, edozein nafar, bereziki Garaikoa baldin bada, haien produktuetara erakartzeko lagungarri zaie.

Irango bigarren hirian Osasunaren ikurrak ezagutza hori irabazi badu, zer ez du ordezkatuko Nafarroa Garaian bertan. Edozein gizatalde identitarioren imaginario kolektiboan badira dir-dir berezia egiten duten erreferenteak eta, usu, futbol taldeek bereganatzen dute indar hori, bertzelako eremu labainkorragoetan joerak sakabanatzen direlako edo.

Erran izan da Nafarroa Garaian UPNko eta HBko bi lagun oihu bakarrean batu zitzakeen ikur bakarra Osasuna zela. Bertze elkargune batzuk egon badaudela ukatu gabe, argi dago Gaztelu Plazako taldea izan dela bilgune sinboliko nagusia, nahiz eta Osasunako jarraitzaileen ikonografia nafar euskaltzaletasun independentistatik hurbilago egon (harmailetako koloreak, kantak...) eta Osasunako zuzendaritza eta egituraren kontrola ia beti UPNren jarraitzaileen eskuetan egon.

Club Atlético Osasuna desagertze bidean dago uneotan. Horrek ez du erran nahi desagertuko denik, baina oso indartsua den zerbait beharko da gerta ez dadin. Azken hamarkadetan taldearen kontrolari eutsi diotenek itolarri ekonomiko erabatekoan, ohore zikinduaren orban tamalgarriz josita eta epaitegietako lokatzetan utzi dute Kluba. Bide batez, Foru Komunitate deritzogun Erkidego espainiar honetako biztanleon dirua erabili du urtetan Osasunako zuzendaritzak, NFKko Gobernuaren oniritziz, Espainiako Futbol Ligako lehen mailari eusteko (aurrekontu handiagoa eduki ahal izateko, Camacho entrenatzaile izan zedin edo partiduak erosteko). Etxean gertatzen denean azkura beti da handiagoa.

Eta orain zertan da Nafarroa Garaiko sentsibilitate oro biltzeko gaitasuna zuen ikonoa? Zer leku betetzen du eta, bereziki inportantea dena, beteko du Osasunak garaitarron iruditerian?

Triskantza ikaragarri honen lehen ondorioen artean, honako hauek nabarmendu daitezke:

a) Zuzendaritzetan ibili diren eliteek ez dute haien poltsikotik ezer ordaindu behar izan kontrolari eusteko. Argitzeko dagoena da ez ote duten Klubeko dirua poltsikoratu. Erraza litzateke orain erratea, bertzalde, Osasunako egituretan azken hamabost urteotan ibili diren guztiak ustelak direla, baina ez litzateke egia izanen.

b) Osasuna futbol taldearen jarraitzaile gehienek haien ikurrarekiko leial diraute; batez ere Sadar futbol zelaira hurbiltzen zirenek eta direnek eta, haien artean, bereziki, Hego Graderioko zale sutsuenek.

c) Osasuna, klub gisa edo, bederen, marka eta ikur gisa salbatzeko ahaleginik handienak oinarriko jarraitzaile horietatik dator. @cafekutz izeneko egitasmoa biltzen ari den ezinegona eta grina da Osasunari gelditzen zaion energiarik garbiena. Tamalez, ordea, energiarik garbiena ez da eraginkorrena eta boteretsuena izaten.

Aldaketa garaiak datoz. Aldaketa garaiak Nafarroa Garaian. Erreketeen laguntzaz, falangistek, frankistek eta oro har espainiar nazional-katolizismoaren ordezkari zuzenek eta haien oinordekoek kudeatu dute gure dirua, gure lurra eta gure bizitza publikoaren parte oso handi bat azken 80 urteotan. Aurreko 420 urteotan inperioarekin aberatsago egin zirenek halaxe egin zuten ere bai. Nafarroa Garaiko haizean usaindu daitekeen aldaketa lurrin hori Osasunara garaiz iritsiko balitz, orduan, agian, ikurra salbatuko litzateke. Agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.