Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Albisteen harian

2015eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Notizia ikusi egin nuen, eta irakurri ere egin nuela esango nuke. Letrak, behintzat, begien aurrean izan nituen, eta hizkiekin osatutako hitzak eta esaldiak ere oso-osorik pasatu zitzaizkidan. Gogoa, berriz, beste nonbait izango nuen, egunkaria ixtera nindoalarik atzera egin behar izan bainuen, Nazioarteko sailean Nigeriako berri lazgarria zekarren zokoraino. Gogoratu dut literatura maitatzen erakutsi zidan Jose Luis irakasle zaharrak esan ohi zuena: begiekin irakurtzen da, baina buruarekin sentitu.

Nahastuta nago. Ez dakit zein den honek guztiak eragin didan sentimenari dagokion berba: lotsa, amorrua, higuina, gorrotoa edo zein. Ez dakit nola esan noraino nahastu nauen basakeria horrek.

Bertan jarraitzen du notiziak, bertan jarraitzen dute aztoratu nauten irudiek: Boko Haram taldekoen atzaparretatik ihes egin duten neskatxa ia guztiak haurdun itzuli dira beren bahimendutik, harrera-gunean hartu dituzten begirale eta osagileek baieztatu dutenez.

Egia izan behar du, beraz, utzitako toki berberean jarraitzen baitu notiziak.

Egunkariaren lehen orrialdeak ez dakar horren berririk. Goizero eguneko albisteak edozein irrati-esatarik baino argiago laburtzen dizkidan kiosko lagunak ez dio aipamenik txikiena ere egin. Izan ere, Espainiako Lehen Mailako futbol-taldeko kirolari aberatsek greba egingo omen dute laster, eta horixe dabil, bolo-bolo eguneko prentsa erostera joan garenon artean.

Egunkariko nazioarteko saileko enegarren orrian, ordea, badator notizia, xehetasun gordinak barne. Beraz, egia da: gure interesa ahula da, ahula eta selektiboa, ahula eta zuria, ahula eta iragankorra. Gu guztiona.

Gogoratzen dut duela hilabete batzuk elkartasuna adierazteko deia egin zutela kausa humanitarioen aldarria erraz jotzen duten iritzi publikoaren tronpetariek. «Bueltatu neskak» zioten kartelak makina bat hizkuntzatara itzulita zabaldu ziren sare sozialetan, eta bahitutako neskak onik itzultzeko beren esku zegoen guztia egingo zutela agindu zuten nazioarteko erakunde ahalguztidunek. Neskak itzuli dira, baina ez daude onik, eta ez dira sekula onik egongo. Notiziak bere zutabe bakarreko txokoan jarraitzen du egunkarian eta, beraz, egia da: gutxi axola digu geure eguneroko bizimodu erosoari gutxi, edo ia batere ez, eragiten dion dramak.

Testuingurua ez da apenas aipatzen behin eta berriro irakurri dudan paper-zatian. Nigerian izua zabaldu duen Boko Haram taldeak ez du nazioarteko hedabideen atentzioa izan harik eta bahiketa masiboak egiteari ekin zion arte, joan den urtean, udaberriarekin. Borroka latzak izan omen dira herrialde horretan, Iparra eta Hegoa, biak ala biak, mendean hartzeko. Hango basakerien berri gurera heldu zenerako, alta, Boko Haram ezaguna zen, besteak beste, sexu-esklabotzaren negozio zikineko estoldetan. Borroka ideologiko edo erlijiosoaren argudioa darabilte albistearen berri emateko, baina bitartean, milaka neska bahitu eta saldu egin ditu azken urte hauetan, gehienak Europa iparraldeko eta Amerikako Estatu Batuetako luxuzko prostituzio-sareen esku jarrita. Albiste gero eta txikiagoen letra txiki-txikiari erreparatu behar zaio horretaz jabetzeko, jabetu nahi izate aldera behintzat.

Nork erabakitzen du zer den notizia, eta zer aktualitateren ertzetako izkina ezdeusetan jasotzeko moduko gertakaria? Prentsa-askatasunaren Nazioarteko Eguna gogoratu genuenetik astebetera, burutik ezin kenduta dabilkit prentsa-arduraren eguna ez dela ospatzen, eta ez legokeela batere gaizki horren aldarrikapena ere geure egitea. Herritarrok ere badugu, geure hautuekin, isiltasun lotsagarri honetan geure erruaren partea. Guk guztiok.

Memoriak aukeratu egiten du bere barne-diskoan gordetzen dituen milaka datuen artean zer jaso eta zer ez. Erosotasunaren galbahetik iragazten dugu, dakiguna hezur-muinetan utzi arte. Deseroso eta bortitza gertatzen zaiguna zokoratu egiten dugu auskalo non, ahanzturan lurperatuta akaso. Edo Nigerian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.